Asteroko buletina
Agorrilak ontzen, buruilak biltzen

Durangaldeko airearen kutsadurari eta minbizi arriskuari entzungor



2023ko maiatzaren 26a
"Airean ikusten diren horiek ez direla ur hodeiak, baizik hainbat iturriren emisioengatik ordu askoan pilatutakoa. Ez emisio iturri bakar batena, baizik eta emisio foku askorena", Eukeni Bastida.

Alkate jauna:

Ba al zenekien materia ez dela sortzen ez desegiten, eraldatu baino ez dela egiten? Adibidez, ontzi batean litro bat ur ipini eta izozkailuan sartzen badugu 24 orduz, izotz bloke bat lortuko dugu, eta hori berotzen badugu, 100 gradu zentigradu pasatakoan lurruna bihurtuko da. Horrela, ura bere hiru egoeratan ikus dezakegu, bakoitzean dituen ezaugarriekin: likido lehenengo, solido gero eta azkenik gasa. Azkenengo horretan esan genezake desagertu egin dela, baina ez da hala, ontzitik desagertu arren airearen parte izatera pasatu da. Jadanik ezin dugu bere sakabanaketa kontrolpean izan eta arnasgarri izatera pasatu da. Une batean ere ez da ezer ez izatera pasatu, ez da desagertu.

Duela urte gutxi, fabriken kutsadura eta tumore gaiztoak erlazionatzen dituen ikerketarik handiena argitaratu zen.

 

Kolore ilunez ageri dira 5 kilometroko erradioan substantzia kantzerigenoen eraginpean dauden eremuak.

 

Ikerketa hori industria-emisioei buruzkoa da. Esan beharra dago Durangaldean emisioak ez direla industria-emisioak soilik. Trafikoa, mendien erreketak, etxeetako berogailu sistemak… ere badaude. Baina bai ondorioztatu dezakegu behar dugun azkena dela tximinia gehiago izatea.

Alkate jauna, izan al duzu inoiz arrainontzi bat etxean? Jakina da arrainak beraien ingurune naturaletik ateratzen ditugunean bizi baldintzak aldatu egiten zaizkiela. Eta, egoera onean mantentzeko, oso kontuan izan behar dira amonioa edo amoniakoa, (elementu toxiko nitrogenatua). Bere toxikotasuna akuarioko uraren ph-aren araberakoa da. Halaber, beharrezkoa da nitrogenoaren zikloa ezagutzea, hau da, substantzia nitrogenatuak (arrainentzat toxikoak direnak) bakterio batzuen bidez toxikotasun gutxiagoko beste batzuetan deskonposatzea. Uraren oxigenazio mailaz ez hitz egiteagatik. Hori dela eta, ura aztertzea funtsezkoa eta lehentasunezkoa da, akuarioko ekosistema arrainak bizitzeko egokia izan dadin. Arrainak ez badaude inguru osasuntsu batean, haien organismoak desorekatu egiten dira, substantzia toxikoak metatu eta gaixotu egiten baitituzte, eta hil egin daitezke.

Aditu bati baino gehiagori entzun diot minbizia garatzeko posta-kodeak eragin handiagoa duela kode genetikoak baino

Duela urte gutxi, minbizia diagnostikatu zioten ezagun bati. Medikuek jakin dezakete, nolabait, gaixotasuna faktore genetikoen eta jaraunsgarrien ondorio den edo ingurumen-faktoreen ondorio den. Medikuak zera esan zion pertsona honi: “Zure minbizia ingurumen-faktoreek eragindakoa da”. Aditu bati baino gehiagori entzun diot minbizia garatzeko posta-kodeak eragin handiagoa duela kode genetikoak baino.

Arrainontzian pentsatuz, zer gertatzen da Durangaldeko 80.000 pertsona hurrengo emisio hauen eraginpean jartzen baditugu? Emisio Pluitzaileen Estatuko Erregistroak Durangaldean urtero igortzen direla dioen hauen eraginpean? Hidrogeno zianuroa 1.500 kilogramo, bentzenoa 7.639 kilo, amoniakoa 6.189 kilo, metanoa 41.576 kilo, karbono monoxidoa 372.038 kilo, karbono dioxidoa 1.908.226.352 kilo, opxido nitrosoa 18.242 kilo, metanoa ez diren konposatu organiko hegazkorrak 242.812 kilo, nitrogeno oxidoa 401.863 kilo, azufre oxidoa 42.227 kilo, PM10 partikulak 53.374 kilo… Gehi trafikoa, erreketak, berogailu sistemak…

Bada, 2023ko otsailaren 3an, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunean, kolore guztietako politikariak gai horri buruzko ekitaldietara joaten ziren bitartean, Iurreta eta Durangoko airea astuna eta narritagarria zen arnasteko. Bitxia bada ere, sare sozialetan zeresan handia zegoen ekitaldiei buruz, baina aipamenik ez minbizia eragiten duen kausa handienetariko bati buruz.

 

2022ko otsailaren 4an Durangoko PM2,5 partikula kontzentrazioa 122 zen.

 

PM2,5 partikulak gure biriketara sartu eta odol-fluxura iristeko bezain txikiak dira, eta gure organoetara iristen dira. Beraz, ez gara arnasa arazoetaz bakarrik ari. Arazoak anitzak izan daitezke: antzutasuna, abortuak, iktusak, bihotzeko arazoak, tumoreak…

Egoera horretan bizi gara ingurune honetan, emisioak hor baitaude, eta gaixotasun bat garatzea zorte kontua baino ez da, haizearen norabideak partikula horiek guk arnastu baino lehen aldentzen dituen edo ez. Gau eta egun. Hori horrela, bailara honetan gauez leihoa irekita lo egitea akats bat izan daiteke.

Hainbat ikerketa daude iturri kutsatzaileengandik gertuen dauden zonaldeetan gaixotasunen intzidentzia handiagoa dela diotenak

Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) partikula kutsatzaileen eraginpean egoteko mugak ezarri ditu. Ulertezina da, Eusko Jaurlaritzak gure osasunaren alde egin eta muga horiek murriztu beharrean, laxoagoa izatea, eta hala-nolakotzat hartzen duela OMErentzat txarra dena.

Osasun Sailaren geoEuskadi bisorearen bidez, minbiziaren erregistroa ezagutu dezakegu zonaka. Eremu bakoitzean minbiziak duen eraginaren arabera koloreztatzen du mapa. Web hori gutako edonork ikus dezake. Adibidez, tumore gaiztoen bilaketa egin dut, 2013-2017 bitartean eta gizonezkoetan. Hemen emaitza. Ibañez doktoreak Durangaldera etorri zen hartan esandako moduan, hainbat ikerketa daude iturri kutsatzaileengandik gertuen dauden zonaldeetan gaixotasunen intzidentzia handiagoa dela diotenak.

Zer egin horrelako egoera baten aurrean? Ahotsa altxatzea eta zirikatzea da errazena, eta hori edonork egin dezakeela uste dut, baina... Zer iruditzen zaizue tartetxo bat pedagogia egiten ematen badugu? Problemari bere dimentsioa ematea, azaltzea, datuak ematea, iturriak aipatuz eta argudiatuz… Zertan ari gara bakoitza? Zertan laguntzen dute gure hurbileko agintariek?

Ezin gaituzue langileok jarri “edo lana duzu edo osasuna duzu” bidegurutzean. Besteen osasuna murriztuz kostuak merketzen dituenaren gezurra da hori. Ez dugu zertan osasunari uko egin. Politikariei dagokizue aurkezten zaizkigun arazoei irtenbiderik onena ematea, eta airean zikinkeria gehiago botatzea ez da hobekuntza bat.

Zaldibar

Azken lau urteotan ustekabeko zerbait gertatu da. Zaldibarko hegal batean hondakinak botatzen ziren, kolapsatu eta jasotzeari utzi dio. Hara bidaltzen ziren hondakinen artean zeuden Euskadiko zenbait paper-fabrikaren hondakinak. Hondakin horiei beste irtenbide bat emateko, Eusko Jaurlaritzak labe bat ezarri die bergararrei. Labe horretan hondakin horiek sartuko dira, eta labearen eraikitzailearen arabera, beroketa horren ondorioz kaltzio karbonato izeneko konposatu solido bat geratuko da. Hori guztia Bergarako erdigunetik 2.000 metrora izango da. Labearen eraikitzailea Elxeko enpresa bat da, eta hau izango litzateke beraien lehenengo proiektua.

Ezin gaituzue langileok jarri “edo lana duzu edo osasuna duzu” bidegurutzean. Besteen osasuna murriztuz kostuak merketzen dituenaren gezurra da hori

Labearen aurkezpenean egoteko aukera izan nuen Bergaran. Carlos Arribas Zientzia Fisikoetako lizentziadunak gogor erantzun zuen, eta hauxe esan zuen: “Praktikan errauskailua izango da eta oso kutsatzailea izango da”. Proiektuaren zuzendariak zera erantzun zuen: “Bergararrok Eusko Jaurlaritzaren bermeak izango dituzue; izan ere, guk ingurumen-eskakizunak betetzen ez baditugu, Eusko Jaurlaritzak berak itxiko du instalazioa”. Pertsona horrek ez du ezagutzen guk bezain ondo Eusko Jaurlaritza, edo agian guk baino hobeto ezagutzen du.

Esan beharra dago, baita ere, Europako Next Generation diru laguntzak (gure dirua), trantsizio digitalerako, ekologikorako eta abarrerako laguntzak, mota horretako proiektuetarako erabiltzen ari direla: jasangarriak, berdeak, zero kilometroa… hitzen modukoak erabiltzen. Batzuetan pentsatzen dut gutxi batzuk hartzen dugula arazo hori kontuan, baina… esan beharra dago 300 langile dituen Bergarako Dikar enpresak, planta hori eraikiko dela jakitean, Arrasatera joatea erabaki duela, langileen botoen bidez (%70 alde eta %30 aurka), lurrun eta partikula horiek sortuko dituen instalazioaren ondoan ez egoteko.

 

Bergaran manifestazioa egin zuten 2022an, proiektua eraikiko zela jakin zutenean.

 

Gogoratu behar dugu Petronorrek Eusko Jaurlaritzaren berme guztiekin jarduten duela, Zaldibarko zabortegiak Eusko Jaurlaritzaren berme guztiekin jarduten zuela, Zubietako erraustegi modernoak Eusko Jaurlaritzaren berme guztiekin funtzionatzen duela. Gure mendiak lurzoru pobretuak direla dagoeneko, Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren berme guztiekin monokultibatu eta gero.

Zer egin ingurumen-delituak delitu gisa jasota ez geratzeko? Batzuetan, hainbat albiste bateratzerakoan hobeto ulertzen dira.

Eusko Jaurlaritza honek Industria eta Ingurumen Saila bateratzen dituenean, eta Arantxa Tapia bezalako profila duen jendearekin, oso erraza da kapitala gure osasunari gailentzea.

Iurreta

Argazkia gure arrain-ontziaren irudia da, hezetasun erlatiboa oso txikia den egun batean. Horrek esan nahi du airean ikusten diren horiek ez direla ur hodeiak, baizik hainbat iturriren emisioengatik ordu askoan pilatutakoa. Ez emisio iturri bakar batena, baizik eta emisio foku askorena. Hain altua da kontzentrazioa, non ikusi ere egiten dela. Egoera hau maizegi gertatzen da urtean zehar.

Zalbidarko zabortegiaren kolapsoaren ondorioetara itzulita, paper-fabrika guztiek ez dituzte beraien hondakinak Bergarara bidaliko. Iurretakoak eraiki du jada bere labe propioa, udalaren lizentziarekin. Herritarrok ez dugu horren berririk izan, obra martxan ikusi dugunera arte. Orain, ziurtasunak eta galderak ditugu. Smurfit Kappa paper-fabrikako gerenteari eskerrak eman behar zaizkio, prentsaren bidez gai horri buruzko datuak eman dituen bakarra izan baita.

Orain badakigu urtean 75.000 tona ez direla zabortegira bidaliko. Egunean 205,5 tona dira hauek. Badakigu, baita ere, egunean 120 tona kare ekoizteko gaitasuna duela labe berri horrek.

Gogoratu behar dugu Petronorrek, Zaldibarko zabortegiak eta Zubietako erraustegi modernoak Eusko Jaurlaritzaren berme guztiekin jarduten dutela

Hemen alkatearentzako galderak: jo dezagun labeak bere gehienezko errendimenduan lan egiten duen egun bat; 205,5 tona hondakin sartzen bazaizkio, eta horrek 120 tona kare sortzen baditu, nora doaz beste 85,5 tonak egunean? Hortik zenbat aterako da tximiniatik? Zein konposatu aterako da tximiniatik eta zein eragin izango du Iurreta eta Durangoko bizilagunengan?

Nola liteke legealdian zehar kutsadura-gertakari larriak izatea eta alkate batek ezer ez esatea? Nola liteke, herritarrak kutsatzaileen maila oso altuen eraginpean egon diren aldi horietan guztietan, udalek abisu argirik eman ez izana herritarrei, aire zabaleko jarduerak ez egitea gomendatuta, hala nola eskola-kirola?

Nola liteke X tona horiek airera isuri nahi izatea hirigunetik 1.500 metrora, eta udalak obra lizentzia ematea, edozein bizilagunen komunaren erreformari baino garrantzi handiagorik eman gabe?

Inguruko biztanleen %100ak ezingo ditu emisioak saihestu. Dagoeneko ohikoak diren gasez gain, denok arnastuko ditugu gas horiek. Baina, erabiltzen den lengoaiaren arabera, arnasten dugun airera gas eta partikula gehiago igortzea dotoreziaz apaindu ere egin daiteke.

Norbaitek gai honetaz hitz egiten digunean jakin behar dugu badela osasunari buruz hitz egiten ari dena, badela politikari buruz hitz egiten diguna eta badela bere negozioei buruz hitz egiten diguna. Perspektibak, ikuspegia eta argudioak aldatzen ditu.

Europako araudiez ari garela, gogoratu behar dugu Europak esaten duela badaezpadako printzipioa ezarri behar dela. Prozesu baten segurtasunari buruzko zalantzarik izanez gero, bertan behera geratu behar duela.

Nola liteke, herritarrak kutsatzaileen maila oso altuen eraginpean egon diren aldi horietan guztietan, udalek abisu argirik eman ez izana herritarrei?

Udaletxeko norbaitek erabaki du emisio extra hauek asumitzeko modukoak direla. Biztanleek asumitzeko modukoak. Jendearentzat kaltegarri diren gauzak egiteko erabakiak hartzea, jendea kontuan izan gabe, azkar eta gaizki zahartzen diren erabakiak dira batzuetan. Bururatzen zaizkit zenbait adibide inguruan.

Norbaitek uste badu egun hauetan argitaratzen dudala idazki hau, alkate honi botoren bat kostatu dakiokeela uste izanda, esan behar dut egia dela, hori da nire asmoa. Herri bati hau egitea eta alkategai izatea ez da bateragarria nire ustez.

Era berean, ez nuke inongo alderdiren aldeko kanpainarik egingo. Bakoitzak erakutsi dezala herritarren ongizateaz duen ardura. Hauteskunde-garaian gutxi azaltzen da zer egingo den, eta kolore eta bandera gehiegi erabiltzen dira. Bertsolari bikain bati entzun nion behin banderekin gehiegi nola flipatzen dugun hausnartzen. Honela zioen: "Ondo begiratzen baduzue, banderak haizeak kulunkatzen dituen trapuak besterik ez dira. Eta haizerik ez dagoenean, ez dira ezta hori ere".

Oraingo alkateari botoa kentzea, politikariei mezu bat bidaltzeko eta gure lehentasunak ezartzeko modua litzateke. Denak ez du balio.

Asko sentituko nuke norbait idazki honekin mindu izana. Egoera salagarria dela iruditzen zait.

Gutxi batzuek horrelako erabakiak hartu ondoren, besteei zortea opatzea baino ez da geratzen.

Eskerrik asko bidelgun zaituztedanoi, zuek gabe ez litzateke posible izango.

Eukeni Bastida

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora