Euri guti urtarrilean, ogia eder uztailean

Basoko arotz mihi-luzea

Basoan barrena oinez joan eta hara, ‘krrukrru-krru’ ozen bat entzun da. Bi aldeetara begiratu... Nor ote? Okil beltza hegan. Ez da hegazti txikia eta kolore beltza du, beleak bezala. Antzeko tamaina eta kolore bera dute bi hegazti horiek, horregatik da agian Sakanan galarbele gisa ezaguna. Baina okil beltzak, beleak ez bezala, hegakera nahiko zuzena du. Bere moko zuriak punta grisa dauka eta arrek txano gorria daukate; emeek, aldiz, garondoan bakarrik dituzte luma gorriak.

Nerea  Pagaldai Agiriano
Nerea Pagaldai Agiriano

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko otsailaren 26a
Argazkia: Hiyashi Haka / CC BY-NC-SA 2.0
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Okil beltza (Dryocopus martius)

Taldea: Ornoduna / Hegaztia.

Neurria: Mokotik-isatsera 40-46 cm. Hego-luzera 67-73 cm.

Non bizi da? Baso helduetan.

Zer jaten du? Intsektu saproxilikoak, inurriak, fruitu eta zuhaitzen izerdia.

Babes maila: Europan zorrozki babestuta dago.

Enborrean gora eta behera mugitzeko aparteko trebetasuna du espezie honek bi ezaugarriri esker: X itxuradun atzapar bereziak eta tripode lana egiten duen isats gogorra. Egurrean zuloak egiten trebeak dira, azpiko geruzetan aurkitzen diren har eta zomorroak bilatzeko. Enborra zulatzeko gaitasun hori okilen familiako kide gehienek daukate. Baina okil beltza, guztietan handiena izanik, enborrak txikitzen izugarri trebea da. Basoan entzun genezake okilek enborra zulatzean egiten duten soinua. Okilak bere mokoarekin egunean 12.000 kolpe jo ditzake enborrean, a ze potentzia! Eta hori guztia kalterik jasan gabe, noski. Baina nola da posible buruarekin egurrari kolpeka ibili eta sano bukatzea? Okilen familiako kide guztien buruek daukate kolpeen dar-daretatik babesteko sistema bat. Alde batetik, mokoa zorrotza izateaz gain, azpiko zatia luzeagoa da goikoa baino, horrela, inpaktuaren energia beheko aldean kontzentratzen da, garezurretik aldenduz. Gainera, garezurrean espazio libre gutxi daukate, beraz, kolpea ematerakoan burmuina ez zaie asko mugitzen. Bestetik, airez beteta dauden hezur harroak dituzte, inpaktua ematen denean hezurra apurtu beharrean deformatu dadin. Eta azkenik, bere mingainak garezurreko hezur elastikoak dardaratik babesten ditu.

Baina nola da posible mingainak garezurra babestea? Ba hara, okilen mingaina berezia da: oso luzea da eta beste hegaztiek ez bezala, kanporantz hainbat zentimetro atera dezakete. Eta non gordetzen du hain mingain luzea? Gezurra badirudi ere, hori sudur zuloetan hasten da, begi artetik pasatzen da, garezurraren atzealdera doa eta ondoren azpitik ahoraino. Hau da, mingaina garezurrean kiribilduta dago eta honi esker okilak enborra kolpatzen duenean mingainak garezurraren motelgailu funtzioa betetzen du, hura babestuz. Baina hori ez da mingain honen funtzio bakarra: enborrean eginiko zirrikituen gune sakonenetan ezkutatzen diren zomorroetaraino heldu daiteke. Mingaina estua izateaz gain, arantza moduko batzuk ere baditu, horiekin intsektuak hobeto harrapatu eta azalera ekarri ahal izateko. Listu itsaskorra du gainera, enborraren zirrikituetan dauden zomorroak bertara itsatsi daitezen. 

Okil beltzak orokorrean pagadi eta baso misto atlantikoak ditu gustuko, baina beste baso edo landaketa mota batzuetara ere egokitu daiteke, Monterrei pinu landaketetara kasu. Basoek helduak izan behar dira, espezie honek behar-beharrezkoa duena egur hila baita. Zuhaitzaren adar bat, enborraren zati bat edota zuhaitz osoa hiltzen denean eta onddoek egurra bigundu ostean, intsektu saproxilikoz betetzen da. Intsektu saproxilikoak, beraien bizi zikloa aurrera eramateko egur hila behar duten intsektuak dira, okil beltzaren gustukoenak. Inurriak ere jaten ditu, baita fruituak eta zuhaitzen izerdia ere.

Espezie honek dituen arrisku handienak honakoak dira: ehiza, pestizidek eragindako elikagai-eskasia eta zuhaitz zaharrak kentzen dituen baso-ustiaketa. Zuhaitz zaharrei esker dago egur hila basoan. Hildako egur horrek izugarrizko biodibertsitatea dakar, bertan sortzen diren zuloak animalia espezie askorentzako babesleku edo habia direlako, batetik. Eta bestetik, aipatutako intsektu saproxilikoen presentzia bermatzen dutelako, eta ondorioz, horietaz elikatzen diren espezieena ere bai, okil beltza esaterako.

Migrazioa
Jakin badakigu hegaztiek migratzen dutela: sai zuria (Neophron percnopterus) edo enara arrunta, (Hirundo rustica) beste batzuen artean, udan gurean izaten ditugu, umatzen; baina neguan, aldiz,... (+)
Erreketako arrantzale trebea
Hor doa koartza hauskara, errekan zehar, ura hanken erdiraino iristen zaiola, pixkanaka mugituz aurrera. Eta gelditu da, estatua bat balitz bezala, geldi-geldirik, arrainak gerturatu zain.... (+)
Urubien atzetik
Landa guneetako eta eremu urbanoetako urubien arteko ezberdintasunak ikertzeko helburuarekin, harrapari gautar honen jarraipena egin genuen lau urtez Aranzadi Zientzia Elkartean. Hirietan ere bizitzera moldatzeko... (+)
Basoen zaindaria
Bele, erroi eta miken familiako lehengusu desberdina da. Gurean ditugun korbidoek orokorrean lumaia beltza izaten dute, beleak eta erroiak kasu, edota zati bat gutxienez beltza,... (+)
Maitasunaren erakusle ezin hobea
Euskaldun askorentzat txoririk politena eta argiena omen da; kantua ere badu, horixe bera esaten duena. Batzuentzat sakratua ere bada txori hau: Jesukristo gurutzetik salbatzera joan... (+)
gora