Astelehenero 8:00etan zure epostan
Gabon,ekainean noiz moztu behar da idatzea gutxiago ateratzeko ? Millesker
Beti ilgoran moztea komeni da. Ekainean ilgora 12tik 24ra izango da. Egun apropos bat esatea nahi baduzu 18a. Uztaila ere ez da txarra, ekainean moztutatoek mutur berria botea izango dute, berbizi nahian eta horiek moztuz gero kolpe latza emango diozu. Uztailean ilgora 9tik 22 eguerdira artekoa izango da, eta egun aproposak 15 eta 20 izango dira.
Gaur arte erantzundakoak (1025 galdera-erantzun)
Jakin nahiko nuke balkoian dudan gorosti emeak zergaitik galdu edo ilartu egiten dituen loreak ta zer egin zitekeen. Oraindik metro erdiko luzera ez dauka ta duela bi urte oparitu zidaten. Esker aunitz
Hasteko, nolaz dakizu gorosti landare hori emea dela? Emea balitz ere, metro erdi batera iristen ez bada, oraindik umetxo txiki bat delako da eta ez da gai fruituak eta haziak emateko. Bestetik hazteko eta koxkor gorriak emateko heldutasunera iristeko loreontzi handia jarri beharko diozu, ahal den handiena.
Egun on, etxe barruan loreontzi batean dudan amarillis landareak haziak eman ditu, eta saiatu nahi dut horiek ereiten. Bilduko al ditut dagoeneko, edo bere horretan gehixeago utzi? Haziak nola gorde erein arte? Eta batez ere, noiz eta nola erein eta zaindu behar ditut? Oso zaila al da hazitatik amarillis berria ateratzea?
Ez da bereziki zaila hazitik ugaltzea. Haziak lorea zen horretan utzi behar bezala heldu arte. Berak erakutsiko dizu haziaren azala lehortzen eta gogortzen denean denean pronto egongo da jasotzeko. Aste pare bat hozkailuan eduki eta gero, beranduenera uda erdia aldera erein.
Kaixo jakoba, lehenik eta behin barkatu nire euskera mailagatik ikasten hari naiz eta. Irrrati saioan exam zenuen tomateak ez zirela ureztatu behar, hori argi geratu zait, bestalde esan zenuen tajeteak ipintzea bereain ondoan ondo legokela , baina tageteak ureztatu beharrean gaude esta? Orduan ez da txarra izango tomatearentzat ? Eskerrik asko
Tajeteak tomate tartean jartzea oso egokia da, tomatearen sustraiak zaintzen dituzte, arerioak uxatuz. Tomatea landatzen denean ureztatzea ez da txarra, lurra hezea badago ez du beharko eta tarteko tajeteak ere ez. Tomateak behar badu, bi-hiru eguneko tartearekin basokada bat ura eman bakoitzari, hostoak busti gabe, eta tajeteei beste horrenbeste. Hortik atzera ez du urik beharko ez tomateak ez tajeteak.
Kaixo Jakoba!!! Gereziondoa eta sagarrondoa, egun gutxitan zorri beltzez bete zaizkit. Erremedioa jaboi ura izango da? Baina zenbat egunetik behin? Eskerrik asko.
Bai xaboi potasikoa edo xaboi beltza erabiltzea onena. Ondo busti behar dira arbolen kimu muturrak, hantxe biltzen baitira zorriak. Helburua ez da landarea bustitzea, zorri guztiak bustitzea baizik. Horregatik hiru-lau egunetik behin errepikatzea komeni da, zorria garbitu arte.
Kaixo: gaztelaniaz rata-topo dena nola esango zenuke euskaraz? Nahaste dezentekoa dago satitsu, satain, sator...Zein da zein? Mila esker
Hemen rata-toporik ez dut ezagutzen. Afrikako ekialdean bizi da. Satorra, Talpa europaea. Satitsuak Euskal Herrian zortzi especie ezagutzen dira eta arruntena Crucidura russula izenekoa da. Sataginak ere bat baino gehiago ditugu, lursagu ere esaten zaie. Ezagunena eta kaltegarriena satagin arrunta da, Myodes glareolus.
Kaixo Jakoba. Zelan? Zuregana jotzen dut galdera bat egiteko. Herrian, Arabako mendialdean (Maeztu) jendea jada ortua jartzen hasi da, baina nik zalantzak ditut noiz landatu. Zuk nola ikusten duzu? Mila esker
Horiek denak landatzeko sasoi betean gaude. Maiatzaren 29an hasi eta ekainaren 11ean amaituko den ilbehera osoa oso ona izango duzu landaketa lan horietarako.
Kaixo Jakoba: Tomatea, letxua, kuiatxoa eta piper batzuk landatu nahiko nituzke. Berandu al nabil? Horrela ez bada, zein egun aholkatzen didazu horretarako? Mila esker!
Ez zabiltza berandu ez, sasoi betea da orain. Landaketak egiteko egun onenak ilbeherakoak dira. Ilbeheran 29an sartuko gara ekainaren 11 arte. Letxugentzako egun onenak maiatzaren 31 eta ekainaren 10 eta 11 izango dira. Gainontzekoentzako, fruitua eman behar dutenak, ekainaren 1, 2 eta 3. Hala ere ilbehera osoa da ona.
Aste honetako BIZI BARATZE-n Fruitu zuhaixken aldaxkak landatzeko sasoi ona dala ilgora hau dinozu. Azaldu zeinke zabalago? Gurean claudia arbola biak bota dauz haizeak oraingo neguan. Bat bizirik dagoela emoten dau, fruituren bat ere badeuko. Biek kimuak botata deukez eperdian. Berbizitu neikez?
Fruitu zuhaixken aldaxkak orain kimu berritzerakoan egiten dira. Kimua oso aurreratua badago, irailerako uztea hobe da. Sasoiko lana da, baina ilgorakoa ez ilbeheran egitea komeni da. Klaudia okarana ez da zuhaixka, arbola baizik. Okaran arbolek kimu berriak nondik bota dituzten ikusi behar da. Horiek txertatutakoak izaten dira eta txertuaren azpitik emandako kimuak badira, gero ere berriro txertatu egin behar dira, oraindik bizi den horren adarrekin, adibidez. Okaranondoa arbola indartsua da eta gehienetan ederki biziberritzen da.
Eskertuko nizuke esango bazenida argazkian ikusten den izurritea zer motakoa den eta nola ekidin daitekeen.
Zorria da. Ohiko izurritea da eta beti izerdi gozoena dabilen tokian pilatzen da, kimu berrietan, alegia. Tratamendua xaboi potasikoarekin egiten da. Uretan xaboi potasiko pittin bat nahasi eta dena ondo busti. 3-4 egunero tratatu garbitu arte.
Kaixo Jakoba! Kalabazinak landatu edo ez, eta non erabaki nahi dugu. Aurreko urtean ez genituen jarri, aurreko urteetan uzta txarra izan genuelako. Landareei hostoak gris jarri eta oso fruitu gutxi eta txikiak ematen zituzten azken urteetan; hasieran ale on batzuk baina gero jada ez. Beti leku berdinean landatzen genituen. Eta orain dela urte batzuk uzta onak izan genituen; baina azkenengo urtetan ez. Zergatik izan daiteke? Lekuagatik, lur zati horrek zerbait du faltan edo gehiegi agian? Aurten landatzera animatzen bagara, leku berdina egokia izan daiteke (aurreko urtean ezer landatu gabe egon da)? Edo beste toki bat hobe?
Zalantzarik gabe jarri. Iaz toki hori ezer gabe egon bada bertan landatzea egokia da. Ongarri asko behar du kuiatxoak. Ongarri heldua edo ondo heldu gabekoa berdin da. Ongarri gutxi izateak ekarri dezake hasi ondo baina gerora ale kaxkarrak ematea. Hauts zuri hori zurina da edo oidioa, onddoek sortutako gaitza. Urtean zehar zer gori egiten duen arabera ugaltzen da eta eraso latzak jotzen ditu. Giro epelak eta hezetasuna behar ditu. Oso zaila da berari aurre egitea, baina hostoren bat zurituta ikusten badezute kendu eta erretzea komeni da, gainontzekoetara ez hedatzeko. Polinizazioa ere zaintzeko kontua da. Erleek ez dute kuiatxoa polinizatzen, erlastarrek eta abarrek egiten dute. Giroaren arabera, baina eskuz egiteak laguntzen du. Nahi izatera 3-4 egunetik behin eskuz polinizatu. Lore emeak eta arrak izaten ditu. Emeak ireki aurretik dagoenerako atzean kuiatxo txiki bat du. Arrak aldiz ez, txortena eta lorea soilik. Hartu lore arra, -ezkil itxurako petalo hori handiak kendu eta barruan ixipu edo makiltxo iletsu bat geratuko da. Hor dago polena eta horrekin igurtzi behar da lore emeen barruko ziria. Orain lehen landaketa egin. Gero bigarrena uztailean.
Bada hilabete berotegian ilarra landatu eta behin uzta jasotzen hasi ondoren erabat zuritu zitzaigula. Horiek bota eta tomatea jarri genuen bertan. Segituan orbain zuriak atera zaizkie. Zer egin/bota genezake?
Zuri hori eta ilarrena ez da gauza bera. Ilarrena zurina da edo oidioa; onddo batek sortutako gaitza. Tomatearen hau elikagairen baten falta dela iruditzen zait. Hori sortu daiteke beste elikagairen bat gaindosian egon eta landareak behar bezala hartu ezin duelako edo faltan den hori lurrean ez dagoelako. Aurrez ilarrak egon badira bertan nitrogeno gaindosia egon daiteke lurrean. Gehiegizko nitrogeno horrek beste elikagaiak blokeatu ditzake eta nire ustez tomate honek potasio falta du, edo boro edo zink edo manganeso. Edo denak batera. Nitrogeno gaindosi horri aurre egiteko karea eman lurrari; 150-200 gr/m2 eta tomateen tartean hostoa baliatuko diezun barazkiak jarri: letxuga, ziazerba, zerba, eskarola…
Kaixo Jakoba. Urretxaren azalagaz sonpriñuak egiteko garairik onena maiatzeko ilgora izango litzatekela ondorioztatu daiteke ezta? Asuntoa da azala zenbat eta hezeago egon soinua hobea dela eta izerdia azalaren azpitik badago errezago askatzen dela. Bide batez, jakitunek diñoe espezifikoki izerdia azal azpitik doanean eta ez egur barnetik mozten dala, hori ere bereizten al da? Eskerrik asko!
Maiatzeko ilgora izan da bai sasoi ohikoena, sunpriñuak egiteko hurritzari azala kentzeko. Beti dabil izerdia bai barrutik bai azalpetik. Barruko zuretik edo giharretik, hildako zelulek osatzen dituzten tutuetan barrena izerdi gordina dabil, sustraietatik hostoetarantz. Azalpetik, aldiz, bertako zelula bizi-biziek antolatutako tutuetan barrena izerdi landua jaisten da. Batzuetan izerdi batek indar gehiago izan dezake besteak baino. Horregatik ilgoran askatu behar da azala.
Marrubiek duten zomorro txapalari nola egin surre? Kalabaza ereiteko egunik onena?
Kukurrutxa esaten zaie zonorro horieri. Lurraukitzen dutenean lehendik bareak edo barraskiloak kosk egin eta zauria irekitako marrubi aleak erasotzen dituzte. Altxa marrubi aleak makiltxo batzuekin edo bestelako sistemaren batekin, lurra ukitu ez dezaten. Horrela ez dira marrubiraino iritsiko.
Ilgora egokiena, maiatzaren 28 arte, hura barne; eta fruitu egunak dira onenak maiatzaren 17 eta 25
Kaixo, Jakin nahiko Nuke leka eta babarruna ereiteko eta piperrak landatzeko noiz arteko marjina daukaten. Azken eunetako euriaren ondorioz, lurra lokaztua daukat eta. Hobe da itxarotea? Edo asteburuako eguraldi ona aprobetxatzea? Mila esker! Ane
Babarrun luzea ekainaren erdira arte erein daiteke, babarrun motza uztailaren erdira arte. Piperrak ekainaren erdira arte landatzen dira. Leka motza uztailaren amaiera arte eta leka luzea abuztuaren erdira arte.
Kaixo Jakoba, bi ahuakate landare hauek hazitik sortu ditut. Bat kubakoa da (tamainan igertzen da) eta bestea hemen ingurukoa da. Etxe barruan hazi ditut, altura polita hartu dute lorontzian. Arabar Errioxan bizi naiz. Duela aste batzuk, izugarrizko eguraldia egiten hasi zuen eta kanpora atera nituen. Oporretara joan nintzen gero eta hara non euriteak hasi zituen. Eguraldia hoztu zuen. Bueltatu nintzenean, mantxa marroi horiek atera zitzaizkien. Gero, gainera, nik ura potasio xaboiarekin bota nien hostoetara eta okertu egin zen egoera. Orain berriro barruan sartu ditut, eta fungizida ematen hasi naiz. Bikoteak botatzeko esaten dit, erremediorik ez dutela, baina pena ematen dit. Zer gertatzen zaie?Zer egingo zenuke zuk?
Hasteko eta behin, Arabar Errioxan ahuakateondoak kanpoan ez dute iraungo. Beraz biziberritzen badira ere hasi beste bizilekuren baten bila, itsasalderago. Etxe barru bero goxoan bizi eta bapatean kanpora atera eta hotzak eta euriak harrapatu, horixe da bere egoeraren arrazoia. Ez xaboi, ez fungizida, ez dute horrelakorik behar. Bizi baldintza egokietara bueltatu behar dira. Lehengo tokian eta lehengo zaintzarekin berrituko direla dirudi, baina ezingo dituzu beti hor eduki. Eta esandakoa, kanpora ateratzeko sasoia etorriko denez, hasi bizitzeko egokia izango duten toki baten bila.
Jajoba, pata tarteka zulo batzuk ximurtzen ari dira, ze izan leike ? Nola tratatu nezake ? Bestalde intsusa landarea nola landatzen da? Aldaxkatik etorri leike ? Eskerrikasko
Patatak tuberkulu berak erabiltzen dira “ereiteko” eta batetik bestera dexenteko aldea izan daiteke, batez ere hasiera honetan. Zimurtu eta atzeratzearena begiratu beharko da ea gaitzen bat den edota lurpeko bisitariren batena. Hostoak miatu ea gaitzen baten edo izurriteren baten arrastorik topatzen duzun. Ez bada hala atera patata eta ikusi lurpean zer gertatzen ari den. Ahalik eta azkarren egin zer dela ere zabaldu ez dadin.
Intsusa bai, aldaxkatik ugaldu daiteke. Neguaren amaieran, otsailaren bigarren hamabostaldian, izerdi berria datorrenean sartu lurrean eta lehen urtean eguzki galdatan ez eduki, onena erdi itzaletan, eta lurrari heze eutsi.
KAixo Jakoba. Hemen, Lizarraldean 60 m2 ko lur sail bat hartu nuen iaz, baratza jarri nahiean. Goldatzerakoan konturatu nintzen lurra bolatan gelditzen dela (buztintsuegia agian?, lur txarra?), ez dela harrotzen. IAz 1000kg hondar ere bota nion eta goldatu nuen, baina aurten berdin berdin dago. LEtxugak, azak berde mantentzen dira baina ez dira haunditzen.....Zer egin dezaket? Mila esker
Lur buztintsua izango da. Hondar kantitate horrek asko dirudi baina ez, ez da asko, eta urte batetik bestera desagertu egiten da. Hondarra eranstea baino hobea da materia organikoa ematea: simaurra, luarra, orbela, belar moztu berri txikitua, lastoa, paper birrindua… Bai lurrari nahasita eta baita lur gaina estalita ere. Estaltzeak eguzkia kentzen dio eta hezetasunari eutsi. Horrek lurra harrotzeari laguntzen dio. Urtero-urtero ongarri organikoa eman, eta urte guztian estalita eduki. Pixkanaka igarriko diozu.
Iakoba buztin lurra da gure etxian eta sutako autsa ze landareri etorriko litzayoke ondo ? Beste galdera baina aziya egiteko ze garay da ona? Eta azenayua ? Eskerrikasko
Errautsak kaltzioa du osagai nagusia, baina kareak ez bezala, beste mineral batzuk ere baditu. Bere lan garrantzitsuenak hauek dira: lurra harrotu eta lehortu egiten du, lurraren egoera kimikoa neurtzen duen pHa igotzen du lurraren azidotasuna apalduz eta mineral batzuen mugimendua erraztuz (landareak ere errazago hartzen dituelarik) eta kaltzioa erantsita landareak eskuera edukiko du elikagai garrantzitsu hori fruituak hobeak eta iraunkorragoak emateko.
Ia landare guztientzako ona da buztin lurretan. Ahabia, hortentsia eta lur azidozaleak diren landareak ezik gainontzeko guztientzako ona da. Ongarriketa garai nagusia udazken-negua da. Ongarri organikoa (simaurra, luarra…) eta errautsa edo karea ez dira batera eman behar. Batetik bestera ilargialdi bat izatea komeni da, hilabete bat gutxienez. Azaroa-abenduan simaurra eta urtarrila-otsailean errautsa, adibidez.
Leka, bai motza eta bai luzea, maiatzean hasi eta abuztuaren erdira arte ereiten da. Negutegiaren barruan egin nahi baduzu martxoaren erdian hasi eta abuztuaren amaiera arte egiten da.
Azenarioa Martxoaren amaieratik irailaren hasiera arte ereiten da.
Kaixo Jakoba! Tomate eta piper artean letxuga landatzeko esaten dezu.Hori zeozerr bereziagatik ote den jakin nahiko nuke. Zure erantzunaren zai,agur bero bat.
Baratzearen aprobetxamendua hobetzeko da, batez ere. Tomatea hazten ari den neurrian baita letxuga ere. Letxugak azkar hazten dira urte sasoi honetan eta tomateak etorri aurretik jango ditugu. Bestetik, ongarri gehiegi edo berriegia eman badiogu lurrari letxugak baliatuko du eta tomatearentzako tamainan geratuko da.
Arratsalde on Jakoba, ontzeko belarra mozteko garai ona noiz da? Eskerrik asko!
Garrantzitsua da belarra garatzen egotea, loratuta, baina hazirik eman gabe. Zaila da hori neurtzea belazean belar espezie asko bizi baita. Neurria zeuk hartu beharko duzu. Noiz mozten den da erabakigarria. Belarra bere onenean jasotzeko, ilgoran eta ahal izanez gero hosto egunean moztu behar da. Maiatzean ilgora 16tik 28ra izango da eta hosto egunak 22 arratsaldea, 23 eta 24 goiza. Ekainean ilgora 12tik 24ra izango da eta hosto egunak 18 arratsaldea, 19 eta 20.
Iepa Jakoba. Belardi guztia lapaitza belar txarraz josia daukat. Noiz da garai ona kentzeko? Eskerrik asko!
Lapaitza lurrean desoreka sortzen denean ugaritzen da; gehienetan ongarriketa desegokiaren ondorioz. Ongarriketa aztertu eta egokitzea komeni da. Hala ere dagoenerako ugaritua bada berari aurre egiteko era bakarra moztea eta moztea da. Ahal duzun gehienetan lurpeko sustrai lodikotea hustu eta berritzeko indarrik gabe utzi arte. Hemendik. Atzera hamabostean behin moztea komeni da, ilgoran bada hobe, baina horri begiratu gabe moztu, eta hosto berriak eman ahala berriz moztu.
Jakoba, Aitak utzi zuen zuhaixka hazi egin da baina ez dakit zer den eta zergatik dauzkan hostoak tximelduta. Argitzerik bai nahi ta ezinean dabilen kalekumearen dudak?😊 Mila mila esker, Onintza
Mertxikondoa da. Hostoak horrela azaltzen dira gaitza duelako, eta sendat<en oso zaila da. Lepra esaten zaio eta Taphrina deformans onddoak sortutakoa da. Ez da erraza sendatzen, baina saiatu nahi baduzu hona hemen tratamenduen hurrenkera. Urtero egin beharko duzu, bestela menderaezina den gaitza da lurralde hezeetan. Hiru unetan tratatzea da onena:
1.- Hostoak erortzen hasten zaizkionean, bertan dirauten gaitza sortzen duten esporak hiltzeko; kobrearekin, salda bordelesa adibidez.
2.- Otsailean, begiak ireki baino lehenago, Kobre oxidoarekin (NORDOX, adibidez).
3.- Begiak irekitzen hasten direnean, lorea ireki aurretik, SEPTUM bezalako biofungizida batekin.
Tratamendu guztietan azeribuztan ura erabiliko oinarri bezala, ur hutsaren ordez, edo parte batean behintzat. Etxean egiteko modukoa duzu salda bordelesa, eta hura azeribuztanaren urarekin hiru tratamenduetan erabili. Honela egitez gero, loreak zimeldu eta erori direnean laugarren tratamendu bat emango nioke.
Duela dozena bat urte basoa berritu genuen pago eta aritzak landatuz pinua zen tokian.Azkenaldian larra-oteak moztu ta landareen azpiko adarrak mozten, puntetako sardengoak mozten eta antzeko lanetan gabiltz. Zalantza dugu orain hostoa atera zaionean egokian ote den inauste lan hauekin jarraitzea, ez bada egokia orain, noiz egin beharko genuke zure ustez?
Orain egiten jarraitu daiteke. Beste aukera udan berdetako inausketa egitea da. Ekainean eta uztailean ilgoran egin dezakezu, horrek adarren eta hostoen hazkuntza sustatuko du.
Kaixo Jakoba. Aurten lehen aldiz artoa eta babarruna elkarrekin ereitera animatu gara. Beste galdera baten ikusi dugu ze egun izango diren onenak, baina, gure zalantza da ea biak batera erein behar ote diren ala artoa lehenik, egun batzuk/ilargi bat pasatzen utzi pixkat hazteko eta ostean babarruna (arto berriari lotu ahal izateko). Eskerrik asko!
Ohikoena biak batera ereitea da. Babarrunak aihena luzatzen hasten denerako artoa ez dago nahikoa hazita, baina laster eskainiko dio behar duen heldulekua. Horrela eginez gero komeni da lan txiki bat egitea: artoa luzatzen hasten denean alde guztietara zabaldutako aihenak artoarengana biltzea. Beste era horretara ere erein daiteke: lehenik artoa erein eta handik aste pare batera, gutxi gorabehera, babarruna erein artoaren oinean. Honen aihena luzatzen hasten denerako artoa nahikoa hazita egongo da heldu eta berarekin gorantz ekiteko.
Horrela egin beharko diogu orduan. Ala ere, argazki honetan ikusten den bezala, hosto hauek ximelduta egotea ere, horregatik izan daiteke? gaitzen bat izango zela uste genuen.
Jarraipena egin, agian gaitzen bat ere izan daiteke, baina behetik hain indartsu dator… Bestetik eusteko jarritako soka mehe txuri hori kendu ahalik eta azkarren. Azala zaurituta edukiko du seguru.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545