Abenduaren erdia gaua eta beste erdia besta.

Mikel Oterori erantzuna

Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako eraginik izan. Mikel Otero EH Bilduko parlamentariak honakoa bota zuen X sare sozialean: “Porcentaje de renovables en la generación eléctrica: Euskadi: 17% Reino Unido: 42% España: 56% Alemania: 60% Dinamarca: 81% Austria: 87% Suecia: 87% Noruega: 100% ¿Hace falta un croquis?”.

Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Lehenik eta behin datuen aurkezpen interesatua aztertuko dugu. Alde batetik, sorkuntza hidroelektrikorako eta itsas eolikarako potentzial oso handia duten herrialdeak aipatzen ditu, eta bestalde maila berdinean jarriz, Euskal Herria zatituta ageri da EAEko datuak bakarrik aurkeztuz. Arraroa benetan bere burua independentistatzat duen alderdi bateko kide izanik “berriztagarrien” afera banatuta aurkeztea. Hego Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartuz gero portzentaia %44,57koa da (REE datuak dira; ez dugu Iparraldeko daturik), Europako batez bestekotik oso gertu (Eurostat-en arabera, 2023an %44,7koa izan zen).

Bestalde, elektrizitatea makro “berriztagarrien” bitartez ekoiztearen beharra nondik datorren aztertuko dugu. Energia iturri “berriztagarrien” instalazio masiboa emateko beharra aztertzerako orduan hiru faktore bereizten ditugu: Europaren pobrezia energetikoa, industria militarraren gorakada eta digitalizazioa. Ezin dugu ahaztu Europan mundu mailako herrialde kapitalista indartsuenetarikoak daudela eta beste herrialdeekiko lehia geopolitikoaren testuinguruan ulertu behar ditugu hiru faktore hauek.

Pobrezia energetikoa bizi dugun krisi ekonomikoaren baldintza garrantzitsu moduan ulertu behar dugu, Europako herrialdeek ez dutelako modu autonomoan energia sortzeko ahalmen handirik eta horrek blokearen ahalmen autonomoa mugatu egiten du. Errekurtso energetikoen gaineko kontrol zuzena berreskuratu nahi du Europak, ez larrialdi klimatikoak kezkatzen duelako, gerra eta herrialdeen arteko tentsio gorakadarako prest egon nahi duelako baizik. Beraz, industria militarraren gorakada eta makroproiektu elektrikoen hedapena gaur gaurkoz, eskutik emanda doazen bi fenomeno dira. Industria militar garatu batek errekurtso eta merkatuen gaineko kontrola izatea ahalbidetzen du, gaur egungo potentzia nagusien lehentasunetako bat dudarik gabe. Digitalizazioa berriz, gaur egungo lehia kapitalistaren elementu zentrala bilakatu da, adimen artifizialaren (AA) garapenarekin ikusten ari garen moduan.

Digitalizazioaren fenomenoak elektrizitate eskariaren gorakada nabarmen bat dakar bere baitan eta makroproiektu elektrikoek neurri handi batean industria honen energia eskaerari erantzuteko asmoa dute.

Testuinguru honetan oso argi izan behar dugu ez dela posible industria militarraren eta AAren garapena ahalik eta gehien indartzea eta aldi berean deskarbonizazioa aurrera eramatea. Diskurtso hutsa besterik ez da. Beraz, testuinguru honetan makro mailako “berriztagarrien” defentsa aurrera eramaten ari direnek argi izan behar dute Europako hazkunde ekonomikoa eta bertako elite ekonomiko eta politikoen interesak defendatzen ari direla, bidean herritarron ongi izatea zalantzan jarri eta lurraren suntsiketa areagotzeko baldintzak ezartzen saiatuz.

Honen ondorioz, lurraren suntsiketa zilegiztatzen duten alderdiekiko oposizio gero eta argiago bat dago. Hori da joan den martxoaren 22an Gasteizko kaleetan ikusi genuena. 150 eragiletik gorak babestutako manifestazioa izan zen eta milaka eta milaka lagun atera ginen kalera, mezu argi batekin: "Euskal Herria ez dago salgai!".

EH Bilduk instituzioetan indarra hartzearekin, instituzio eta herri mugimenduen arteko diaologoak sarriago emango zirela ematen zuen, gai konplexuen erresoluzioetarako prozesu parte hartzaileen prozedura erabili ahal izango genuela. Oteroren jarrerak ordea argiki erakusten du eztabaidarako markoak ireki baino, itxi egiten dituztela, beraien bulegoetan adostutako posizio politikoak modu dogmatiko eta hierarkiko batean defendatuz eta herritarron ahotsei entzungor eginez. Bide beretik doa EH Bilduk Arabako bi udalerritan harturiko jarrera, Labrazan eta Arratzua-Ubarrundian makroproiektu eolikoak inposatzeko erabakia hartu baitu.

Argi dago krisi ekologikoari (ez soilik klimatikoari) aterabide bat eman beharra daukagula eta horretarako sakoneko transformazio politiko, ekonomiko eta kulturalak aurrera eraman behar ditugula. Bizi dugun prozesu suntsitzaileak ez du transformazio horren norabidea erakusten, horregatik Euskal Herria Biziriketik makroproiektu elektrikoen eta bestelako azpiegitura kapitalisten fartsa salatzen jarraituko dugu.

gora