Eguzkiak sanjuanetan dantza.

Gerratea: jaki gosea, jakintza pobrezia

Bart eta berdantzart, bihar eta etzi, ez naiz nekatuko gauza bera esan eta esaten: gure kultura eta adimenduaren maila nekazaritzari zor dizkiogu. Nekazaritzak, lurra lantzeak onura ugari ekarri digu, gure egungo begiralekutik neurtuta izugarrizko hobari eta probetxua. Bat da nagusia: nahiko jaki eman digu. Duela sei bat mila urte arte euskaldunok mendian eta errekondoetan biltzen eta ehizatzen genuena jaten genuen. Hitz bakarrak adierazten zuen gure jaki-edari premia asetzen zuena: (h)ur. Hur eta ur, ahosketa bat eta bakarra jakia eta edaria esateko. Nahi adina hur den tokian ez da neguan goserik. Hur (Corylus avellana), sekula behar duen adinako gurtza emango ez diogun fruitua. Gero etorriko dira haritz eta arte jendearen (Quercus spp.) ezk-ur, mediterraneotik ekarri ziguten intxa-ur (Juglans regia) eta abar. Kultura atlantikoetan hurra izan da gure irautearen eta bizitzearen gakoa. Arren, ken dezagun haritza Gernikatik eta jar dezagun hurra!

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko azaroaren 20a
1967tik ari da Israel palestinarren olibondoak sustraietatik ateratzen. 2009rako dagoeneko 830.000 olibondo ziren sustrairik gabe utzitakoak.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Nekazaritzak nahikoa jaki eman digu; horrek alaba-semeek etorkizuna baduten lasaitasuna, otordueroko kalitatezko etengabeko elikadurak dakarren garunaren hazkuntza eta, saihetsetik, denbora. Landareekin lan egiten duenak denbora irabazten du, etengabe. Lurra prestatu, erein, zaindu, uzta bildu, zaindu eta abarrek denbora eskatzen dute eta nekazariari denbora ematen dio: landarearen bizimoduaren neurrira makurtu behar da. Denboraren neurria beste bat da lurrarekin ari zarenean. Gaur egungo luxurik handiena. Dudik gabe. Denbora hori da gure kultura guztien ama. Jaki onak eta denborak dakar jaki-ntza, kultura den guztia: hizkuntza eta gainontzeko guztia: elkarbizitza, filosofia, errespetua, musika, ulermena, arkitektura, literatura eta abar, pertsona bezala jan-tziko gaituzten gauza oro. Gure kulturak dena zor dio lurrari eta lurra lantzen dutenei. Lurraren lan hori gabe ehiztari eta biltzaile soilak ginateke, denborarik eta kulturarik gabeak. Gu bezala gainontzeko kultura guztiak, guzti-guztiak.

Mediterraneo aldean, beste klima bat, beste lur batzuk, geurearengandik oso bestelakoak diren kulturak osatu eta garatu dira. Gure hurrak Mediterraneoan hiru dira: mahatsondoa (Vitis vinifera), garia (Triticum aestivum) eta laboreak eta olibondoa (Olea europaea). Mahatsondoak lan nekoso eta bitxia eskatzen du. Laboreak sail handiak eta urtero errepikatzen den lan kate zail luzea. Olibondoa da errazena, eta bere mozkina urrea. Milaka urtean bizi daiteke eta nekazarien kulturaren katea landare gutxik bezala irakasten du.

Guregana nekazaritza Mediterraneoan barrena etorri zen, Ekialde Hurbiletik. Hango kultura eta jakintza gurean ezarri eta kokatzean, beste jakintza batean garatu eta loratu zen. Loratzen ari gara. Lurrari bai baina haiei ere zor diegu garena. Lurra lantzen utzi ez eta bere izaeraren adierazle garrantzitsuenak ipurditik mozten dizkieten haiei: palestinarrei. Direnak errotik mozten ari zaizkie, eta mahatsondorik gabe, laborerik gabe eta, batez ere, milaka urtetako olibondorik gabe, kulturarik ez. Olibondo bat epaitu eta hiltzen dietenean beraiek bizi-hiltzen dituzte. Gosearen gerra da.

Zarena izateko kalitatezko jakiak eta denbora kentzea da etorkizuneko gerra. Denborarik gabe goseak iraunez gero beste ezertarako betarik ez, alaba-semeentzako jan bila tai gabe ibili behar eta ezin pertsona jantzia izan. Goseak pobrezia dakar, jan gabe ezin jan-tzi. Ezin izan.

Ezer jaten duzunero gogoan izan: jaten dugun guztia beraiei zor diegu. Mediterraneoa nekazaritza ekarri zigun zubi bat izan zen, Lluis Llachek kantatzen duen “un pont de mar blava”, itsaso urdinezko zubia. Zubi horrek hor jarraitzen du, eta hemendik harantza zer doa?

Ikasiko al dugu behintzat! Gosearen gerrak zabaltzen ari dira: lur sail amaiezinak erosten dituzte, haziak lapurtu eta patentatzen, ongarri kimikoak eta pestizida hiltzaileak ekoizten eta horiek denek sortutako gaixotasunak tratatzeko botikak ere beraienak dira. Kate horretan bizi gara denok. Goseak pobretzen ari gaitu. Zabor janaria hedatzen, datorrena izango omen da historia osoan aurrekoa baino inteligentzia murritzagoa izango duen belaunaldia. Eta gure nekazariek zer etorkizun? Adore amaiezinaren ikono, gure nekazariak palestinarrak dira. Denok gara palestinarrak. Eta han-hemen gertatzen ari zaiguna ez da basakeria, zibilizaziokeria da. Kasu goseari.

Akainen eta eulien erasoak
2025-07-14 | Jakoba Errekondo
Ekainak akainak ekarri ditu: uda iritsi da. Udaberriko egun beroetan hasten dira akainak ehizean, udako ehizaldi nagusirako hankak prestatzen. Garo arruntaren (Pteridium aquilinum) garomenetan izaten... (+)
Joan deneko usain bete ekain
2025-07-07 | Jakoba Errekondo
Eguna mozten hasten den hilabetea, ekaina. Festa aparretan gabiltza baina xorro-xorro, hau esku artean duzunerako dagoeneko hamalau minutu moztu da egun argia. Gu gure eroan,... (+)
Zelai gorrietako gorbela eta patata
2025-06-30 | Jakoba Errekondo
Belazea gorri azaltzen zen, egun batetik bestera. Gorri-gorri, gorri bizi urrutitik ikusgarri. Gorbela zen, itsas-belarra edo alga. Nekazariak itsas bazterretik bildu eta lehortzeko belazean zabaltzen... (+)
Arrosa basatiaren izen saltsa
2025-06-23 | Jakoba Errekondo
Loratu da. Kostata baina loratu da, bai, arkakaratsa (Rosa spp.). Lore arin, mehe, hegalari itxurakoa da, arrosa bat da eta lorea ere arrosakara eta zuriaren... (+)
Gaizki hezitako tomatea
2025-06-16 | Jakoba Errekondo
Ipurdia belztu egiten zaio. Tomate (Solanum lycopersicum) alea sano-sano ikusten da, landarean zintzilik, goitik behera begiratzen baitiogu. Buruz behera edo hankaz gora jarriz gero ipurdia... (+)
gora