Neguari zuztarra moztuko dion sagurik ez da sortu oraindik.

AHTaren zundaketen aurkako ia bi urteko borrokaren balantzea


2025eko martxoaren 16a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Datorren udaberrian, Stop AHT Zundaketak ekimenak bi urte beteko ditu. 2023ko maiatzean, ADIFek Itza, Sakana eta Goierriko udalei jakinarazi zien zundaketa geoteknikoak eta beste jarduketa batzuk egingo zituela AHTaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin lotzeko alternatibak aztertzeko, eta lan horiek urte horretako maiatza eta iraila bitartean egingo zirela. Alarma berehala zabaldu zen. AHTaren trazadura berrien aurka dauden Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako hainbat kolektibok bat egin zuten mehatxu horren aurka, izan ere, zundaketak AHTaren obren inposizioaren hasiera baino ez dira, herri eta haranen borondatearen gainetik. Gauzak horrela, 2023ko ekainean Stop AHT Zundaketak ekimena eratu zen, sei kolektiboren parte-hartzearekin eta helburu argi batekin: zundaketen hasiera geldiarazten saiatzea. Lehenengo jarduera-puntu gisa, protokolo bat ezarri zen zundaketak detektatuz gero oposizioa ahalik eta azkarren aktibatzeko.

Ordutik gaur arte, ekimenak informazio-kanpainak, elkarretaratzeak, mendi-martxak eta bizikleta-martxa bat egin ditu mehatxaturiko haranetan barrena, ADIFek zundaketak egin nahi dituen tokiak ezagutarazteko eta larrialdietan jarduteko protokoloa jendarteratzeko. Aldi berean, azpimarratu behar da kalteturiko eremuetako udal gehienek paper oso garrantzitsua izan dutela, eskuan zituzten legezko tresnekin dagozkien baimenak ematearen aurka agertu baitira.

Botere zentralak jokatzen duen despotismoaren eta prepotentziaren erakusgarri, salatu egin behar dira inolako udal baimenik gabe Ataunen (2023), Otxobin (2024) eta Izurdiagan (2025) eginiko hiru zundaketa saiakerak, kalteturiko udalek zein biztanleen eta jarduera protokoloa aktibatu zuen Ekimenaren esku hartze azkarraren ondorioz geldiarazi zirenak.

Beraz, orain arte oso balorazio positiboa egin behar da: tokiko erakundeen eta Stop AHT Zundaketak ekimenaren oposizioaren bidez, 2023ko irailean amaituta egon behar zuten zundaketak gaurko egunez oraindik hasi gabe egotea lortu da.

Tokiko erakundeen eta Stop AHT Zundaketak ekimenaren oposizioaren bidez, 2023ko irailean amaituta egon behar zuten zundaketak gaurko egunez oraindik hasi gabe egotea lortu da

Hala ere, hau ez da hemen amaitzen, ezta gutxiagorik ere. Duela hilabete eskas Izurdiagan egindako zundaketa saiakeran, kontrataturiko enpresak adierazi zuen baimen guztiak behar bezala zituztenean itzuliko zirela. Horrek berresten digu agertoki-aldaketa betean gaudela: hemendik aurrera kontrataturiko enpresak aldez aurretiko "legezkotasunarekin" etorriko direla, hau da, aldi baterako okupazioen salbuespeneko legediarekin, Franco garaietatik datorren figura juridikoa, eta udalek beren lurraldearen gainean dituzten eskumenak gainditzen dituena. Hori bai, ustezko "legezkotasun" hori indarrez ezarriko dute, José Antonio Santano Garraioetako Estatu idazkariak duela gutxi ohartarazi zuen bezala, lur jabeek eta udalek aurkezturiko zailtasunengatik kexu zenean.

Stop AHT Zundaketak Ekimenarentzat, zundaketak “legezkoak” izateak ez du esan nahi zilegi direnik, kontuan hartuta kalteturiko herritar gehienak aurka daudela eta AHT indarrez inposaturiko azpiegitura dela, biztanleriari kontsultatu gabekoa. Botere zentrala, eskuina eta gezurrak zabaltzen dituzten hedabideak agertokia prestatzen ari dira, nahasmen mediatiko eta intoxikazio kanpaina baten bidez. Kanpaina horren helburua herritarren aurkakotasuna eta oposizioko udalak kriminalizatzea da.

Eszenatoki berrira egokitzeko eta zundaketak eragozteko indarrak batzeko garaia da, ez dezagun ahaztu AHTaren obren hasiera direla. Bailarak eta herri gisa erantzuteko garaia da.

AHTaren zundaketak geldi ditzagun!

Patxi Zubiria Aldaz eta Enea Andueza Otsoa, Stop AHT Zundaketak ekimeneko kideak

Larunbat honetan: AHTaren aurkako eguna Iruñean
Aurrekaririk gabeko krisi eko-sozial batean murgilduta egon arren, administrazioak kosta ahala kosta AHTaren obrarekin jarraitzen du, lurraldea suntsituz eta jendarte-beharretarako ezinbestekoak diren baliabideak xahutuz. Hasi... (+)
gora