Otsailtxo barruan, aldiz eguzkitan, aldiz sutondoan

Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Nagore  Irazustabarrena Uranga
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena

Donostian 1973an jaioa. 1997tik 2005era ARGIAko erredakzioko kidea izan zen, eta egun Denboraren Makina atala egiten du astero.


2025eko apirilaren 11
Pasta jaleak, F. Milani (c. 1860)
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela gaineratu zuen idazle eta kazetariak, “pizza saltzailearen itxurarekin guztiz bat datorrena”.

XIX. mende amaieran, pelagra, B3 bitaminaren eskasiak eragindako gaixotasuna, endemikoa zen Italiako hainbat eskualdetan. Pobreziak jota zegoen herrialdea, eta dieta produktu gutxi batzuetan oinarritzen zen. Milaka eta milaka italiarrek Europako beste herrialde batzuetara eta, nagusiki, Hego nahiz Ipar Amerikara emigratu zuten.

Alberto Grandi gastronomian espezializatutako historialariak La cucina italiana non esiste (2024) bere azken liburuan dio italiarrek erbestean, nagusiki AEBetan, izan zutela gero mundu osora zabalduko ziren errezetak sortzeko aukera.
Collodik zioen bezala, pizza pobreziari eta “zikinkeriari” lotutako jakia zen Italian. Baina atzerrian, osagaiez aberastu zuten. Grandiren esanetan, tomate saltsazko oinarria AEBetan jarri zioten.

Pasta alla carbonara, aldiz, Italian bertan asmatu zutela dio historialariak, baina uste baino errezeta berriagoa dela, eta AEBen eragina ere baduela. Bigarren Mundu Gerra amaitu berritan, AEBetako armadak eramandako produktuak erabili zituzten saltsa berria prestatzeko: hirugiharra eta arrautza gorringoa hautsetan. Ekonomiak horretarako aukera eman zuenean hasi ziren arrautza freskoak erabiltzen.

Eta ekonomiak eta industrializazioak ahalbidetu zuten italiar azkenburu tipikoenetakoa  ere. Tiramisua prestatzeko “supermerkatuko produktuak eta hozkailu bat izatea ezinbestekoa” dela dio Grandik eta, beraz, postre ezaguna 1960ko hamarkadan sortu zela.

Grandik dio italiar nonna edo amonen jakinduria ez zela belaunaldiz belaunaldi transmititu; telebistari esker ikasi zuten italiar plater “tradizionalak” prestatzen

Garai hartan Carosello izeneko telebista saioak eragin handia izan zuen. Sukaldaritzari buruzko saioa 1957tik 1977ra bitartean emititu zen RAIn. Grandik dio italiar nonna edo amonen jakinduria ez zela belaunaldiz belaunaldi transmititu; telebistari esker ikasi zuten italiar plater “tradizionalak” prestatzen.

1970eko hamarkadan, industriaren krisiak eraginda, enpresa txikiak eta tokiko kalitatezko produktuen ekoizpena bultzatu zituzten, mendetako gastronomia tradizionalaren mito faltsua elikatuta. “Benetako Parmako gazta, Italian duela 100 urte egiten zen azal beltzeko parmigiano txiki hura, soilik Wisconsinen ekoizten da”, Grandiren hitzetan.

Jakizue, beraz, carbonara esnegainaz prestatzen baduzue edo spaghettiak zatituta egosi nahi badituzue, ez zaretela ari mendetako tradizio sakratua hausten.

Ikusten banauzu, egin negar
Elba ibaiaren arroa, 1417. Lehorteak eraginda ibaiaren mailak nabarmen egin zuen behera, eta norbaitek ur maila markatu zuen harri batean, idazkun bat zizelkatuta: “Harri hau... (+)
Islandiak izoztu zuen Konstantinopla
Teofanes Aitorlea kronikalariak jaso zuenez,  763-764ko negua inoizko hotzenetakoa izan zen Konstantinoplan. Elurrak eta izotza hartu omen zuten bizantziar hiriburua eta Bosforon iceberg bat ere... (+)
Mikroplastikoak ondare arkeologikoan
York (Ingalaterra), K.o. II. mendea. Eboracum erromatar hirian hainbat egitura eta etxe eraiki zituzten. Besteak beste, egungo Wellington Rowen harrizko eraikin bat egin zuten eta... (+)
Erromatar ardoa ez zein hain txarra
Antzinako erromatarrek edaten zuten ardoa gaizki egina, gorputzik gabea eta zapore desatseginekoa zela uste izan da. Baina Gante eta Varsoviako unibertsitateetako ikerlariek Antiquity-n argitaratu duten... (+)
Nabigazioaren historiaren argazkia
2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako... (+)
gora