Astelehenero 8:00etan zure epostan
Naturak baditu bere izakien artean migratze sena berez dakarten espezieak. Ez dute inongo behar berezirik, ez dabiltza gerra bati ihes egiten, ezta hobeto bizitzeko leku baten bila ere. Sortzearekin batera datorkie, ez dute piztu beharrik, ez dute inongo mafia zikinen beharrik bidaiari ekiteko, hegoek agintzen dute, aireak garraiatzen ditu.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Lepidopteroa / Sphingidae.
NEURRIA: 25-35 mm bitartekoa (hegoen zabalera handiagoa da sarritan).
NON BIZI DA? Mendietako belardi, soro eta bideetan.
ZER JATEN DU? Loreen nektarra.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.
Inoiz entzun eta ikusiko zenuen telebistan edo honen gisako aldizkariren batean Monarka tximeletaren lorpen aparta. Ez noa ni, orain, egia ez denik esatera, eta inongo meriturik kentzera, baina badira isilean, inongo ikustaldirik eman gabe, migrazio harrigarriak betetzen dituzten animalia “apalak”. Gaur horietako bat dator gure artera; beno, egia esan, aspalditik dago gure artean.
Bere irudi bereziagatik sarritan erle motaren bat delakoan hartu ohi du gutako askok. Jakina, hemen ez dago kolibririk eta! Baina, ondo behatuz gero, ezaugarri asko eta asko ez datoz bat erle edo hegazti ñimiño horien nolakotasunekin. Kolibri esfingeak lau hego ditu: aurrekoak grisak gainaldean marra ilun batzuekin, eta atzeko hegoak, berriz, laranjatuak. Pausatzen denean –uste baino sarriagotan pausatzen da, lurrean edo harri artean– atzekoak gordetzen ditu eta erabat kamuflatzen du bere gorputza. Antena luzeak ditu, eta pausatutakoan atzeraka biltzen ditu, bere gorputzaren kontra jarriaz. Espiritronpa oso luzea du loreen zukua bildu ahal izateko –bere gorputza bezain luzea ia–: hegan doanean bilduta eramaten du eta lorera hurbildutakoan luzatu egiten du, hegan ari den bitartean elikatzeko, ez baita pausatzen jateko garaian. Nahiz eta elikatzeko ez pausatu, polinizatzaile oso ona da, bere espiritronpak polen alez beterik maiz ikusteko aukera dugu. Bere hegoak ez dira oso handiak, baina segundoko 80-90 aldiz gora-behera egin dezakete, orduko 60 km-ko abiadura gauzatu ahal izateko. Bere gorputzaren amaieran luma txuri-beltz itxurako ezkatak ditu, eta badirudi ezkata horiek hegaldiaren orekan eragin zuzena dutela.
Bere bizimodua bere itxura bezain bitxia da. Egunez egiten du hegan, tximeletak bezala, baina sitsen artean (hau da, gaueko lepidopteroen artean) sailkatuta dago, bere familiako espezie guztiak bezalaxe. Metamorfosia osoa betetzen du, lepidoptero guztiek bezalaxe, eta emeek arrautzak banaka jartzen dituzte landareetan. Gure lurraldean urte osoa igarotzen dute, nahiz eta neguan hibernatu. Udaberrian, bizkortu eta hegan hasten dira. Bai hasi ere! Haietako asko Europa iparraldeko lurraldeetarantz abiatzen dira, milaka eta milaka kilometroko bidea betez. Lurralde hotz horietan, ordea, ez dute lortzen belaunaldi berririk garatzerik, eta hurrengo urtean konkista berri bati ekin beharrean suertatzen dira ondorengoak. Hego Europan, Afrikako iparraldean eta Asiako erdialdean bizi da urte osoan.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545