Astelehenero 8:00etan zure epostan
Tarteka, han-hemenka, landareen bizimoduaz ikastaldi antzeko batzuk ematen ditut. Jendearekin eman-hartu ugari sortzen da, dasta onekoak, mamitsuak, gatzdunak, era guztietara hazkurritsuak. Landareekin zerikusia duten gai asko azaltzen dira, izan ere, nik beti galderak erantzun besterik ez ditut egiten, eta bakoitzak bere galderak egiten ditu: baratzea, lorategia, etxeko landareak, basoa, mendia, fruitu arbolak, haziak, makilak, elikagaiak gordetzeko erak, inausketak, lanen sasoiak, bertokoa-kanpokoa…
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Ikastaro horietan, sarreratxo batekin hastea gustatzen zait, landareen bizimoduaren oinarriak azalduz. Hazi batetik sortu eta fruituan bere haziak emanez osatzen den hilabeteetako edo urte mordo bateko bizitza horren funtsa edo fundamentua. Gutxi-gehiago landare gehienetan oso antzekoa den hurrenkera: hazia-sustraia-“enborra”-hostoa-erreserba-lorea-fruitua-hazia. Landarearen zati horietako bakoitzak zer funtzio duen eta nola lan egiten duen ulertuz gero, tantoaren erdia gurea da. Hor daude galderetan azaltzen diren zalantza ia denen erantzunak. Galdera egin aurretik edo eginda, berdin da, hausnartu behar da zer eragin duen horrek landarean. Landarearen tokian jartzea da gure zalantzak argitzeko erarik onena, landarea bezala pentsatzen jartzea.
Landarea sortu duen hazitik landareak berak sortuko duen hazira arteko hurrenkera horretan zer gertatzen den kontzientzia hartu eta pentsatze hutsak garunetako hauts asko harrotzen ditu.
Gure ezagutza eta ikuspegi motzetik, landareen ezaugarririk nabarmenenak hiru dira.
Baga: ez dira mugitzen. Horrek egoera deserosoetara eta une latzak bizitzera eraman ditu milioika urtean, eta ondorioz, irauteko eta bizitzeko sekula erabat ezagutuko ez ditugun adina martingala, azpijan eta azpilan sortu eta perfekzionatzera, maila gorenetan bikaintzera, eraman ditu.
Biga: bizitzeko hazi egin behar dute. Urte asko bizi diren landareek, zuhaixkek eta zuhaitzek zurezkoa edo zurkara den egitura sortu beste aukerarik ez dute. Egitura hori zahartzen den eran, urtero azal berri bat eman beste aukerarik ez du, landarearentzako eguneroko ogia den izerdi gordinaren eta onduaren gorabeherari eutsiko badio. Hortik enbor bat mozten denean ikusten ditugun arandelak; gehienek urtean bat sortuko dute eta zenbaitek, urteko klimaren arabera, baita bi ere.
Higa: landareak bere buruari eusteko gai dira, burujabe dira bere jakiak sortzeko. Guk, animaliok, bizitzeko besteren bat hil behar dugu: oilaskoa, letxuga (Lactuca sativa), eta abar; egunero hiltzaile. Haiek lurrean kide, lagun, apopilo, maizter, bezero eta edozein eratako eman-hartuan zaildutako milaka lankideren bidez ura eta mineralak hartuko dituzte, eta hostoetara eramango. Eta hostoetan mundu honetako bizitza oso-osoari eusten dion mirakulua gertatzen da: fotosintesiaren medioz bere janaria sortzen dute. Argiaren energiarekin, airetik karbono dioxidoa hartu, sustraietatik dakarren uraren molekula hautsi eta azukreak ekoitziko ditu; eta beste bizidun ia guztiok oinarrizkoa dugun oxigenoa askatzen du airera.
Mirakulu horretan garrantzitsuena airetik hartzen duena da. Karbono dioxidoa izango da bere jakien oinarria. Beraz, landareak ia erabat airez eginak dira. Bruselako Jan Baptista van Helmont mediku-kimikari-filosofoak asmatutako esperimentu bat argitaratu zuen bere semeak 1648an. Fotosintesia badela eta berau ulertzen hasteko lehen urrats gisa aitortzen da saio hori. 90 kg lur zuen loreontzi batean, 2,3 kilogramoko zume adar bat (Salix spp.) landatu zuen. Bost urtez, ura besterik ez zion eman. Landareak 74 kg irabazi zituen, baina lurrak ia pisurik ez zuen galdu; arrautza ertain baten pisua, 57 gramo. Bere ustez, urak osatu zuen zuhaitza. Gaur badakigu: zuhaitzaren elikagai diren azukreak batik bat aireko karbono dioxidotik sortzen ditu, uraren hidrogenoarekin osatuta.
Hurrena egurra edo zura edo zuhaitza ikustean, badakizu: ia den-dena airea da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545