Martxoaren erdin, gaua eta eguna berdin.

Oinlodia edo peonia etxerako eta leporako

Deabrua uxatzen du; Bizantzio bazeneko garaietatik dator oinlodiaren edo peoniaren (Paeonia officinalis) fama. Bakoitzak gure deabruak ditugunez, etxero beharko luke oinlodi bat behinik. Nik hiru ditut, zein baino zein ederragoa. Oraintxe daude loraldi betean; lore handi deigarriak zabaltzen dituzte, ederki ikusteko modukoak, baita urrundik usaintzekoak ere.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko maiatzaren 29a
Argazkia: Jakoba Errekondo SS-BY-SA
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Urte sasoi honetan gehien gustatzen zaizkidan loreak dira: haien koloreak, formak eta usaina. Zenbaiti kiratsa iruditzen zaio, baina makina bat lurrin egin da bere loreena antzeratu asmoz, idunak harrotzeko. Izan ere, usain kontutan peoniaren lorea isilkorra da, estaria du lurruna. Ezin da, gaur arte behinik, loretik lurrina erauzi. Oinlodiaren loreen lurrina lortzea etengabeko jarraibidea izan da aspaldiko lurringileen agendan. Itzalgaizka dabiltza, denak, beren formulak bakoitzak eta berdingabeak direlako ustetan.

Lorearen petaloak tindagai bezala erabili izan dira herenegunago arte; ez ziren merkeak izango petalo horiek emandako kolorea zuten marmeladak eta likoreak.

Sendalebar handia da. Izena ere hortik omen datorkio: Paeonia. Agi danean, Paeos mediku mitologikotik dator, zeinek landare horrekin Troiako gerrateko zaurietatik sendatu zituen Pluton eta beste jainkoak. Hostoak, loreak baina batez ere sustraiak dira sendagai. Sustrai lodikoteak ditu, janari erreserba handiak; hortik etorriko zaio, noski, “oinlodi” izena. Sustrai horien sakadari esker indarrean berritzen da udaberriero. Bada sineskeria bat jainkoen artetik datorrela eta ilargiaren emanaren ondorioz berritzen dela; gauez distira egiten duela diote, eta horrela uztak, abereak eta artzainak babesten dituela. Sustrai horiek lagunak ez dizkio kendu behar peoniari; estaltzen duen lurra kendu, lokarri bat sendo lotu eta txakurrari tiraraziz kentzea zen ohitura. Horretan ere ondo gurea, gizatiarra, gizontiarra den erantzukizunak saihesteko joera, eta txakurra errudundu!

Sustraien xerrak eta haziak hari batean sartu eta lepoko edo iduneko gisa janzten zuten epilepsiadunek, gaixotasunari aurre egiteko. Haurrek ere bazeramaten, hortzaldia suspertu eta mina arintzeko. Geurean agurtzak egiteko agurtza-aleak: uztail amaiera aldera biltzen ziren hazi biribil gogor gorri-beltzak. Txinan estatuaren lorea da eta emakumeen osasunerako landare egokienetakotzat jotzen dute: hilekoaren mina eta nahasteak, muskulu-karranpak, migraina arintzeko eta abarretarako erabiltzen da medikuntza tradizionalean. Aragoiko erreinu zaharraren ikurra ere bada; haiek ere zerbait jakingo zuten.

Beste uste oso ezagun bat ere bada: oinlodiak lorea irekitzeko inurriek bisitatu behar dute bere lore-begia edo pipila. Mito bat. Era guztietako intsektuak hurbiltzen dira lore-botoira, azpiko aldeko sepaloetan jariatzen duen nektarra biltzera, lipido, aminoazido eta eta beste osagai organikoetan aberatsa dena. Oinlodia etxe aldamenean ez jartzeko dio baten batek, inurriak ez erakartzeko. Nik halaxe jarri nuen bada bat, etxe barrenean topatuko duten janaria baino oinlodiarena gustukoagoa izango duten itxaropenarekin.

“Astolilia” eta “tulipa” ere esaten omen zaio oinlodiari. Nire ustez nahasita. Edo?

Inude landareak eta animaliok
2026-08-31 | Jakoba Errekondo
Elkarlana, elkarjana eta era guztietako trukeak dituzte gure paisaiako landareek eta animaliek. Elkarlanari “auzolana” ere esaten zaio, eta naturan ederki asko azaltzen da gure artekoak... (+)
AA ez, AB bai, Adimen Biologikoa
2026-07-27 | Jakoba Errekondo
Txakurrak? Noski! Behorrak? Bai! Zezenak? Nola ez ba! Arbolak eta barazkiak? Nola ba, txoratu egin al zara, ala! Gogoan al duzu 2020. urte txar hartan,... (+)
Arbolaren agoniaren distira
2026-07-20 | Jakoba Errekondo
Zisneak hiltzerakoan bere kantua erredoblatzen du”, itzuli zuen Aita Villasantek Axularren 1643ko Gero liburuaren 1964ko bertsioan. Ez dakit nola adieraziko zuketen ez batak ez besteak,... (+)
Beroari beroarena ezin kendu
2026-07-13 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzak ere erretzen ari dira aurten. Bero latzak egin ditu ekainean, izugarriak. Eta hilaren amaierarako azaldu dira erremediorik gabeko hondamendiak: belazeak hori eta landare asko... (+)
Uztailean hurrengo uzta
2026-07-05 | Jakoba Errekondo
Uzta nagusia biltzen zen uztailean, hilabete horri izen hori jarri ziotenean. Lurra lantzearen kultura ikasi genuenean nagusiki lantzen ziren mozkinak urte sasoi horretan jasotzen ziren,... (+)
gora