Batezkoz-beste, kukua euri eske

Lurraren defentsa aldarriak kalera atera dira Gasteizen

Maiatzaren 20an "Lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik" manifestazioa egin dute Gasteizen milatik gora herritarrek, euriaren mehatxupean. Amaierako mezuan zera adierazi dute: "Kezkagarria da ikustea gure lurraldera inbertitzaile handiak datozela ingurune naturala hondatzen jarraitzera, eta orain arte kontserbatu diren baliabide natural urriak lapurtzen segitzeko asmoz". Diru publikoa patrika pribatuetara "desbideratzen" duten politikarien jarrera salatu dute: "Politikari askok diote industrializazio proiektu handien aldean ingurune horien garrantzia eskasa dela eta ezkutatzen digute enpresa horiek direla, hain zuzen ere, politika suntsigarri horren onuradun bakarrak". Amaieran, proposamen politiko zehatzak egin dituzte.


2023ko maiatzaren 22a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Makroproiektuen aurka tokian toki lanean ari diren Euskal Herriko taldeek elkarrekin antolatu duten lehen ekintza izan da hau, eta herritarrak deitu dituzte "eskualdeko taldera batzera edo ez badago, sortzera". Antolatzaileekin batu da ARGIA manifestazio aurretik.

Hauxe da manifestazio bukaeran irakurritako adierazpena:

"Azken aldi honetan natur-guneak eta landa ingurunea industrializatuko dituzten azpiegitura berri ugariren eraso bortitza pairatzen ari gara. Guztiz kezkagarria da ikustea gure lurraldera inbertitzaile handiak, berriz ere, badatozela ingurune naturala hondatzen jarraitzera, eta orain arte kontserbatu diren baliabide natural urriak lapurtzen segitzeko asmoz.

Trenbide proiektu eta azpiegiturak; zentral eolikoak edota fotovoltaikoak –eta, noski, horiei dagozkien banaketa-lineak–; erraustegiak, negutegi industrialak eta animaliak hazteko ustiapen intentsiboko fabrikak. Euskal Herriko mapan, horiek guztiak agertzen dira; batzuk jada martxan dauden proiektuak dira, eta beste asko laster gauzatzekoak. Proiektu horiek eremu komunalak eta laborantza lurrak bereganatzen dituzte, gure lurraldea egituratzen duten eta bizitzari eusten dioten ekosistemen desagertzea ekarriz.

Proiektuon atzean asmo argia ikusten dugu: landa eremua eta bertako bizimodua apurka-apurka desegitea, gure mantenuaren oinarri diren komunitate txikiak eta baserriak desagerraraziz.

Manifestazio burua. Argazkia: Dos por Dos.

Enpresa handiek ezarritako ibilbide berbera eginez, politikari askok diote industrializazio proiektu handien aldean ingurune horien garrantzia eskasa dela eta ezkutatzen digute enpresa horiek direla, hain zuzen ere, politika suntsigarri horren onuradun bakarrak. Horrela, diru publikoa patrika pribatuetara desbideratzen dute. Halaxe xahutu da eta oraindik xahutzen ari da horrenbeste diru AHT-an, erraustegietan eta zabortegi industrialetan.

Halaber, kostako eremuetan gertatzen ari diren txikizioak direla eta –kirol-portuak, dike berriak, kostaldearen artifizializazioa, besteak beste– denon aisialdirako tokiak eta ingurune natural izugarriak harri eta porlan azpian betiko galtzen ari gara. Kostaldeko herriek beren xarma galtzen duten heinean, promotore eta inmobiliarien etekinak esponentzialki igotzen dira.

Gertatzen ari dena ez da lapurreta ekonomikoa bakarrik; proiektu horiek pertsonen osasunari ere egiten diote kalte. Hori gutxi ez eta Administrazioak lagundu egiten du legeria korporazio handi horien interesetara egokituz, eta baliabide publikoak eta espazio komunalak jartzen ditu haien esku. Horren adibide dira Tapia Legea eta Nafarroa Garaiko homologoa. Udalei eta kontzejuei beren lurraldeen gaineko erabakiak hartzeko aukera kendu eta haien subiranotasuna urratzen dute.

Argazkia: Dos por Dos.
Argazkia: Dos por Dos.
Argazkia: Dos por Dos.

“Trantsizio energetikoa” edo “deskarbonizazioa” bezalako terminoek beren esanahia galtzen dute egungo krisi ekosoziala eragin duten berberek behin eta berriz erabiltzen dituztenean. Jatorri fosileko energiaren ordez energia berriztagarria erabil daitekeela argudiatzen dute, inork beren merkatu-nitxo berria zalantzan jar ez dezan.

Merkatuaren logikak produktuen eta energiaren kontsumo neurrigabe eta zorora bultzatzen gaitu. Horren ondorio zuzena da transgenikoen inposizioa han eta hemen; zeintzuk mendekotasun berriak sortzen dituzten eta gure haziak askatasunez ereiteko gaitasuna kentzen diguten.

Baserri txikietako ereduaren desagertzea oso hurbil dugu. Lur emankorren erabilera aldatu egiten dutelako legez, eta etxalde txikiak baztertzen dira behin eta berriz. Baserriekin eta lurrarekin espekulatzeak era zuzenean egiten dio eraso herriaren elikadura subiranotasunari. Historian zehar, landa eremuaren ondarea eta jakintza jarri dira, behin baino gehiagotan, politika desarrollisten mende. Trukean, bertako biztanleek bazterketa latza jasan dute, nahita ezarria eta aurretik programatua.

Natur ingurunea eta laborantza lurrak mantentzea ezinbestekoa da bizitza bermatzeko. Horiek hondatuz gero, atzera-bueltarik gabeko ondorioak izango dituzte ekosistema naturalek, landa-eremuko ekosistemek, eta baita ekosistema sozialek ere. Hemen gaudenok ez dugu onartuko kontsumoa nabarmen murriztea eta produkzio sistema berregituratzea aurreikusten ez duen politikarik. Guk argi daukagu: produkzio sistema

ondasun komunala hobetzera bideratu behar da. Horregatik, natura benetan babestuko duen politika bat eskatzen dugu, gure habitata babestuko duen politika exijitzen dugu, inbertitzaileen diru goseari men egin egingo ez diona.

Argazkia: Dos por Dos.
Argazkia: Dos por Dos.

Energia eskuratzeko aukera unibertsala ekarriko duen politika nahi dugu: pertsona guztien beharrei erantzungo dien eredu energetiko deszentralizatu eta tokikoan oinarritua. Erabaki politikoek komunitate osoa hartu behar dute kontuan, eta erabakiak herritarrok hartu behar ditugu, ez kapitalak. Horregatik, garraio sistema soziala garatuko duten politikak nahi ditugu; eskala txikiko nekazaritza eta abeltzaintza ereduak sustengatuko dituzten politikak; energia berriztagarrien hedapena eta bioaniztasunaren kontserbazioa bateratuko dituzten politikak. Azken batean, natur-ondarea, arkeologia-ondarea, gizarte-ondarea eta kultura-ondarea kaltetuko ez dituen eredua ekosoziala behar dugu.

Euskal Herriko mendiak, natur guneak, landa eta kostako inguruneak ez dira kapitalak konkistatzeko espazioak!".

Argazkia: Dos por Dos.
Argazkia: Dos por Dos.
Lurra eta kultura ardatz dituen festa egingo dute Amillubin maiatzaren 16an
2026-03-31 | ARGIA
Hirugarren Udaberri Festa egingo dute Amillubi proiektuan, Zestoako (Gipuzkoa) Amilibia baserrian, "Lurra oinarri, utopien bidean" lemapean. Goizetik iluntzera iraungo duen egitaraua aurkeztu dute, hausnarketa, elikadura... (+)
4x09: Saguzarren misterioak | Naiara Corcuera (Naturtzaindia)
2026-03-23 | Bizi Baratzea, ARGIA
Ba al duzu saguzarrik inguruan? Atera berri dira lozorrotik eta kumeak jaiotzear dira... Izurriteak saihesteko lagun handiak dira, saguzar bakoitzak milaka eltxo jaten baititu gau... (+)
4x07: GARO EDO IRATZEAREN KULTURA... Etorkizunean ere erabilgarri | Iñaki Sanz Azkue
2026-02-11 | ARGIA, Bizi Baratzea
Iratzea edo garoa ongarri ezinbestekoa izan da baserri bizimoduan. Ez zegoen nahi beste, horrek gatazkak ekarri zituen eta udalek esku hartu behar izan zuten. Horregatik,... (+)
Putzua testu-liburu
Zaldibiako Lardizabal eskolan, ikastetxeko hezkuntza curriculumean dute txertatuta urmaelaren erabilera didaktikoa. Baina zer egiten dute eta zer ikasten duteikasleek putzuan? Bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu. Gidoia: Mikel Garcia... (+)
Zaldibarko alkate ohia inputatu dute, zabortegia zabaltzeko lanen berri ez ematea egotzita
2026-01-29 | ARGIA
Hirigintzari loturiko ustezko prebarikazio delituengatik inputatu dute 2011 eta 2018 artean EH Bildu ordezkatuta Zaldibarko alkate izan zen Arantza Baigorri, bi udal arkitekto eta idazkariarekin... (+)
gora