Lurrak loreetan barre egiten du.

Gerra sasoian txikoria

Izeba Miren pattal samar ibilia dugu. Astebete ospitalean iraun ondoren bizitzara bueltatu da, bere etxera. Ospitalean zenean ahoa freskatzeko sagardo tragoxka bat eskatzen zuen, hori zuen gutizia bakarra. Etxeratu denean zer nahi duen eta zein izango bere apeta eta kafea. Kafea egin egin behar eta berak esan nola egiten duen eta gustatzen zaion: irakin berria den urari kafea (Coffea arabica eta Coffea canephora) adina txikoria (Cichorium intybus) gehitu. Bera bezala ia mendea harrapatzeko bizitzarako bizigarriak.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2022ko abuztuaren 30a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Txikoria ahaztua nuen; aspaldi nire kafearen mundutik desagertua. Entzun orduko, ordea, berehala etorri zaizkit bere usain gozoa eta dasta mikatza; lehen, gure ume garaitan kafea eltzean egiten zeneko memoriaren txokoa.

Kafea edonork zekien zer zen: kafe landarearen haziak txigortu eta ehoa. Aldiz, txikoria zer zen jakitea asko kosta zitzaidan. Galdera horri ia inork ez zion erantzuten, eta erantzun apurren artean ezer garbirik ez. Gerora irakurri eta ikasi nuen zer zen kafeari eransten zitzaion txikori arraio hori.     

Txikoria barazki eta sendabelar gisa aspalditik erabili izan da. Digestioa hobetzeko eta gibela eta behazuna suspertzeko ona da, agi danean. Gure izebak arrazoi, berak tripetako arazoa izan du… Geroztik kafea osatzeko edota haren ordezko gisa gehiago ezagutzen da. Kafea garestia da; are gehiago gerrak, uzten galerak eta antzeko krisiek sortutako goseteetan. Jende askok txikoria hutsaren ura hartu izan du, kafearen ordezko. Beste askok kafeari nahasita; merketzeko, noski. Baina askori gustatu, kafea gozatu eta leuntzen du, baita dasta berezi bat erantsi ere.

Espainiako gerra zibilaren ondoren, elikagaien eskasia orokorrari eusteko, txikoria gai baliotsua bihurtua zen; ezin zen nonahi eta nolanahi landu, galarazia zegoen: horren erakusle, 1958an, sei probintziak soilik zuten txikoria ekoizteko baimena, tartean Bizkaiak. 1958-1959ko uztaldirako Bizkaiari 300 tona txikoria egiteko baimena eman zitzaion. Nork egiten ote zuen txikoria garai hartan? Gustura ezagutuko nuke… Txikoriaren balioaren tamainaz jabetzeko, pentsa, kafearen ordezko zena bera XIX. mendean faltsutzen edo urardotzen zen azenarioarekin (Daucus carota), zuhain-erremolatxarekin (Beta vulgaris 'Mangelwurzel'), haritzaren azalarekin (Quercus spp), kaoba zerrautsarekin (Swietenia mahagoni), labean erretako behor gibelarekin eta brontze koloregaiekin eta herdoilarena ematen duen veneziar gorriarekin.

Orain dagoen gerra hots etengabeko honekin, kontuz, irentsi behar dugun nazkagarrikeria guztiaren digestioa hobetzeko on beharrez txikoria hartu eta ea zer hartzen dugun…

Beroari beroarena ezin kendu
2026-07-13 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzak ere erretzen ari dira aurten. Bero latzak egin ditu ekainean, izugarriak. Eta hilaren amaierarako azaldu dira erremediorik gabeko hondamendiak: belazeak hori eta landare asko... (+)
Uztailean hurrengo uzta
2026-07-05 | Jakoba Errekondo
Uzta nagusia biltzen zen uztailean, hilabete horri izen hori jarri ziotenean. Lurra lantzearen kultura ikasi genuenean nagusiki lantzen ziren mozkinak urte sasoi horretan jasotzen ziren,... (+)
Euskal Herriko Makaronesia
2026-06-28 | Jakoba Errekondo
Auzune ederrean bizi gara etxekoak. Beheko errioaren inguruko erriberetan bizi diren batzuek inbidia punttuarekin esaten didate, "zuek bai han goi hartan, baratzea egiteko toki ezin... (+)
Bihar ehun urte hasiko dira
2026-06-22 | Jakoba Errekondo
Honela esaten zuen aspaldi ezagutu nuen eta beti erakusteko prest zen gizon jakintsu batek: “Bihar ehun urte hasiko dira”. Gauzak soseguz hartu eta edozertarako beta... (+)
Araba, patataren gotorlekua
2026-06-15 | Jakoba Errekondo
Gozoena orain da, atera lurpetik eta jan. Patata da, noski (Solanum tuberosum). Orain dago jateko bere onenean eta seinalea erakusten digu: loratu da. Lorea zabaltzen... (+)
gora