Astelehenero 8:00etan zure epostan
Aroztegiko epaiketaren akusazioen –fiskaltza eta akusazio partikularra– idazkiak irakurrita, pentsatzekoa zen epaiketan aterako zituztela froga argiagorik, horrekin bakarrik talde kriminalaren akusazioa oso larria baitzen. Ez ba, bost eguneko epaiketa zuzenean jarraitu ondoren, argi ikusi ahal izan zen fiskaltzak –zeresanik ez akusazio partikularrak– ez zuela ezer gehiago erakutsi auzipetu bakoitzari honako zigorra eskatzeko: talde kriminala osatzeagatik urtebeteko kartzela zigorra eta 22 hilabeteko espetxe zigorra derrigortze edo bortxa delituagatik akusatu bakoitzarendako.
Epaiketan ikusitakoaren arabera, zer gertatu zen 2021eko apirilean Lekarozko Aroztegiko obren bueltan? Batetik, desobedientzia zibilaren eremuko gertaera klasikoak, funtsean honakoak: makinen aurrean jartzea eta haien lana oztopatzea, akanpada guztiz baketsu bat obren eremuan, eta horiei zabalkundea emateko jarduera mediatikoa. Bestalde, egun horietan izan ziren ere makinen aurkako sabotaje txikiak: makinen sarrailak poliuretano aparrez ixtea, gurpil zulaketa gutxi batzuk, pintaketak makinetan, dumper baten lapurreta (hurrengo egunean itzuli zutena), edo zuhaitzetan iltzeak sartzea motozerren lana eragozteko. Tankera txikiko irain eta mehatxuren batzuk ere izan ziren agian, beti ere nork egiten zituen zehaztu gabekoak, eta ez akusazioak irudikatu nahi izan zuen larritasunarekin. Kito.
Fiskaltzak halako kontakizuna eraiki du gertaera horietatik: “Batzuek ekintza baketsuak egiten zituzten –auzipetuek– eta besteek biolentoak, baina guztiak dira talde kriminal berekoak, eta guztien helburua da Aroztegiko proiektua hondoratzea; horretarako talde horretan antolatzen dira, funtzio banaketa argi eta zehatzekin. Hemen zazpi auzipetu ditugu, baina askoz gehiago dira”. Batetik, fiskalak ez zuen zehaztu talde kriminala zein den; eta bestetik, bati ezinbestean datorkio “Dena da ETA” garaiaren oihartzuna, espainiar demokraziaren zutoin ezin ahulago eta autoritarioak erakutsi zituen estrategia injustu –baina eraginkor– hura. Disidentziaren aurka egiteko oihartzun hura gaur egun noraino iristen den ikusiko dugu epai honetan.
Baina zigor kodean horrek ez du balio, delitu bakoitza pertsona zehatzekin lotu behar da, epaiketa honetan egin ez dena. Zerbait zigortzekotan, beraz, sabotaje txiki horiek lirateke, baina haien egileak bilatu eta auzipetu behar horretarako. Desobedientzia zibilaren eremuko beste horiek, izatekotan ere, isunekin bideratzekoak lirateke, funtsean hainbat greba eta mobilizaziotan gertatzen diren trafiko mozketen berdintsuak baitira.
Epaiketak aurrera egin ahala, auzitegiko korridoreetan askok aipatzen zuen frogarik gabe auzipetuak ezingo zituztela zigortu, baina amaieran fiskalak eta akusazioek haien eskaera gogorrekin jarraitu dute eta, beraz, zigor aukera mahaiaren gainean dago. “Sorgin ehiza” atera zuen akusatuetako batek aretora defentsaren galderei erantzunez, eta bai, ikusitakoarekin epaileak zazpikotea talde kriminaltzat jotzea ebatziko balu, gorputzen erreketari ekiteko egur piloari su ematearen gisakoa litzateke.
Aroztegiko proiektuak behin ere ez du izan sostengu handirik Baztanen, baina haren sustatzaileen jauntxokeriak eta baldarkeriak baztandarren kontrakotasuna biziki areagotu dute; eta esan liteke sustatzaile politiko izan den Geroa Bairen eta Nafarroako Gobernuaren deserosotasuna ere gero eta agerikoagoa izan dela denborak aurrera egin ahala.
Epaiketaren muinera joz, Diru Jauna ere agertu zen aretoan. Ikuspegi desberdinarekin, baina akusazioek eta defentsek biek ala biek onartu zuten haren garrantzia: “Gure bezeroek milioika euro inbertitu dituzte proiektu honetan eta orain geldi dago, mehatxuak bere horretan dirauelako”, zioen akusazioak. “Palacio de Arozteguia SLk bai ala bai talde kriminalaren akusazioa atera behar du epaiketa honetatik, horrekin Nafarroako eta Espainiako gobernuen aurka daraman auzi administratiboan 43 milioi euroko kalte-ordaina ateratzeko”, ihardetsi zion defentsak. Epaiketa epaiaren zain dago.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545