Astelehenero 8:00etan zure epostan
Asteazkenean lau foruzain, bi alkate ohi eta bi kazetari izan dira haien testigantzak ematen. Geroago, amaiera amaigabean, akusazio partikularraren 11 bideo eta albistegi ikusi eta itzuli dira gaztelerara: desobedientzia zibila begien aurrean. Oso luze joan da, luzeegi.
Hirugarren ahozko saioa bost orduz luzatu da eta ateratzerakoan kazetari honen burua zurrunbiloan dabil lanean: “Ikusitakoarekin zer demontre nahi zuten gaur fiskaltzak eta akusazio partikularrak? Gaur berriz entzundakoekin ezinezkoa da akusatuak errudun ateratzea. Baina hemen ez dago ezinezkorik. Eta orduan? Jarri haien lekuan eta akaso... ezin, ezin asma zer dagoen gaurkoaren atzean".
Baina nola hipotesiak botatzea saihestu ezina den, hara bi burutazio: bat, jarraitzen dute talde kriminalaren atzean. Jakina, hori da akusazioetako bat, larriena, logikoa horren atzean aritzea; bi, ingurumenaren aurkako mugimendu sozialak kriminalizatu nahi dituzte. Baina nola? Ez da desobedientzia zibiletik haragoko ezer ikusi. Berdin da, ez dute besterik erakutsi, beraz dutenarekin ahaleginduko dira.
Hiru atal oso desberdin egon dira hirugarren egun honetan, gutxienez formatuei dagokienez, mamia sarri-sarri errepikatzen baita. Bat, lau foruzainek deklaratu dute, eta 20-25 minututan bukatu dute. Ñabardura ñimiñoak badira, baina guztiak berdintsu aritu dira: Guardia Zibilari sostengua emateko deitu zituzten Palacio de Aroztegia SLk abiarazi berri zituen obretara, makinen aurrean jarrita hainbat herritarrek langileei lan egitea eragozten zieten, eta beti ere modu baketsuan.
Denek esan dute modu baketsuan aritu zirela, “eta batzuetan jarrera atseginak ere izan zituzten gurekiko”, esan du foruzain batek. Hala ere, fiskala erre ke erre, ohi bezala tematuta ea bortizkeriarik ikusi zuten galdetzen: laugarren foruzainak esan du bera egon zenean modu baketsuan ari zirela protestan makinaren aurrean, eta fiskala berriz, “baina modu baketsuan ari ziren?”.
Bigarren atala ere bi zatitan banatu da: batean, hurrenez hurren, Baztango eta Lekarozko alkateak Joseba Igarabidek eta Ernesto Pratek deklaratu dute (biek euskaraz, itzultzailearekin alboan); bestean, Iñigo Urduña telebista-kamerak (Ahotsa.info) eta Baztango Xaloa Telebistako arduradun Joseba Igerabidek.
Gaizkilearen bila
Otondo Baztango alkatea izan zen 2015etik 2023ra, eta lehenago Aroztegia eta gero zer? elkarteko kidea, 2010etik alkatetzara iritsi arte. Defentsaren galderak bi gaiei buruzkoak izan dira: bata, aldez aurretik ere azpimarratu izan duen obren hasieraren baimen ezaz; eta bestea, Aroztegia eta gero zer? elkarteaz. Obren hasierari dagokionez, Otondok esan du Palacio de Arozteguiaren esleipen pliegoa ez zela egokia, atal soziala ez zegoelako ongi. Baztango Udalak ezin zuenez esleipenaren eremu horretan aritu, sindikatu batek [LAB] jarri zuela salaketa eta auzitegiek arrazoi eman ziotela: “Orduan guk eskatu genuen obrak gelditzea, baina ez zitzaigun onartu”. Otondoren hitzetan, kasu horretan, Palacio de Arozteguiak ez zuen egin halakoetan egiten ohi dena, hasi ziren obrak baldintzen pliegoa gaizki zutela, nahikoa zuten zuzentzearekin, baina ez, helegitea jarri zioten eta arriskua hartu, eta gainera haien aurka atera zen. “Bailaran jendea haserre eta harrituta zegoen obren hasieragatik”, amaitu du atal honetan.
Aroztegia eta gero zer? elkarteari buruzkoak. Otondok azpimarratu du elkartea legezkoa zela hasieratik, horrek dituen eskakizun guztiekin, 2021aren bueltan desagertu zela eta ez zela bailaran Aroztegiaren aurka ari zen elkarte bakarra, eztabaida soziala zegoela eta horren aurrean elkarte eta pertsona ugarik agertzen zuela proiektuaren aurkako jarrera. Defentsa: “Biltzen zinenean haiekin Garbiñe Elizegirekin biltzen zinen? Ez, beste askorekin ere bai, nekazariekin, ingurumen eragileekin...”.
Defentsaren ondoren akusazio partikularraren txanda izan da. Haien itaunketaren aurrean alkate ohia gaizkilea zirudien. “Ezagutzen dituzu akusatuak?, Proiektuaren aurka zaude?, Aroztegia eta gero zer? taldeko fundatzailea izan zinen? Sorrerako estatutuetan zeunden? Zure sinadura han agertzen da!".
Eta berriz Garbiñe Elizegiri buruz. Akusazio partikularra (AP): “Bera zen presidentea? Joseba Otondo (JO): Bai, baina presidente asko izan dira. AP: Orduan nork zuzentzen zuen elkartea? JO: Jendea bildu egiten da eta erabakiak era bateratuan hartzen dira. AP: Eta orduan nork deitzen deitu bilerak? JO: Edonork, azken 20 urteetan hori oso ohikoa izan da”.
Ernesto Praten txanda. Aldeetako hainbat galderari erantzunez, esan du protesta elkarretaratzeak Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren baimenarekin egiten zirela, pankartekin aurrean eta komunikatu bat irakurrita. José Mari Martin herriko biztanle eta Palacio de Arozteguiako langileaz ere galdetu diote. Pratek ez zuen haren aurkako eskratxerik ikusi bere etxe aurrean –80 bat metrora bizi da, belai bat aurrean– eta inongo herritarrek ez dio horrelakorik aipatu. Lekaroz herri txikia dela eta Martin ezagutzen duela, eta azkenotan herriko bileretan egon dela berarekin: “Azkena iragan abenduaren erdian-edo, 35 bat lagun bildu ginen, José Mari ere bai, eta bertan landu genuen epaiketa hau. Normaltasunez parte hartzen du eta ez dut uste beldurrik duenik...”. Eta hor epaileak moztu egin du: “Lekukoak haren beldurraz uste duenak ez du garrantzirik orain”. Bitxia izan da, zeren aurreko egunetan akusazioek behin eta berriz galdetu diete guardia zibilei ea José Marik berak edota makinetako langileek beldurra ote zuten, eta epaileak behin ere ez ditu moztu.
Berriz akusazio partikularraren txanda. “AP: Auzi honetako prozedura identifikatutako Agurtzane Orbegozo zure bikote sentimentala da? Zigortua izan zen? EP: Bai, bikotea da. Isuna errekurritu egin zuen eta kendu egin zioten, esaten zuten tokian eta orduan ez zegoelako. AP: Ba al duzu adiskidetasunik akusatuekin? EP: Ezagutzen ditut. 2022ko urtarrilaren [halako egunetan] egon al zinen herrian Aroztegiako proiektuaren aurkako bilkura batean? EP: Alkatea izanda, baliteke bai. AP: Zu eta zure bikotea zarete hauek? [argazkia erakutsita]. EP: Bai. AP: Zuk idatzi zenuen Telleria, eta gero zer? liburua? Bai. [Baztango gertakariak biltzen dituen nobela beltza da. Txalaparta, 2017)”.
Hedabideen txanda
Iñigo Urduñak azaldu du Ahotsa.info-tik jakinarazi ziotela Baztanera joan behar zela, bera apirilaren 9an eta 19an izan zela obra eremuan, eta inongo kasutan ez zuela bortizkeriarik ikusi. Areago, une batean protestatzen ari zirenek loreak eskaini zizkiotela Poliziari, “mundu mailako argazki ohikoa da”. Isuna jarri zieten berari eta lankide bati, bai obren eremuan baimenik gabe sartzeagatik, baita poliziak grabatzeagatik ere, “baina ni sartu nintzenean ez nuen inongo debeku kartelik ikusi, eta poliziak maskararekin zeuden”.
Ahotsa-info-ko bideoetako baten azpitituluetako batean Garbiñe Elizegi bozeramaile zela aipatzen zela gogorarazi diote: “Nik jarri nuen bai, baina nik ez nuen bera ezagutzen. Erredakzioan dokumentatu nintzen gero eta hala esan zidaten”. Eta egindako bideoen irudiez ere galdetu dio defentsak. “Ni banoa tokietara, eta ahal dudana harrapatzen dut hitz egiteko, ohikoan jendeak ez du nahi izaten agertzea. Eta gero, grabatutako irudiekin, eta behar badituzu beste egun batzuetakoekin ere, bideoa osatzen dut. Horrez gain, beste pertsona batzuen irudiak ere erabiltzen ditut”.
Joseba Igerabide Xaloa Telebistako arduradunak aipatu du bera ez zela behin ere egon obren lekuan, baina telebistako kazetaria bai. Irudi guztiak webgunean dituztela ikusgai edonorentzat. Bideoetako irudiak egun horretakoak izan daitezkeela adierazi zuen, baina baita beste egun batzuetakoak ere, “areago, baita beste telebista batzuetakoak ere, hori oso ohikoa da telebista munduan. Editatzen ari denak ahal duena egiten du”. Beste saio batean berak elkarrizketa luzea egin zion Garbiñe Elizegiri eta ea zergatik galdetu diote: “Bera alkatea izan zen, gu saiatu ginen mahai inguru bat egiten, gaia ekidistantziaz landu eta denen iritziak entzuteko, baina bera bakarrik etorri zen”.
Igerabideren ondoren, hamar bat minutuko etena egin dugu fiskaltzak eta akusazio partikularrak bistaratu nahi zituzten bideoak ordenatu artean.
Albistegien itzulpen amaitu ezinak
Ahotsa.info-ko bideoak ziren eta, batez ere, Xaloa Telebistako albistegietakoak, gehienak makinen aurreko eserialdiak, komunikatuen irakurketak, kale mobilizazioak eta Joseba Igerabidek obra hasierako egunetan Garbiñe Elizegiri egindako elkarrizketa bat (23 minutukoa). Itzela izan da, baina txarrena ez da bideoak ikustea izan, hori ohikoa izan liteke halako saio batean. Guztiz ezohikoa zera izan da, itzultzaileak bideo guztiak itzuli behar izan dituela gaztelerara, Elizegiren elkarrizketa barne. Oso harrigarria izan da, pentsatzekoa delako akusazioek etxeko-lanak instrukzioan egindako ekarri beharko lituzketela, eta ikuste hutsarekin nahikoa beharko lukeelako. Itzultzailea ere hainbatetan jarri dute ataka estuan, Covid garaiko maskarekin ahoan eta soinu elektronikoarekin mintzo ziren askoren itzulpena egiteko komediak izan dituelako hainbatetan, eta batzuk ezin izan ditu egin, “kaskoak eta denbora beharko nituzke”, esan dio epaileari. Ikusitako bideo horietakoa zen Ahotsa.info-ko honakoa: Lekarozko Aroztegia proiektuaren obrak gelditu dituzte
Amaitzeko, ustez azkar samar joango zen asteazken goiz honetako azken gozokia: akusazio partikularrak bideo bat bistaratzea nahi zuen, baina ez zuten prest edo edozergatik ezin zuten pantailaratu, eta bila eta bila aritu dira epaitegiko idazkariekin... itxuraz zeru eta lur arakatuz, 20-25 minutuz. Bitartean denok zain, ernegatuta, batzuk berotan itota: defentsako abokatuen atzeko makinek, adibidez, ez zuten barkatzen. Azkenean, topatu dute harribitxia eta proiektatu dute: hara, ARGIAko elkarrizketa bat!, Garazi Zabaleta kazetariak akanpadako egunetan Aintzane Ariztegi eta Garbiñe Elizegiri egindako idatzizko elkarrizketa!: "Batzarraren eta auzolanaren formatu berri bat da akanpada". Interpreteari itzularazi dizkiote bizpahiru paragrafo eta kito, gaurko saioa amaituta, jendea airea hartzera atera ahal izan.
Orain, hala nahi duenak, hartu elkarrizketa hori, irakurri eta ea non ikusten duen akusatuen erruduntasuna froga dezakeen edozelako zantzurik. Zein betaurreko mota jarri behar da horretarako?
15:30 orduak ondo pasata, kanpoan, ohi bezala, elkartasun komitekoen txalo zaparradak harrera goxoa egin die auzipetuei. Ostegunean haien unea izango da, akusatuen txanda.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545