Asteroko buletina
Baratzezaintza, funtsean, beti izan da artea

Zaintza beharrean, kontrola lehenesten duen arkitektura dugu eskoletan

Ikastetxetako patioen eraldaketak ugaritzen ari diren arren, oraindik eraikin zaharkituak eta azpiegitura zurrunak dira nagusi hezkuntzan (barruko nahiz kanpoko espazioetan), gustura ikasi, mugitu eta harremanak izateko, pedagogia hezitzaileak garatzeko behar diren espazio, diseinu, estetika eta altzarietatik urrun. Zaintza beharrean kontrola lehenesten duen arkitektura dugu eskoletan, eta hori aldatzeko erronkan tematuta daude Fermin G Blanco eta Clara Eslava arkitektoak. "Arkitektura pedagogikoaren ikuspegitik, sistemaren zulo beltza institutuak dira".

Mikel Garcia Idiakez
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi

1980an Irunen jaioa. 2004. urtetik da erredaktore Argian. Gizarte gaiei eta zinemari buruz idatzi ohi du.


2024ko urriaren 16a
Argazkia: Unai Beroiz

Ikastetxeak leku bizigarriak izan daitezen, espazio arin, natural, malgu eta organikoak izan beharko lukete, baina ez da hala. Eskola garaikidea inguruarekiko (herriarekiko, auzoarekiko…) deslotuta eraiki da, anonimo, egitura homogeneo, lineal, industrial, sistematizatu eta errepikakorrekin, eta gainera, asko eta asko zaharkituta geratu dira. Hala diote gure bi solaskideek, arkitektura pedagogikoan adituak eta arituak diren Fermin G Blanco eta Clara Eslavak: “Eskoletan onartzen ditugu gaur egungo etxe batean onartuko ez genituzkeen eszenatokiak, zeren urteak pasa ahala etxean aldatzen ditugu altzariak, gortinak, koloreak… eta lortzen dugu espazioek beste zerbait transmititzea”. Institutuentzat da notarik txarrena: “Zaintzek duten garrantziaren ideia galtzen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, nerabea ikusten da kasik arerio gisa, kuestionatu egiten zaituen norbait, eta horri gehitzen zaio ikasle-ratioak handitu eta makroinstitutuak egin ditzakegula”. Emaitza, kontrolatzeko eta diziplina lehenesteko pentsatuta dagoen diseinu arkitektonikoa.

Horren ordez, gauza asko egin litezke ikastetxe barruko esperientzia hobetzeko, argi eta aireztatze naturalari dagokionean, zoru motan, barrua-kanpoa lotzeko egituretan, akustikan, altzarien diseinu eta materialetan, tenperaturan, ikasgelaren forman –zergatik ez kurboa, organikoa, borobila?–, gardentasunean… “Eskola estetikoa baldin bada –armonikoa, koherentea, anitza… ongi sentiaraziko zaituena–, mezua da ‘hemen pertsonak zaintzen ditugu’. Itsusitasun handiko espazioak ditugunean, aldiz, mezua da ‘ez zaituztegu zaintzen’”, dio Eslavak. Gainera, jaiotze tasaren beherakada aukera bat da, ratioak txikitu eta espazio berriak konkistatzeko, azaldu du Eslavak, “baina kontrakoa ikusi dut, haur kopurua murriztu eta gela bat libre duen eskolak gela hori giltzaz ixtea, ezin duelako egon zaintzailerik gabeko espaziorik”.

Eslava: "Eskola estetikoa baldin bada –armonikoa, koherentea, anitza... ongi sentiaraziko zaituena–, mezua da ‘hemen pertsonak zaintzen ditugu’. Itsusitasun handiko espazioak ditugunean, aldiz, mezua da ‘ez zaituztegu zaintzen’"

Eurek gidaturiko adibide positibo bat azaldu dute. Larraintzarreko ikastetxean, jangela aldatu dute: kromatikoki armonikoa, akustikoki errespetuzkoa, bestelako zoru batekin, leihoak zabalik Ultzamako paisaia sar dadin… “Beste leku batean zaude orain, sentsorialki eta mentalki ere bai, eta paradigma aldatzen duzu; haurretako batek esan zigun, ‘orain ikastetxean gaizki dagoena gainerako guztia da’”.

Ekarpena egiten duten heinean, obra txikiekin, altzari aldaketekin edota han eta hemen egindako diseinu berriekin konformatu behar; izan ere, dena aldatzea ezinezkoa da, ikastetxeek baliabide gutxi dute eta administraziotik ez da horretan inbertitzen, ez da inolako apusturik egiten, kexatu zaizkigu solaskideak, “eta hori da inportanteena, aldaketarako nahia izatea eta horretan inbertitzea; patioak berdetzeko eta naturalizatzeko prozesuetan esaterako garai interesgarriak bizi ditugu, aitzindarien garaia, asko dagoelako egiteko”, dio Blancok, baina oharra ere egin du, artikuluan aurrerago ikusiko dugunez beste eremu batzuetan gertatu dena gogoan: “Une bat iritsiko da non, negozioa usainduta, enpresak sartu eta patioen proiektua aurrez diseinatuta eskaintzen hasiko diren, bizpahiru aukera aurrekontuaren araberakoak, eta ideia perbertituko dute, jada eginda dauden patioak erostera bultzatuko dituzte ikastetxeak, hezkuntza-komunitateak aurrez pentsatu eta gogoetatu gabeko patioak”.

Arkitektura defentsiboa

Nahiz eta patioa eraldatzen ari diren ikastetxeen albisteak han-hemenka irakurtzen ditugun, eskola gehienen jolastokia oraindik hormigoizko zoru monokromatiko laua da. Eta gero eta gehiago eskatzen da eraldatu daitezela psikomotrizitatea sustatzen ez duten patio horiek, genero ikuspegitik desorekatuak direnak, klimatikoki kaltegarriak; natura sartu nahi dute, oreka-jolasak, bestelako zorua… baina garbi dio Blancok: kontrako inertzia da nagusi eta oraindik erresistentzia handia dago administrazioaren aldetik, aldaketan inbertitzeko. “Harrituko zinateke, zenbat ikastetxek ez duten berdin pentsatzen eta ez duten patio berderik nahi. Niri ikastetxe batzuetan esan izan didate ‘ez dugu patio inklusiborik nahi’, pentsa! Orduan zer nahi duzu, patio baztertzaile bat?”.

Atzean arkitektura defentsiboaren itzala dagoela dio arkitektoak. Defentsiboa, abiapuntua delako salaketak eta kexak saihestuko dituen diseinua, ahalik eta mantentze lan gutxien eskatuko duen arkitektura. “Oraintxe egon naiz ikastetxe batean zuhaitz inguruak hesituta dituztena, arriskua saihestea argudio; badaezpada umeak min har ez dezan nahi dugu dena ongi lotuta eta itxita eta kautxuzko zorua azpian, familien eskakizunei tiraka hondar-guneak desagertu dira hiri eta eskoletatik, zikindu ez daitezen, edo dena sintetikoa izatea nahi dugu… eta mantentze-lanak aurrezteko, bada zuhaitzak nahi ez dituenik, hostoak jaso behar ez izateko, edo zelai artifiziala hobesten dutenak, ureztatu eta moztu behar ez izateko; ezin duzu imajinatu zenbat ez diren gai zelai artifizialaren eta naturalaren artean ezberdintzeko”. Sakonean, dio Blancok, arkitekturatik harago pedagogia defentsiboa da, “antipedagogia”.

Blanco: "Badaezpada umeak min har ez dezan nahi dugu dena ongi lotuta eta itxita eta kautxuzko zorua azpian, hondar-guneak desagertu dira zikindu ez daitezen... Arkitektura defentsiboa egiten da, hots, pedagogia defentsiboa: antipedagogia"

Bota paretak, altxa aulkietatik

“Hormen atzean ezkutatzen da eskola, eta horma horiek apurtu behar ditugu –aldarrikatu du Clara Eslavak–. Literalki, hormak botatzen ari gara uneotan ikastetxe batean, ikasleek Arga ibaia ikusi ahal izango dute hemendik aurrera, baina hormak bota ala ez bota, hormatik harago begiratzeko borondateak egon behar du, bestela ez du zentzurik”.

Barruan ere, ikasgelen arteko hormak bota dituenik bada [irakurri Utikan hormak ikasgeletatik artikulua], eta positibotzat jo dute solaskideek, espazio diafanoak eta malgutasuna dakarten heinean, baina ohartarazi dute proiektu arkitektonikoak proiektu pedagogikoaren eskutik etorri behar duela: horma bota eta espazio zabalagoa badugu, zertarako baliatuko dugu? Espazio berria partekatzen badugu, ikasle gehiago eta harreman gehiago izateak ekarriko dituen aldaketak nola gestionatuko ditugu? Konfort akustikotik zarata handiagora igarotzen bagara, zer dugu pentsatua? Irakasle bat baino gehiago arituko dira espazio partekatuan? Eta nola? Sortuko diren dinamika berrietara egokituko ditugu ordutegiak (45 minutuko ikasgaiari ordu eta erdiko tartea emanez, adibidez)?... “Behin baino gehiagotan ikusi dut nola bi ikasgela hartu, erdiko tabikea bota eta enpresaren batek saldutako kit super liluragarriarekin betetzen duten espazioa, baina eskolako gainerako guztia berdin mantenduta –kritikatu du Blancok–. Azkenerako, daukazuna da gela berezi bat, ikastetxe guztiz konbentzional batean. Pena hori da, berez onak diren ideia eta proiektuek sarri modu kasik anekdotiko eta tristean inplementatuta bukatzen dutela eskoletan”.

Paretak botatzea, besteak beste, mugikortasunerako aldarri bat da, hain justu eskolari egin ohi zaion kritiketako bat badelako maiz ez duela mugitzeko aukera handirik ematen. “Ikasgela da oinarrizko unitatea eskolan: bertan ixten zaituzte eta kito; modu autonomoan sartu-irten daitezke ikasleak? Konfiantza ala kontrola gailentzen da halakoetan?”, gogoetatu du Eslavak, eta gaineratu du hezkuntza sistemaren logikari erantzuten diola egiturak: “Ikasle guztiek gauza bera eta aldi berean egin behar dute, mahaian geldi eta isilik. Malgutasun handiagoz jokatzen den eskoletan, proiektu beraren inguruan erritmo ezberdinetan ekintza ezberdinak egin ditzaketenean adibidez, autonomia eta mugikortasuna errazten da”.

Batzuetan, jolas garaia bera ere ez da sobera estimulatzailea. “Egon berri naizen ikastetxeak saskibaloiko saskiak eta futbolerako ateak baino ez ditu, ez du bestelako jolas elementurik, ez txirristarik, ez toboganik, ez orekarako enborrik, ez zaburik. Oso gogorra da hori”, salatu du Blancok.

Eslava: "Aldaketa ongi dago, baina aldaketa oinarritzen da aurrez prestatuta dagoen hori erostean baino ez. Guk beste era batera funtzionatzen dugu: ikastetxean pentsatu eta adosturikotik plan bat ateratzen da"

Nondik hasi?

Bestelako diseinu, eremu eta estetikak irudikatzeko ausardia eta imajinazioa falta al diren galdetu diegu solaskideei. “Falta dira proiektuak. Behar batetik abiatuta, arkitekto irudimentsu eta jostarietara joz gero ziurrenik planteamendu ederrak sortuko dira: eskailera azpian hau eta beste jarri, beste txoko honetan halakoa egin… baina arazoa da behar bat dagoenean obra zuzenean enpresekin lotzen dela, behar hori merkeen konponduko dizun enpresa kontratatu eta aurrera, bestelako espazio eta diseinuak sortzeko aukera baliatu barik –erantzun digu Blancok–. Dauden gabezia eta beharren atzean, guk aukerez betetako mundu bat ikusten dugu, baina horren ordez, adabakia adabakiaren atzetik doaz arazoak estaltzen”. Azken finean, iturri bat, eskolako sarrera, pasilloak, laborategia, ate bat… “Dena izan daiteke proiektu baterako aukera, espazio eta elementu txikiekin ere jolastu daiteke, edertu eta hobetu, ñabardurak, detaileak eta elementu jostariak gehituta, estetika aldatuta… Eta guztiak egiten du ekarpena, hoberako”. Eslavaren hitzetan, horrek guztiak egiten duen ekarpen handia pertsonen zaintza da.

“Jo dezagun komunetara, adibidez –gehitu du Eslavak–. Pentsa, ura, ispiluak, iturriak… Leku eder askoak izan daitezke, joko handia eman dezaketenak, besterik ez bada landare bat jarri eta ureztatzeko, baita genero ikuspegitik Haur Hezkuntzan hezkidetza lantzeko ere, baina ez dago halakorik”. Beste adibidea Blancok eman du: hobi bat egin zuten ikasgela batean, bai, zulo handi bat, eta irakasleak hasieran apur bat galduta zeuden, zer egin hobiarekin? “Ez baitago hobiei buruzko ikasgairik, kar, kar, kar, baina halako urratsak ematera animatzen direnak izan ohi dira aktibatzen lehenak, lehenago edo geroago asmatuko dutenak nola baliatu”.

Arbizuko eskolan altzariei lotuta eurek egin duten proiektua ere aipatu dute. Mahai karratuak hexagonalengatik aldatu dituzte, altuera ezberdinetakoak –“haur denek ez baitute altuera bera, nahiz eta sarri mahai guztiak altuera berekoak jarri”–, eta koloreztatzeaz gain, errusiar panpinen antzera jasotzen diren aulki eta mahaiak ezarri dituzte. Helburua, behar ez direnean modu erraz eta ederrean bazter batean pilatuta utzi ahal izatea eta hala espazio erabilgarri asko lortzea: “Zorua berreskuratu dugu Arbizun”.

Arazoa da, Fermin Calvok dioenez, 1980ko hamarkadatik apenas aldaketarik izan duen katalogoan oinarritzen direla ikastetxetako altzariak. “Orain katalogoetan badago ‘Montessori’ lerroa, material organikoak, egurrezkoak-eta nahi dituzten irakasleentzat, baina altzari horiek Haur Hezkuntzara iristen dira gehienez. Eta beste lerro bat dute, ‘etorkizuneko ikasgela’ (Ikasnova, Aulanova, Ikaslab…), denak igualak, homogeneoak. Guk gomendatzen diegu katalogotik har dezatela interesgarria eta beharrezkoa baino ez, gainerakoan hobe dela dagoena tuneatzea edota beste enpresa batzuetara jotzea”. “Etorkizuneko ikasgelaz eta berrikuntzaz dihardute, ‘nolako hezkuntza espazioa nahi duzun pentsatu’ esaten digute, baina Bruselatik zuzenean datorren katalogoa ematen digute, parte-hartze prozesurik gabea, enpresa teknologikoen interesen araberakoa –gehitu du Clara Eslavak–. Aldaketa ongi dago, baina aldaketa oinarritzen da aurrez prestatuta dagoen hori erostean baino ez. Guk beste era batera funtzionatzen dugu: ikastetxean dauden beharrak, aukerak, soluzioak gogoetatu eta plan bat aurkezten diogu udalari, taldean pentsatu eta adosturikoa atera dezan lehiaketara”.

Blanco: "Dauden gabezia eta beharren atzean, guk aukerez betetako mundu bat ikusten dugu, baina horren ordez, adabakia adabakiaren atzetik doaz arazoak estaltzen"

Ikastetxe honetako patioa bai, beste ikastetxekoa ez?

Arbizun aldaketa gehiago egitea proposatu zutenean, “esaldi beldurgarria” iritsi zitzaien administrazioko kide batzuen partetik, dio Eslavak: “Hauei zerbait ezberdina ematen badiegu, besteek ere nahiko dute”. Alegia, batetik, ikastetxe hori hobetzea faborezko tratua litzatekeela gainerakoen aldean, eta bestetik, ikastetxe gehiagok eskatuko lituzketela aldaketak eta ez zegoela denentzako aurrekonturik. Horrek ez ezer egitera daramala-eta, hitz magikoa deskubritu digu Eslavak: esperientzia pilotua. “Egin ditzagun esperientzia pilotuak, horien segimendua eta balorazioa, eta pixkanaka aldaketak inplementatzen joan gaitezen leku guztietan. Abiapuntu on bat da, adibidez, zailtasun handienak dituzten ikastetxeak edo egoera okerrenean daudenak berritzen hastea”.

Ildo horretan, azpiegituren mapa bat beharrezkoa dela uste dute solaskideek. “Oso zaharkituak eta adabakiz josiak dauden ikastetxe asko aurkituko genuke, eta mapa abiapuntu ona litzateke eskola bakoitzaren plan estrategikoa egiteko: nondik hasi, zein diren lehentasunak. Zeren ari gara hitz egiten eskola idealak nola izan behar duen, baina aldi berean umeak ditugu ikasgelan hotza (edota beroa) pasatzen. Kontua da teknikoki konpondu beharreko arazo horiek baliatu beharko liratekeela bestelako aldaketa espazial, arkitektoniko eta estetikoak egiteko, aipatu dugun bidetik”.

Gasteiz jarri dute adibide: udala ari da ikastetxe publiko guztietako patioak naturalizatzen –"ingurumenaren ikuspegitik, baina jolasari, pedagogiari… ere on egingo dio aldaketak, ezinbestean"–, eta bidea hori dela azpimarratu dute bi arkitektoek, hiri politika bati erantzuten diolako, sare osoari eragingo diolako. Azken finean, ikastetxean ordu asko iragaten dituzte haur eta gazteek, “eta eskolan ongi bizitzea gauza handia da”.

Argazkia: Unai Beroiz

 

"Eskolako jangela orduetan gauza asko gertatzen da, ez da bakarrik jateko leku bat"
Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku... (+)
Valentziako presidentearen aurkako salaketa jarri dute, eta haren dimisioa eskatu
Valentziako Generalitateko presidentearen aurka salaketa jarri du CGT sindikatuak, heriotzak saihesteko neurriak hartu ez izana leporatuta. Hogei bat eragile sozial eta sindikalek berriz, haren dimisioa... (+)
Eskola-jantokietan catering-enpresen zerbitzua blindatu du Jaurlaritzak
Catering-enpresarik gabe jardun nahi duten eskolentzat bestelako eredu bat arautzea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak 2019an. Horren ordez, catering-enpresen bidezko zerbitzua ematera derrigortzen ditu ikastetxeak Eusko... (+)
Mugikortasun arazoak dituzten haurrekin baso-eskolara: beldurrak eta mugak gainditzen
Mugitzeko eta ibiltzeko zailtasunak dituzten 5 urteko bi ikasleri asteroko baso-eskola saioa egokitu zaie Irungo ikastetxean: muga eta beldur artean hasitako erronkak onura, garapen eta... (+)
Zergatik ez gara arreta mantentzeko gai?
Langileen %80ak ez du ordubete irauten arreta galdu gabe eta %20 inguru hamar minuturo distraitzen da. Kontzentratzeko gaitasun falta ez da soilik mugikorren eta estimulu... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora