Euskal Herriak Bizkaiko Golkoan leku estrategikoa betetzen duela jakina da. Kantauri Itsasoan eta Capbretoneko Barrunbearen itsaslabarraren parean, arrantzaleku paregabeak dauzka oso gertu. Horri esker, edo horren ondorioz, Euskal Herriaren historia eta garapena itsasoari lotutako hainbat jarduerarekin batera ulertu behar dira: arrantza mota ezberdinak sortu dira, bizitzeko modu ezberdinak gauzatu dira eta kultur adierazpen berezituak azaleratu ditugu. Arrantzarekin lotutako tradizio garrantzitsua gorpuztuz joan da, mendez mende. Garapen historiko, ekonomiko, sozial eta kultural honek, aldi berean, arraina arrantzatu eta kontsumitzeko modu ezberdinak eskaini dizkigu.
1950eko eta 1980ko hamarkaden artean, gure kostaldean garapen ikaragarria egon zen. Sektorea industrializatu aurretik, arrantza handiak gauzatu ziren, arrain espezie ugari arrantzatu zen eta tresna jasangarriak erabili ziren. Hori industrializazio prozesuarekin hasi zen aldatzen, eta Europar Batasunera sartu ostean, sakonki eraldatu zen testuingurua. Arrantza eskubideak edo kuotak ezarri eta banatu ziren eta kudeaketarako eskubideak galdu zituzten euskal arrantzaleek, arrantzaleku tradizionaletan arrantza egiteko eskubideekin batera. Hori gutxi balitz bezala, munduko beste itsasoetatik ekarritako arraina inportatzen hasi ginen eta, oro har, hemen arrantzatutako arrainari errentagarritasun baxuagoa lortzea eragin zuen. Arrantzarekiko interes gutxi zeukaten politikariek sortu zituzten borraskek eragin zuzena eduki zuten gure kostaldean, eta euskal ontziteria asko murriztu zen.
Mende aldaketarekin batera, arrantza sektorea hondoratzen hasi zen. Ordutik, gero eta ontzi gehiago betirako amarratu eta hondoratu dira, eta beste erkidego batzuetara saldu dira arrantzatzeko eskubideak. Lehorrean arrantzak sortzen zuen bizitza eta sostengua ere asko aldatu dira. Adibide garbiak izan daitezke, esaterako, portuetan aritzen ziren emakume langileen desagertzea (saregileak, neskatilak, enpakadorak, deskargan aritzen zirenak…) edota kofradien presentzia galera. Gure historian hain garrantzitsuak izan ziren Kofradia hauek, baxurako arrantzaren benetako sinbolo izan diren horiek, egun, bigarren mailako papera jokatzen dute arrantzaren kudeaketari dagokionean. Kofradia batzuk, gainera, desagertu egin dira, Mutrikukoa kasu.
Erakundeei arrantza tradizionala ez zaie sekula interesatu eta industria arrantzan zentratu dituzte euren laguntzak eta ardurak
Errealitate horren atzean, arrantza arduratsu eta jasangarriarekin batere kezkarik erakusten ez duten interes ekonomiko eta politikoak daude. Arrantza tradizionala ez zaie sekula interesatu eta industria arrantzan zentratu dituzte euren laguntzak eta ardurak. Horren adierazle onena da atun arrantzan aritzen diren ontzi izozkailu handiek eta horiek kudeatzen dituzten enpresek erakundeetatik jaso duten babesa. Ontzi moderno horiek munduko itsaso guztietan aritzen dira arrantzan, itsas aniztasunari eta ingurugiroari kalte egiten dioten teknikak erabiliz. Hori gutxi balitz bezala, ontzion arrantzaleku asko elikadura arazoak dituzten herrialdeetako uretan daude. Bermeoko armadoreak sistema horren onuradun nagusienak bihurtu dira.
Agintari publikoek eta Eusko Jaurlaritzak azken hamarkadetan mantendu dituzten arrantza politikek barreiatu gaituzte egoera honetara. Bere garaian, bakailaoaren arrantzan aritzen ziren ontziak hondoratzen utzi zituzten. Gero, arrastre arrantzan aritzen zirenak eta orain, baxurako arrantza desagertzen ari da, baina askorik interesatzen ez zaiela dirudi. Norbaitek apropos ari direla ere pentsatu lezake. Bitartean, Bermeo tunidoen munduko hiriburua bihurtu da, eta altura handiko arrantza holding inportante bat izatera iritsi da. Duela hamarkada gutxi, Bermeoko portuan Kantauri Itsasoan arrantza tradizionalean aritzen ziren 150 (atun)ontzi baino gehiago ikusi zitezkeen. Gaur egun, ez da bat bera ere geratzen.
Gure portuetan daukagun egoera tamalgarria eta kezkagarria da. Gero eta arrantza ontzi gutxiago daude, eta aldi berean, aisialdiko gero eta ontzi gehiago agertzen dira egunero, eta arrantzaleari konpetentzia zuzena egiten diete. Laguntza publikoei esker bizi diren arrantzale profesionalek kareletik atsekabetuta begiratzen diete euren aldamenean arrantzatzen ari diren ontziei. Arrantzale profesionalek badakite, horrela jarraitzen badu, oso zaila izango dela belaunaldi berrien erreleboa bilatzea.
Gero eta arrantza ontzi gutxiago daude, eta aldi berean, aisialdiko gero eta ontzi gehiago agertzen dira egunero, eta arrantzaleari konpetentzia zuzena egiten diete
Sektorearen erabateko hondoratzea ikusteko gutxi falta dela dirudi, eta egunero hartzen diren erabakiek egoera kaltetu besterik ez dute egiten. Ez dute egoera zuzenduko baliabideen kudeaketan eta arrainaren errendimendu ekonomikoari begira hartzen ari diren erabakiok. Besteak beste, arrantzagai diren espezieen kuoten salmenta egoera tamalgarri honen beste adibide bat da. Guztionak diren arrantza baimenok, gutxi batzuek kudeatu eta saltzen dituzte, interes pribatuei erantzuteko.
Euskal Herrian ere, kostaldearen eta itsasoaren beraren pribatizazioa aspaldi hasi ziren, eta orain azeleratzen ari da. Egunotan entzun dugun azken proposamen “berritzailea” horren adibide garbia da. Itsasoko milioi bat metro karratu pribatizatuko dira, atunak loditzeko. Atun horiek gure arrantzalekuetan debekatuta dauden teknikekin harrapatuko dira, besteak beste, ingurubilketaren teknikarekin, teknika kaltegarri eta depredatzailea dena. Oraingoz hegamotzarekin probak egingo dituztela esan dute, baina ziur, laster, hegaluzea eta beste espezie batzuekin antzeko saiakerak egingo dituztela.
1990eko hamarkadan euskal arrantzaleek bolanten erabilpenaren eta azken urteotan arrastre pelagikoen aurka egindako borrokak ezertarako balio izan ez duela dirudi, antzeko teknikak erreproduzituko baitituzte hemen. Kapitalari itsasoaren eta kostaldearen bioaniztasuna ez zaio inporta. Eta erabakiak hartzen dituztenei ere ez.
Arrantza sektorea salbatzeko bidea ez da multinazional bati guztionak diren kuotak saldu eta errentagarritasuna lortu dezan erraztasunak ematea. Hori onartezina da. Gure arrantza sektorearen norabidea ezin dute politika horiek markatu. Noraezean gabiltzala dirudi, interes jakin batzuei bakarrik erreparatzen. Ezin dugu onartu kuotak eskaintza onena egiten duen horri saltzea eta interes publikoa merkatuaren joko arauetara makurtzea. Kasu honetan bezala, erakunde publikoak teknika depredatzaileak erabiltzen dituzten multinazionalen interesei erreparatzen aritzea. Kudeaketa publikoa eskatzen duten arrantza kuotak gure Kofradietara iritsi behar dira, eta itsasontziok ingurumena ahalik eta gehien errespetatuko duten teknikak erabiliz arrantzatu dezaten ziurtatu behar dugu. Ingurugiroa errespetatzeaz gain, elikadura burujabetzaren bidean pausuak emango ditugu.
Arrantza sektorea salbatzeko bidea ez da multinazional bati guztionak diren kuotak saldu eta errentagarritasuna lortu dezan erraztasunak ematea
Jakin badakigu, etorkizunean arrain haztegiek paper garrantzitsua jokatuko dutela gure elikaduran. Gizarteak behar dituen proteinak lortzeko bide erabilgarriak izan daitezke, modu egokian erabiliz gero. Baina Getaria parean egin nahi duten hori, eta orokorrean arrantza politikek erakusten duten norabidea, ez dira batere egokiak. Gure kostatik 12 miliatara Itsas Eremu Babestuak eraiki eta arrain haztegi natural gisa zaintzeak, etekin sozial, kultural eta ekonomiko interesgarriak eskainiko ditu, epe motz eta ertainera. Bizitzak bere bidea egingo du, arrainek euren bizi zikloa garatuko dute eta ondoren, artisau arrantzan erabiltzen diren tresnekin arrantzatzea posible izango da berriro. Behar izatekotan, gainera, gure kostaldetik (ia) desagertu diren arrain espezie batzuk kaiolatan hazteko eta birpopulatzeko aukera ere emango luke egoera berriak. Bisigua horren adibide. Aldi berean, prozesua sendotu eta indartzeko Kofradiak indartu beharko lirateke, arrantzaren kudeaketa eta arrainaren merkaturatzearen arduradun moduan jarrita. Osasun zentroetan, ikastetxeetan eta beste edozein jantokitan jateko moduko arraina harrapatu, kudeatu eta prestatu dezakegu, Euskal Herrian eta Euskal Herritik. Gatibu hazi diren hegamotzekin hori ez da egingo. Euskal Herriak oraindik badu hori guztia egiteko ahalmena. Borondatea bakarrik falta da, erabakiak norabide egokian hartzeko.
Ondarroa 12 Milia elkartetik eztabaida serio bat eskatzen jarraitzen dugu. Itsasoa eta arrainak guztion ondasuna dira. Arrantza arrantzale profesionalena izan behar da lehendabizi, eta kontsumo ohiturak guztion interesera bideratu behar dira. Hala, guztion onerako diren politikak diseinatzeko testuingurua prestatu beharra ikusten dugu. Finean, ingurugiroa errespetatu eta Euskal Herriak elikadura burujabetza lortu dezan. Bertatik bertara.
Leo Belaustegi, Ondarroa 12 Milia elkarteko kidea.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545