Astelehenero 8:00etan zure epostan
Euliaren familiako kide honen itxurak garbi uzten du animalia gogorra dela.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Intsektua / Diptera / asilidae familia.
NEURRIA: 2,5-3,5 cm inguru.
NON BIZI DA? Baso eta landa lurretan, abereak dauden belardietan.
ZER JATEN DU? Beste intsektu eta animalia txikiak.
BABES MAILA: Hemen ez dago babestuta. Ingalaterran, adibidez, bai.
Halaxe da, ehiztari aparta, zarata gehiago ateratzen du harrapakina bereganatu eta gero, bereganatzean baino. Batzuetan, sarritan hobeto esanda, bera baino handiagoak diren intsektuak hanken artean garraiatzen ikusten dugu, hegan, trebetasun handiz. Alde batetik bestera ihes egiten du, gure presentziaz jabetzen denean. Horrelakoetan, ikuskizun bortitz horren aurrean, gure buruari egiten diogun lehenbiziko galdera hauxe da: nola jan dezake halako harrapakina? Eta, gainera, tarteka hegan egin beharrean izaten dela ikusita? Intsektu askorenak bezalaxe, bere ahoa ez dago prestatuta harrapakinen ehunak mastekatu eta irensteko, baina naturak beste baliabide batzuk eman dizkio, ikusi besterik ez dago bere buruaren itxura. Ahoak egon behar lukeen lekuan ezten itxurako proboszide zorrotza du, oso gogorra (kitinaz oso gogortua). Egitura horren bitartez, harrapakinen azala zulatu edo ebaki eta barrutiak zurrupatu egiten ditu, harrapakinaren organismoa entzimek urtzen duen bitartean, erabat ihartuta, lehortuta, utzi arte. Proboszide hori behin lanean jarriz gero, ez du arazorik hegan ihes egiteko.
Bere biologia ez da oso ondo ezagutzen, baina badirudi larbak simaurretan bizi diren beste animaliez elikatzen direla. Helduaroan, hegan doazen beste intsektuak harrapatzen dituzte, baita lurrean oinez doazen beste intsektuak ere –tximeleten beldarrak, besteak beste–. Maiatzetik irailera ikus daiteke, ugalketa uda partean izaten du eta metamorfosia osatzeko bizpahiru urte behar izaten ditu.
Ez digute gizakioi inongo arriskurik ekartzen, baina gurekiko jarrera beti izaten da oso iheskorra eta mesfidantza handikoa, nahiz eta batzuetan lasai behatzeko aukera ematen diguten.
Aipatzekoak dira bere begi handiak, marroiak, tertziopelo itxurakoak, ilez beteriko buruaren bi aldeetan kokatutakoak. Horien artean, bi antena txiki ditu, oso itxura berezikoak, belztuta amaieran. Bi hego ditu, eta gorputz iletsua oso. Hankak ere oso indartsuak dira eta abdomenaren itxura konikoa da, kolorazio beltza du hasierako lehen segmentuetan eta horia hortik atzera, ile-motots batekin amaieran.
Asilus crabroniformis Europan, Asia mendebaldean eta Afrika iparraldean bizi da.
Euli “hiltzailea” deitzen diote, ez hiltzea aukera izango balu bezala! Hori da gizakiok dugun aukera, ez euli honek edo gainontzeko animalia harrapakariek dutena. Bizia bizien ordainetan, naturaren legea.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545