Astelehenero 8:00etan zure epostan
Zure lagun batek esaten baldin badizu bere arreba (itsas) oilarraren enbaxadorea dela, eta zu letrei buruz asko baina gainerako jakintza-eremuen inguruan gutxitxo dakien norbait bazara, automatikoki pentsatzen duzu: “Elkarrizketa bat egin nahi diot”. Udazkeneko lehen zaparradaren pean azaldu zizkidan Miren Altuna Etxabek urpeari buruzko kontu jakingarriak.
Biologia ikasi zuen EHUn, eta Valparaísoko (Txile) unibertsitatean egindako egonaldi baten ostean, itsaspeko bizitzan zentratzea erabaki zuen. Ozeanografia eta Itsas Inguruneko masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean. Tesia, berriz, Bizkaiko Golkoko arrantza mistoko estrategien inguruan landu zuen, AZTIn (Itsas ingurunean eta elikaduran espezializatutako zentro zientifiko eta teknologikoa). Gaur egun, bertan dabil ikertzaile. Horrez gainera, Hernaniko Hegatz Urpekaritza Elkarteko kidea da.
Biologia ikasi zenuen, nolatan?
Animaliak eta naturarekiko lotura beti eduki izan dut. Ikasketak aukeratzeko dudak izan nituen, baina biologian sartu nintzen.
Azken urtean sei hilabeteko egonaldi bat egin nuen Txilen, Valparaíson, itsas unibertsitate batean. Lau ikasgai egin nituen. Bat zen algak, algak industrian eta beren erabilera: flipatu egin zidaten. Beste bi ikasgaitan arrantza-presio ezberdinak zituzten eremuak aztertu genituen: ekosistemak, oreka-beharrak, kate trofikoan horrek zuen eragina… Eta azken ikasgaia zen urpekaritza. Eta horrekin guztiz engantxatu nintzen itsasora.
Valparaíson piztu zitzaizun itsasoarekiko harra.
Beti eduki dut jakin-mina. Naturak ezin du bere burua defendatu, eta, gainera, iruditzen zait itsasoan gertatzen diren gauza asko ezkutuan gertatzen direla: horrek ardura eta erantzukizun handia pizten dizkit. Beti gustatu izan zait itsasoaren misterio hori. Baina ez nuen uste hainbeste gustatuko zitzaidanik.
Eta masterra ozeanografian egin zenuen, Bartzelonan. Zer moduz?
Primeran. Oso dibertsoa naiz, eta hainbat gauza gustatu zitzaizkidan. Adibidez, planifikazioaren arloan, kai-muturren kontua, nola eusten dioten hondartzari, horrek nolako eragina daukan… Kai-muturrez ez nintzen inoiz pentsatzen jarri, ni gehiago nengoen animalietan, eta ezustean harrapatu ninduen.
Beste ikasgai batean, astebetez egon ginen Medes uharteetan urpekaritza egiten, eta gozamena izan zen. Transeptuak egiten genituen, libretatxo batekin espezieak kontabilizatzen gindoazen, ea zenbat ikusi. Gero estatistika batzuk atera genituen.
"Kontua da arrantza beheraka doala: jaisten ari da, pila bat. Eta arrantzaren ikerkuntzara bideratutako dirua ere bai, eta gu ari gara hor iraun nahian"
Jakin-mina sartu zait ea zer-nolako tresnekin sartzen zineten.
Koaderno plastifikatu bat hartu, eta arkatz batekin markatzen duzu ur azpian, super oinarrizkoa [barreak]. Gero, masterraren harira aukera izan nuen Kanpaina Ozeanografiko batean parte hartzeko. Hogei egunez itsasontzi ozeanografiko batean itsasoratu ginen mikroplastikoak aztertzeko. Dragekin hondoa hartzen genuen, sedimentua, ikusteko barruan zer zegoen. Horrez gain, ur azaletik sare bat arrastatzen genuen mikroplastikoen laginak hartzeko. Oso polita izan zen.
Ostean, Madrilen ere aritu zinen bestelako kontu batzuetan.
Beka bat eman zidaten eta urtebetez egon nintzen Madrilen, proiektu europarretarako proposamenak aztertzen. Hor itsasoa zero, hor bulegoa [barreak]. Baina esperientzia oso ona izan zen, asko ikasi nuen.
Proiektuak iristen zitzaizkidan, itsasokoak gehienak baina lurtarrak ere bai, eta baloratzen nuen zeini emango genion Europatik zetorren dirua. Ikasi nuen horretan ere datzala ikerketak: lortu behar dituzu proiektuak, dirua… Esperientzia horrek balio izan zidan proiektuak garatzen ikasteko: zer hartzen duten aintzat dirua ematen dutenek, non jarri behar den indarra proiektuetan…
AZTIn hasi zinen gero, teknikari moduan.
Hor sartu nintzen modelaketaren munduan. Ni ez nintzen oso ordenagailu zalea, ordura arte. Orain topera ari naiz horretan, baina kodean aritzea, pantaila beltzean lan egite hori… garai hartan eman nuen saltoa.
Kodean lan egiten duzu?
Bai. Modelaketa honetan datza: datuen bitartez ikusten dugu nola dagoen espeziea, nola dagoen bere populazioa. Bai teknikari lanean bai tesian, ildo beretik segitu dut.
Teknikari bezala nengoenean, ebaluaketak egiten nituen. Kalkulatzen nuen espeziaren populazioa, eta gero proiekzioak egiten nituen: adibidez, hurrengo urtean ez dakit zenbateko kuota jartzen badute, eta hori arrantzatzen bada, zenbateko populazioa egongo da? Nola eragingo dio flotari ekonomikoki? Eta gehigarri bezala egin nuena izan zen bost espezie sartu –txitxarroa, berdela, legatza, antxoa eta sardina–, eta haien arteko interakzioa kontuan hartu –zeinek jaten duen zer; bat gutxi dagoenean bestea zer– edo ingurumen faktoreei erreparatu, adibidez, tenperatura jaisten denean antxoa igotzen dela, baina bestea jaitsi.
Tesian, aldiz, arrantza mistoari erreparatu zenion.
Arrantza-mota batzuetan espezie bat arrantzatzen da, eta listo. Kuota bat daukazu, errespetatzen duzu, eta kito. Baina arraste-ontzietan, adibidez, edo espezie asko arrantzatzen dituzunean, agian arrain baten kuotara iristeko beste batena gainditu behar duzu. Orduan, tesian egin nuena izan zen Bizkaiko Golkoan egiten den arrantza mistoa ebaluatu –zer espezieren kuota arrantzatzea den zailena beste espezieen kuota gainditu gabe–, eta etorkizunera begira zenbait estrategia planteatu nituen.
Gainera, ebaluaketan kontuan hartzen ez diren beste espezie batzuk ere arrantzatzen dira: arraiak, tiburoi batzuk… Saiatu nintzen horien populazioak ere estimatzen eta ebaluaketan sartzen.
Arrantzan diharduzu, beraz, bete-betean.
Bai, arrantzaren gestio jasangarria da nire lan-eremua. Arrantzak irautea nahi dugu. Era jasangarrian itsasoa ustiatuz gero, probablea da arrantzak betirako irautea. Arrantzak ez du zertan txarra izan itsasoarentzat, baina jasangarria ez den momentuan ekosistema guztia kolokan geratzen da.
Kontua da arrantza beheraka doala: jaisten ari da, pila bat. Eta arrantzaren ikerkuntzara bideratutako dirua ere bai, eta gu hor ari gara, iraun nahian.
"Europak hartzen du zientzialarien iritzia, baina baditu ere bai arrantzaleak eta presio politikoa. Eta horren arabera ematen du kuota"
Zure nebaren bitartez jakin nuen nik arlo honetan zenbiltzala. Berak “oilarraren enbaxadorea” zinela aipatu zuen. Zer egiten duzue enbaxadore gisa?
Nik egiten dudana zera da: badago modelo bat, hainbat probaren bidez oso ondo egiaztatua, talde batek onartua. Urtero modelo hori erabilita estimazio batzuk ateratzen ditugu, urteko datu berriak gehitu, eta ikusi hurrengo urtean zenbat harrapatu behar den… Ez dakit zenbat sakondu behar dudan.
Sakondu lasai.
Modu sinple batean azalduta, esan dezakegu bi neurgailu hartzen ditugula kontuan. Batetik, errendimendu maximoa eta bestetik biomasa limitea. Espezie bakoitzak bere errendimendua du. Errendimendua lehenengo aldiz arrantza-zikloan sartzen den indibiduo kopurua da. Lehenengo aldiz arrantzatua izan daitekeena. Biomasa limitea berriz, espezie batek modu seguruan erreproduzitu eta ez desagertzeko behar duen populazioaren gutxieneko biomasa da.
Imajinatu grafika hau: alde batean dago populazioa, eta bestean errendimendua. Populazioa zenbat eta handiagoa izan, errendimendua igotzen da, baina puntu bateraino. Puntu horretatik aurrera, itsasoan ez dago nahikoa baliabiderik, eta biomasak gora eginda ere, errendimendua maximo horretan mantentzen da. Eta, hortik abiatuta, errendimendu maximoa eta gutxieneko biomasa kalkulatzen dira. Guk, bi datu horiek hartu, bestelako arrantza datuekin gurutzatu, eta arrantza kuota batzuk proposatzen dizkiogu Europari, zientzialari bezala, hurrengo urterako.
Eta zuk oilarraren ardura daukazu.
Ni arduratzen naiz oilarraren balorazioa egiteaz. Baina talde batean nago: ni naiz oilarrarena, beste bat dago zapoarena, legatzarena… Urtean behin elkartzen gara, gure ebaluaketa aurkezten dugu, feedbacka jasotzen dugu, eta taldearen eta gure goikoen oniritziarekin, kuota bat proposatzen diogu Europari. Gero Europak hartzen du aintzat zientzialarien iritzia, baina baditu ere bai arrantzaleak eta presio politikoa. Eta horren arabera ematen du kuota. Ez du esan nahi nik esan dudan kuota jarriko denik, gurea proposamen zientifikoa da.
Nolabait ere, adituen iritzia litzateke zuena.
Berez, gure arrantza-kuota proposamenetik ezin dute asko urrutiratu. Baina kuotaren erabakiek eragin handia dute hainbat aspektutan –arrantzaleen lana, arrainaren prezioa…– eta kuoten mugimendua oso polemikoa izan daiteke.
Arrantza jaisten ari dela aipatu duzu lehen. Nola eragiten dio horrek zuen lanari?
Arrantza jaistearen harira, ekonomia urdinean sartzen ari gara.
Zer da hori?
Itsasotik datorren dena. Arrantzaz gain, itsasoak beste hainbat ekosistema-zerbitzu ematen ditu –garraioa, turismoa, energia berriztagarriak…– eta ekonomia urdinak denak hartzen ditu kontuan. Orain horrantz goaz, azkenaldian ateratzen diren ikerketa proiektuak gai horien bueltakoak izaten dira, baina nik arrantza jasangarriari garrantzia ematen jarraitu nahi dut. Esan bezala, arrantza jasangarriak betirako iraun dezake. Baina itsasoak osasuntsu egon behar du.
Etorkizunera begira, horixe da zure kezka nagusia?
Bai, ea zer gertatuko den arrantzarekin. Niri izugarri gustatzen zait oilarraren enbaxadorea izatea [barreak]. Asko engantxatzen dit. Orain buru-belarri gabiltza horretan. Maiatzean bildu ginen gure taldeko enbaxadoreak, eta gure espezie ia guztiak onartu ziren, baina oilarren ebaluaketa dudan geratu zen.
Zer dela eta?
Taldekoek onartu genituen, baina goragoko organoek atzera bota zituzten eta hobekuntza proposamen batzuk jaso genituen. Gure ardura izan da maiatzetik urrira bitartean aldaketa horiek egitea, ekarpen horiek jasotzea, eta orain, azaroa hasieran jakingo dugu onartu diren ala ez.
Hori da oraintxe daukadan erronkarik handiena: oilarraren ebaluaketa fidagarri eta egonkor bat lortzea. Azkenean, maila pertsonalean hartzen duzu. Polita da horregatik ere, espeziea hain zeure hartzen duzu, bere alde borrokatu nahi baituzu.
"Azkenaldian ateratzen diren ikerketa proiektuak ekonomia urdinaren bueltakoak dira, baina nik arrantza jasangarriari garrantzia ematen jarraitu nahi dut. Arrantza jasangarriak betirako iraun dezake. Baina itsasoak osasuntsu egon behar du"
Gaiz beste eginda, urpekaritzari helduko diogu. Izan ere, urpekaritza elkarte bat daukazue Hernanin bertan.
Duela urte batzuk enteratu ginen Hernanin urpekaritza talde bat zegoela, Hegatz Urpekaritza Elkartea, Galarretan. Gehienak jubilatuak dira, eta bizpahiru bakarrik dabiltza oraindik urpekaritzan, baina kristoren pasioarekin bizi dute.
Txiletik etorri nintzenean, hasi nintzen urtebetetzeetan ekipazioa eskatzen, bikotekidea ere engantxatu nuen, eta bera ere goitik behera ekipatu zen. Geure kasara joaten ginen askotan, edo zentroetara, baina garestia zen. Orduan, jakin genuenean elkarte hau zegoela, bertan aurkeztu ginen, guk ere nahi genuela sartu. Eta beraiek poz-pozik.
Lekukoa zineten.
Egia esan, aurten sekulako bultzada eman diogu. Ekainean egin ditugu bataioak –igerilekuan joan-etorri batzuk–, eta gero, parte hartu zutenei titulua gurekin ateratzeko proposatu genien, merkeago ateratzen zelako. Hamar batek edo atera dute titulua. Oso pozik daude, eta gehienak elkartera sartuko direla uste dugu.
Nora joaten zarete?
Baditugu bi itsasontzi, txikia eta handia. Aurten, lehen aldiz, Orion hartu dugu leku bat zodiac-a amarratzeko.
Zer egiten zenuten bestela, Hernanira ekarri?
Bai, elkartera. Erremolke baten gainean jarrita. Baina denbora asko jaten zuen, beste ezer baino gehiago. Asteburua, umeak, ez dakit zer…Eta orduan pentsatu genuen efizienteagoak izan behar genuela, nahiz eta diru gehiago gastatu, eta egia esan, aurten super ondo ibili gara, astebururo atera gara eta oso ondo. Urpean ibili, eta gero hirugarren denbora egiten dugu: tortilla patatak eta beste; hori beti dago.
Eta hor, ur azpian, zer-nolako esperientzia da?
Gozamena. Lasaitasuna, deskonektatzen duzu pila bat. Beste mundu bat da. Lasai-lasai. Leku batzuetara asko joaten gara, eta beste batzuetara probatzera joaten gara, goazen hara ea zer dagoen. Askotan kamerarekin ibiltzen gara, argazkiak egiten ditugu, edo pasata bazaude, deskonektatzera zoaz. Hartzen duzu zure linterna, bazoaz zure linternarekin, eta ateratzen zara berria bezala.
"Itsasoa ez baldin badugu mantentzen, izorratuta gaude, eta itsasoa mantentzeko modua da ustiapen jasangarria"
Besterik esan nahi zenuke?
Orain nire kezka nagusia zera da: arrantza salbatu behar da.
Hori litzateke zure titulua?
Ez dakit. Nik benetan pentsatzen dut itsasoa dela… Hara, bizitza hortik sortu da. Itsasoa ez baldin badugu mantentzen, izorratuta gaude, eta itsasoa mantentzeko modua da ustiapen jasangarria. Edo bestela bakean utzi, baina nola bakean ez dugun utziko, ba ustiapen jasangarri bat.
Ekonomia urdinaren kontuarekin, kruzeroen eta halakoen gaineko kezka ari da nagusitzen.
Orain badirudi, agintariek horretara bideratu nahi dutela ikerketa: kruzeroak, Amazoneko garraioa… Baina niri pena eman dit arrantza alde batera uzteak.
Arrantzaren inguruko bestelako ikerketak ere egongo dira, antropologikoak, pixka bat euskal kulturarekin lotuta…
Ni arlo horretan adibidez oso gutxi aritu naiz, eta gustura egingo nuke. Iruditzen zait falta dela. Egingo nuke proiektu bat dena aintzat hartzen duena: herritarren kontsumo ohiturak, itsasoa ulertzeko modua, arrantzaren bueltako teknologia, ofizioa bera, espezieak eta haien migrazio-dinamikak… pixka bat ikusteko zer gertatu den. Iruditzen zait oso proiektu indartsua izango litzatekeela. Baina zeinek pagatuko du hori?
Hori deigarria da, helburua ez dela ezagutza bere horretan, baizik eta erabilgarritasuna.
Niri hori oso argi geratu zait. Hasieran uste nuen sartuko nintzela nire koadernoarekin gauzak egitera, eta orain konturatzen zara ez badauka eragin ekonomikorik, ez badu dirurik mugitzen, ez dizula inork finantzatuko. Eta finantzaziorik gabe ez daukazu soldatarik.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545