Ilargi koroatua, laster euri

Zenbateraino izan behar dira txikiak nekazari txikiak?


2024ko uztailaren 17a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gaur egungo ezker mugimenduaren zati handi batek, intuitiboki bada ere, eskala txikiko nekazaritza aldarrikatzen du zalantza askorik izan gabe. Hala ere, txikitasunaren aldarrikapen horrek baditu bere kontraesanak: tamaina txikiko ustiategi batek, definizioz, ezingo du elikagai askorik ekoiztu. Eta hori garrantzitsua da? Bada, zentzu batean, bai. Jendarte batek izan dezakeen konplexutasun maila ekoizten dituen soberakinen araberakoa izango da. Esate baterako, ekoizle bakar batek mila pertsonarentzat adina elikagai sor baditzake, esan nahi du sistema horretan 1.000 biztanletik bat bakarrik arduratu beharko dela elikagaiak ekoizteaz.

Gainerakoen bizitza-denbora sozialki beharrezkoak diren bestelako jarduerak egiteko aske geratuko da: erizainak, musikariak, irakasleak, garbitzaileak, ingeniariak, artisauak… Lanaren banaketa sozialerako eskala 1/1.000 proportzioan eman ahalko litzateke kasu horretan. Elikagaien ekoizpenean soberakinik ez balego, ordea, jendarteko partaide guztiek eskaini beharko liokete elikagaien ekoizpenari tarte bat. Konplexutasun maila oso baxuko jendartea izango litzateke.

Ekoizpena interes kolektiboen arabera antolatuko balitz, noraino eramango genituzke ustiategien tamaina eta ekoizpen gaitasuna?

Kontua da ustiategiaren tamainak lotura estua duela sor dezakeen soberakin mailarekin: zenbat eta handiagoa izan, hainbat gehiago teknifikatu eta mekanizatu daiteke. Eta horrek posible egiten du pertsonako ekoizten den elikagai kantitatea handitzea. Hala ere, ekoizpen kuantitatiboaren handitze hori ez da debalde gertatzen. Teknifikazioak gora egin ahala, ekoizleak zuzenean kontrolatzen ez dituen prozesuekiko dependentzia handituz joango da: autonomia galdu eta bere alienazio eta mendekotasun maila handituko dira. Era berean, eskala handitzearekin ekoizpen prozesuak sortzen dituen kalte ekologikoak handitzen dira, paisaia eta ekosistemen eraldaketa ere eskala handiagoan egiten delako.

Gaur egun, kapitalismoan, ustiategiaren tamaina merkatuak ezartzen du: eskala eta teknifikazio maila batetik behera elikagaien ekoizpena ez da errentagarria eta inork ez du profesionalki eskala horretan ekoizten. Baina horrela ez balitz, eta ekoizpena interes kolektiboen arabera antolatuko balitz, noraino eramango genituzke ustiategien tamaina eta ekoizpen gaitasuna? Zein puntutan ebatziko genuke eskala-teknifikazio-produktibitate-ingurugiro eragina-autonomia faktoreen arteko tentsioa?

Nire ustez, bitartekoen kolektibizazioa eta agroekologiaren printzipioak gidalerrotzat hartuta, ekoizpen eskalaren handitzea entsegu esparru izan beharko litzateke, plano teorikoan zein praktikoan.

Baso suteak eta begirada kontserbazionista
2025-10-05 | Gorka Menendez
Suaren presentzia naturan milioika urtetan izan da (gizakion agerpena baino askoz lehenagotik). Horregatik, ohikoa da landare askok suaren aurrean adaptazio ugari edukitzea. Gure inguruan arruntak... (+)
gora