Artoa ereiteko San Isidroren astea; atzea baino aurrea hobea.

Jauzi handi bat, igel txiki bat salbatzeko

Orgiko basoan (Nafarroa) sartu gara gauez. Begiak ere ohitu egin behar iluntasunera eta, beltza zirudiena hasi da argitzen. Haritzak han eta hemen. Ederrak eta galantak. Zelaia da bidea, aldaparik gabea kasik. Parez pare goaz Alberto Gosá eta biok, senda estuan barrena, hariztiko isiltasunean, ilargipean ibiltzeak ematen duen sentsazio gozagarria gorputzean sartuta dugula. Alberto, erakutsi dakizun guztia, mesedez.

Iñaki Sanz-Azkue
Iñaki Sanz-Azkue

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2026ko azaroaren 16a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
BASO-IGEL JAUZKARIA (Rana dalmatina)

TALDEA: Ornoduna / Anfibioa.
NEURRIA: 65-80 mm.
NON BIZI DA? Urmaelak dituzten hariztietan, gune irekietan…
ZER JATEN DU? Ornogabe txikiak.
BABES MAILA: Europa mailan eta Hego Euskal Herrian babestuta dago.

Euskal Herrian baso-igel jauzkaria inork ezagutzen badu, hori Alberto Gosá baita. Arre koloreko igel txiki hau inork ikertu, jarraitu eta behatu badu urtetan, hori Alberto baita. “Baso-igel jauzkaria Europan oso zabalduta dagoen espeziea da, baina Iberiar penintsulan inguru honetan baino ez duzu aurkituko. Euskal Herri hegoaldean amaitzen da bere banaketa, eta hor oso bakana da. Leku konkretu batzuetan baino ez dago”. Isilik noa. Adi. Gure katiuskek lurra kolpatzean egiten duten soinua, gaueko hegaztien kantua eta Albertoren hitzak nahasten diren atmosfera berezi honetan.   
Eta heldu gara. Harizti azpian putzu bat, eta han, ez oso urruti, beste bat. Hau omen da sekretua. Europan bezala, baso-igel jauzkariak harizti putzutsuak omen ditu gustuko batez ere, haien ihiekin, ertzean ateratzen diren eremu hezeetako belarrekin eta basopeak eskaintzen dituen argi-itzalekin. Hemen, tamaina txikiko igel arre honek aurkituko ditu bere burua babesteko behar dituen sustraietako ezkutalekuak, orbelak eta egur hilak, bertan gordetzen diren zomorroekin ere gosea asetzeko. Inguru honetan, aurkituko ditu gustuko dituen urmael geldoak, negua amaitu aurretik arrautzak ureko belar finei heldu, eta poltsa borobil batean pilatuta, bertan uzteko, etorkizuneko zapaburuak noiz aterako. Baso-igel jauzkariak Euskal Herrian zerbait behar badu, etorkizuna delako.

Izan ere, baso-igel jauzkariaren populazioak ez dira oso zabalak Euskal Herri hegoaldean. Ugarienak Araban dira, isurialdeen banaketa lerrotik Kantabriako mendilerrorainoko eremuan, hariztietatik kanpo kasu honetan, gune irekietako urmaeletan. Nafarroan, Iruñeko arroan, Ultzama eta Sakana inguruan eta Bizkaian, Urduñan eta Otxandion. Izan dira beste hainbat lekutan ikusi dutela esan dutenak, baina… Erne! Lehengusuen artean nahastu gabe: baso-igelak Euskal Herrian lau izanik, haien artean nahasteko aukera asko baitago: baso-igel gorria, baso-igel piriniotarra, baso-igel iberiarra eta… baso-igel jauzkaria. Zein da zein?

Alberto Gosá urmaelaren ertza inguratzen hasi da. Pauso motzak eginez doa, mantso. Argi bat du eskuan, eta begia egina gaueko iluntasunean linternak isurtzen dituen izpiek erruteetan egiten duten dirdirara. “Hemen bat eta hemen bestea: bi”. Eta pixkanaka, kontatzen hasi da, salto handi batek bere arreta deitu duen arte. “Heldu bat belar artean!” egin du oihu ahopeka, hariztia esnatu nahiko ez balu bezala. Hiru pauso gehiago eman, eta orbelaren eta belarraren arteko landaretzan ezkutatuta zegoen igelak are eta salto handiagoa egin du. Harrapatu dugu.

Albertok esku artean hartu du eta betaurrekoak sudur-puntara gerturatu ditu, ohi duen modura. Dibulgatzaile sena barruan darama: “Sabelaren alde bietara duen krema kolore hau ikusi, Iñaki, eta muturra zertxobait luzangagoa, baso-igel gorriak baino. Hankak ere, hala doblatuta [mugimendua eginarazi dio igelari], luzeagoak direla ikusten da”. Albertok zalantzarik gabe hitz egiten du. Espezie honen ikerketan sarturiko orduek ematen dioten ziurtasunarekin. Alberto Gosá da gure aditua. Gure maisua.

Klima aldaketaren aurrean, putzuak bakantzen joango omen dira, eta aldapa gabeko gune zelaiak urbanizatzeko edota nekazaritza partzela handiz betetzeko joerak freno askorik ez duela dirudi. Igelaren populazioak jada isolatuta daude, hein handi batean. Espezie bitxi eta isil hau gure biodibertsitatearen parte den heinean, administrazioa hasia da, halabeharrez, bere aldeko neurriak hartzen. Jauzia, ordea, handia izan beharko da igel txiki honentzat.  Harizpeko urmael ertzek jarrai dezatela salto handi horien gordeleku izaten.

Zure hitzek ere badute pozoia
2026-10-05 | Iñaki Sanz-Azkue
Goitik beherako begi-nini beltza, begi gorri baten erdian. Begira ari da. So. Erne. Miztoa airean duela. Prest. Gizakia, ondoan. Arriskutsua da. Gizakia, diot. Sugearentzat. Hala... (+)
Tximista belardian
2026-07-27 | Iñaki Sanz-Azkue
Suge gorputz kiribildu bat sumatzen da belar luzeen babesean. Argi-itzaletan ari da goxatzen, eguzkipean. Lasai dago; eroso, bere bizitokian. Baina amaitu da bakea. Gorputzak mugimendu... (+)
Bertako espezieak kobren eta anakonden itzalean
Euskal Herriko ikasleekin egindako ikerketa batek, gizakien eta sugeen arteko harremanari buruzkoak mahai gainean jarri ditu nazioartean. Erlazio horrek beti eman du zeresana, baina oraingoan,... (+)
Kantu bat ilargipean
2026-06-15 | Iñaki Sanz-Azkue
Soka baten itxurako mihia du: luzea eta zirkularra. Disko itsaskorrak hatz finen puntan, eta begi-nini horizontala duten urre ilun koloreko begi biribilak buruaren bi aldeetara.... (+)
Narrasean narrasti artean
2026-04-26 | Iñaki Sanz-Azkue
Arre koloreko lurrean aurkitzen da. Arretasunean, harro, narrasean doa. Herrestatuz, narrastia. Soroan sesiorik ez. Segi du sugeak, sigi-saga, sasoia du eta; mahastian eroso sartu da.... (+)
gora