Asteroko buletina
Amabirjina martxokoan kuku, Sanpedrotan mutu

Bizitza eta lurraren defentsan, berriztagarrien alde



2024ko apirilaren 03a

Honako testu labur hau adeitasunetik idatzia da, hainbat kidek martxoaren 25ean argitaratutako Megaproiektu berriztagarrien egungo hedapenaren aurka eta bizitzaren alde manifestuaren karietara, segur bainaiz uste baino hurbilago gaudela kapitalaren kontrako eta bizitzaren aldeko borrokan. Eztabaidak eztabaida, behintzat korapilo zail horiek askatzen saiatzen ari baikara. Ertz aunitz kanpoan utzirik, ohar pare bat:

1. Lehenik eta behin, iruditzen zait manifestuan egiten den diagnosiak berdin (edo are) balioko lukeela eskala handiagoko berriztagarrien defentsa urgenterako.

2. Egileek ez dute baloratu Non gaude? atalean klima larrialdian gaudela eta isuriak erdira murrizteko bortz urte ditugula aipatzea? 1,5 graduko muga Hego Globaleko herrialdeek bultzatu zuten, han baititu inpaktu handienak. Joan den astean, zenbait traktore handik beren palekin eolikoen kontrako ikurra altxatzen zuten aldi berean, albisteetan ageri zen Kanadan 15 milioi hektarea erre direla baso suteetan. Zer dira berriztagarrien inpaktuak horrekin alderatuta? Bioaniztasuna, nekazaritza, oihanak, paisaiak, gizakiak, sarraskituko ditu kaos klimatikoak eta berriztagarriak dira, gaur gaurkoz, ekonomia deskarbonizatzen ari diren guti horiek. 2023an 1,45 gradu izan ditugunean eta gure energiaren %80 baino gehiago fosila denean, berriztagarriak ez dira gure arazoa.

3. Eskala handiagoko berriztagarriak eta desazkundea kontrajartzea trantsizioaren gurpiletan makilak sartzea da. Gizartearentzat nahasgarri eta denbora galtze arriskutsua. Mugikortasunean ez da bizikletak ala garraio publikoa eta energian ez da berriztagarriak ala desazkundea, berriztagarriak eta desazkundea baizik, eta autokontsumoa, eta agroekologia, eta adaptazioa… eta horiek elkarrekin garatzen ikastea. Monolaborantza estrategikoek eraldaketaren aukera idortzen dute.

Berriztagarriak aukera historikoa dira energiaren demokratizazioan eta deskarbonizazioan arrakala bat irekitzeko, baina ez nolanahi: berriztagarrien hedapen jasangarri, sozial eta errealista bat behar da

4. “Gure buruari engainatzetik utzi” behar diogula erraten da manifestuan, baina hori mikro-eskalaren potentzialari ere aplikatu behar zaio. Datuak eskuetan, teknologian fede izateaz akusatzen ditugu hidrogenoaren edo CDRaren alde neurrigabe egiten dutenak, teknologia horien errealitateari kasu ez egiteagatik. Ez al da modu berean jokatzen ari mikro-eskalaren ideiarekin? Hankamotza den alternatiba bat proposatzen ari da, potentzialari kasu egin gabe. Eskala errealeko berriztagarrien kontrako ipar orratza den ALIENTEk ikerketa bat egin zuen frogatu nahian eskala mikroarekin aski dela, baina frogatu zuena ia-ia kontrakoa zen. Ikerketaren zorroztasuna zalantza handikoa izanik ere, txosten baikorregi horretan Hego Euskal Herriari gehienez egungo kontsumoaren %15 ematen zion! Baina ezaguna da Zumaian eginiko ikerketa ere, non kontsumoaren %7 lortzen baitzen (tamaina ertaineko eolikoak gehituta gainera hamahiru mendi eremutan!). Eta hortik aitzin zer? Bistakoa da desazkunde sakon bat behar dela, baina ez gaitezen engainatu, etxeetako plakekin bakarrik ezinezkoa da langileentzako trantsizio justu bat edo osasungintza eta hezkuntza duinak sostengatzea.

5. Manifestuan Makroproiektu berriztagarri korporatibo deitzen direnen aurka egiten da, akumulazioaren fase green baten kezka ulergarriz. Baina eredu publiko-komunitario baten alde daude sinatzaileak? Instalazio FV edo eoliko publiko baten alde eginen lukete? Zeren manifestuan eta gainerako adierazpenetan hori ez baita inoiz argitzen. Eta bi afera erradikalki ezberdin dira ospitale pribatu baten aurka edo osasungintza publikoaren aurka egotea. Berriztagarriak beharrezkoak ditugu eta horien hedapena hobetu beharrean blokeatu egiten bada, hiru aukera egoten ahal direla iruditzen zait: 1. Babes soziala galdu eta berriztagarriak modu kapitalistenean inposatzen akitzea, energia publifikatzeko aukera galduz. 2. Berriztagarriak kanpoan jartzea. 3. Geroratu eta geroratu eta fosilak kontsumitzen segitu. Neoliberalismoaren gau luzeak komuna eta publikoa hezurretan utzi dituela ez da ahaztu behar. Lagunendako erraten den moduan, trantsizio ideal bat nahi duenak ez du trantsizio bat nahi, ideal bat nahi du.

Nire iritziz eta sinatzaileekiko begirune osoz, manifestuaren arazoa zera da (“bizitzaren eta lurraren alde” ari bagara): fokua borroka okerrera eramaten ari dela kapital fosil betean harrapatuta gaudenean; ez duela publikoaren aldeko mezu argirik; eta, gainera, ez dagoela atzetik inolako proposamen errealik.

200 urte fosilen ondoren dugun leiho txikia ixten ari da. Berriztagarriak aukera historikoa dira energiaren demokratizazioan eta deskarbonizazioan arrakala bat irekitzeko, baina ez nolanahi: berriztagarrien hedapen jasangarri, sozial eta errealista bat behar da, eskala eta iturri guztiak beharko dituena eta ahalik eta azkarren gauzatuko dena. Zahar batek erran baitzigun interpretatzea baino gehiago, garrantzizkoena mundua eraldatzea dela.

Besarkada bat denoi eta segi dezagun etorkizun hobea eraikitzen!

Gorka Laurnaga

Goazen Pirietara, glaziarrak urtzera
2023-02-02 | Gorka Laurnaga
Elurrak ebatsi banizkio / neria izango zen, / ez zuen alde egingo. / Bainan, honela / ez zen gehiago Pirinio izango… / eta nik… /... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora