Astelehenero 8:00etan zure epostan
Valtierran (Nafarroa) artatxiki buruxkekin erratz artisauak ekoizten dituen enpresako laugarren belaunaldia da Miguel Mendi Hualde. "Gure birraitonak erratzak eta sokak ekoizten zituen, hori zen bere ogibidea", gogoratu du. Garaian, etxerako egiten zuten baratzeko lanekin uztartzen zuten ofizioa, baina pixkanaka langintza horretan espezializatu zen familia. "Amona Erriberan eta Errioxan ibiltzen zen herriz herri erratzak saltzen, eta nik txikitatik ezagutu nuen etxean artatxiki buruxkekin erratzak egiteko lana". Horrela, erdi oharkabean sartu zen familiako enpresan Mendi, eta gaur egun ia desagertuta dagoen ofizioari segida eman zion: artisau lanean erratzak ekoizten ditu Valtierrako lantegian.
2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.
Zonaldearen arabera, labore batzuk edo beste batzuk erabili izan dira tradizionalki garbiketarako erratzak, eskuilak eta antzekoak ekoizteko. "Gure etxean artatxikia erabili izan da beti, baina barietate berezia da, buruxka luzeagoa duena". Ekoizleak azaldu duenez, buruxka bakoitza banan-banan moztu beharra dago, eskuz. "Lehen asko egiten zen inguru hauetan artatxikia. Lurrera botatzen zen, banan-banan buruxkak hartu, moztu, hazia garbitu, tamainaren arabera sailkatu, lehortzen utzi...". Prozesu luzea zen artatxikia ereiten zenetik erratza josi artekoa.
Gaur egun, Mendik badu bere baratzean artatxiki sail txiki bat, baina ekoizten duen erratz kantitaterako ez da nahikoa, eta kanpotik ekartzen du lehengaiaren zatirik handiena. "Errumanian, Turkian, Moldavian eta inguru horietan artatxiki asko ekoizten segitzen dute, eta erratzak egiteko tradizio handia dago oraindik". Handik ekartzen du materiala, eta eskuz egiten ditu erratzak: tamaina bereko buruxkak elkartu, josi, moztu eta makila erantsita.
Ekoizleak dioenez, 1980-90eko hamarkadara arte baziren haiena bezalako enpresa gehiago, nahiko ohikoa zen landare jatorria zuten erratzak ekoiztea. Plastikozko erratzak ekoizten hasteak, ordea, horietako gehienak ixtea ekarri zuen. "Lehen, batez ere landa eremuan, etxe guztietan egoten zen erratz artisauren bat, eta kaleak garbitzeko ere asko erabiltzen ziren". Azken hamarkadetan bestelako materialak gailendu dira, plastikoa kasu, eta kaleak garbitzeko ere sistema berriak sartu dira, betiko erratz tradizionala bazterrean utzita. "Dena dela, oraindik erosten dizkidate hainbat udaletatik erratzak, galtzada-lurretarako oso onak baitira".
Garai batean, Mendiren amonak salmenta herriz herri egiten zuen, baina gaur egun moduak asko aldatu direla dio, eta batik bat Internetez saltzen duela: "Espainiatik, Frantziatik, Italiatik, AEBetatik eta beste hainbat herrialdetatik ere egiten dizkidate eskaerak". Azken hamarkadan, gainera, sumatu du jendearen artean material naturalekiko geroz eta interes handiagoa pizten ari dela: "Jende gazteagoa ere, artatxiki-eskoba aurretik ezagutu ez zuena, ari da animatzen".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545