Asteroko buletina
Otsaileko elurrak ongarri hoberena balio du.

11.000 zuhaitzen mozketa aldarrikatu dute Azpeitian eta Berangon, “landaketa industrialaren” aurkako ekintzan

Lurraren Altxamenduak mugimenduak eman du “aurreko asteetan” buruturiko ekintzaren berri. Zuhaitz landaketaren eredu industriala krisi ekosozialaren eragile garrantzitsua dela salatu du mugimenduak, naturaren eta langileen esplotazioan oinarritzen delako eta lurra kaltetzen duelako. “Bailaraz bailara” antolatu eta “landaketa industrialak desegitera” dei egin du.


2024ko apirilaren 09a
2021eko abuztuan antzeko ekintza bat burutu zuten hogei ekintzaile inguruk Arratian, Iraultza Txikien Akanpadaren testuinguruan. Ehunka eukalipto moztu eta haritzak landatu zituzten.

Ohar bidez eman du mozketa masiboaren berri Lurraren Altxamenduak. Zehaztu dute Azpeitian eta Berangon “11.000 zuhaitz inguru” moztu dituztela, orotara bederatzi hektareako zabaleran. Sabotajea “krisi ekosozialaren” testuinguruan kokatu dute, eta, zehazkiago, lurraren “emankortasunaren eta bioaniztasunaren” galeran.

Basoa vs monolaborantza industriala

“Baso-industriaren etengabeko propagandak kontrakoa badio ere, argiki esan beharra dago zuhaitz landaketa hauek ez direla basoak. Basoak bizidun aniztasuna duten ekosistema konplexuak dira, adin, tamaina, forma eta kolore ezberdinetako landare, onddo eta animaliek osatuak”, azaldu du mugimenduak. Salatu du eredu industriala pinuaren edo eukaliptoaren moduko hazkunde azkarreko zuhaitzen monolaborantzan oinarritzen dela: “Espezie bakarra erabiltzeak, hau urte gutxiren buruan arraseko mozketa bidez moztu eta ateratzeak, erabilitako makineria astunak eta hau mugitzeko egiten diren pistek mendietako lurzoruak izugarri kaltetzen dituzte”. Beren esanetan, mendetan ondutako aberastasuna eta aniztasuna “belaunaldi gutxi batzuetan” jarri da galbidean.

“Zuriketa berdea” egitea leporatu die mugimenduak egur produkzio industrialaren sektoreari, Smurfit Kappa, Iberpapel eta Kutxabank jarrita adibide gisara: “Beraien burua ingurugiroaren babeslez mozorrotzen dute, natur guneen txikizioaren arduradun nagusiak diren bitartean”. Zuriketa ariketa hori enpresek “administrazio publikoaren konplizitatearekin” egiten dutela salatu dute, “Basotik bezalako txiringito publiko-pribatuak adibide”. Baita lur horiek pertsona “prekarizatu eta migranteak” esplotatuta kudeatzen dituztela ere. “Bereziki lan arriskutsua, istripu indize oso altua duen sektorea baita”.

Proiektu “txikitzaileak” gelditzera deia

Zuhaitzen landaketa industriala “gelditu beharreko beste hainbat proiektu txikitzaileren pareko” dela iritzi dio Lurraren Altxamenduak mugimenduak. Horien artean zerrendatu ditu AHTa, autobideak eta autobide elektrikoak, edo energia berriztagarrien makroproiektuak.

Bestelako elikadura eta basogintza ereduak sustatzeko beharra aldarrikatu du mugimenduak, eta eredu industriala oztopatzekoa: “Diru goseak mugitutako jendilaje honen makineria eta praktika erasokorrak geldiaraztea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu. Horregatik, bailaraz bailara taldeak sortu eta eraso hau gelditzeko ekimenak martxan jarriaz, landaketa industrialak desegitera gonbidatu nahi zaituztegu”.

2x16: Zomorroak I Iñaki Mezquita Aranburu (Aranzadi)
2024-05-01 | Bizi Baratzea, ARGIA
Munduan erregistratuta dauden animalien % 50 intsektuak dira, bitik bat, eta, hori, identifikatuta baino, identifikatu gabe dauden intsektu gehiago dagoela estimatzen dela. Zomorroak dira askorentzat,... (+)
2x15: Euskolabel tomatea hidroponikoa da | Marta Barba
2024-04-25 | ARGIA, Bizi Baratzea
Tomateaz tesia egina du Marta Barba-k eta Egonarria saioan Elirekin elkarrizketan azaldu du zer den hidroponia teknika. Bere hitzetan, gakoa da aztertzea "noiz eta zergatik"... (+)
11. Kartzelako belar hitsak
2024-04-22 | Bizi Baratzea, ARGIA
Gaurko sendabelarra horma-belarra, pareta-belarra, txarrangilla edo odol-belarra (Parietaria judaica) izenez ezagutzen da eta une hauetan erruz daukagu gure herri zein hirietako horma eta hormigoi arteko... (+)
2x14: Baratze-oihanetik burujabetzara | Gorka Torre
2024-04-17 | ARGIA, Bizi Baratzea
Elikadura burujabetzaz ari garenean geroz eta gehiago hitz egiten da baratze-ohianaz edo baso jangarriaz. Baina zertan datza? Eta nola landu behar dira lurrak baratze-oihan bat... (+)
Biodibertsitatearen galera: kausak eta ondorioak
2024-04-14 | ARGIA
Lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik sareak topaketak egin ditu Azpeitian eta biodibertsitatearen inguruko hitzaldi hau eskaini du bertan Iker Apraizek; beronen gareleraren kausa eta ondorioei... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora