Astelehenero 8:00etan zure epostan
Hor doa koartza hauskara, errekan zehar, ura hanken erdiraino iristen zaiola, pixkanaka mugituz aurrera. Eta gelditu da, estatua bat balitz bezala, geldi-geldirik, arrainak gerturatu zain. Eta bat-batean, bere lepo eta moko luzeak luzatuz, ‘zast!’, sartu da arpoia balitz bezala uretara. Ondoren, arraina moko artean duela uretatik atera da eta mokoarekin zerurantz eginda, ‘glup’, osorik irentsi du arraina.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna / Hegaztia.
NEURRIA: Mokotik isatsera 84-102 cm. Hego-luzera 155-175 cm.
NON BIZI DA? Ur gezadun inguruetan.
ZER JATEN DU? Arrainak, karraskariak, sugeak, ornogabe txikiak.
BABES MAILA: Europa mailan babestuta dago.
Koartza, amiamoko edo gartza bezala ezagutzen da koartza hauskara (Ardea cinérea). Nahiz eta 1980ko hamarkadan nahasmena egon zen eta espezie honi lertxun hauskara deitzen hasi zitzaion, ez da lertxuna, koartza baizik.
Hegazti hau ez da txikia, 84-102 zentimetro artean ditu, eta hegotik hegora 155-175 zentimetro artean izan ditzake. Identifikatzeko oso erraza da: hanka luzeak ditu, baita lepoa ere, kolorea gehienbat grisa du, bularraldea zuria eta bularraldearen aurrealdetik lepoan gora kolore zuria orban beltzekin du. Begiak hori kolorekoak ditu eta begietatik atzera marra beltz bat irteten zaio, bi luma beltzetan amaitzen dena, mototsa balu bezala.
Hegan egiterakoan behatuz gero ere erraza izaten da identifikatzea, hegoak zabalak baititu eta beti doa lepoa ezkutatuta eta hankak atzerantz luzatuta dituela.
Ugalketa garaian ur gezadun urmael, zingira edo ibaiertz inguruetan ibili ohi da, betiere habia egiteko nahiko zuhaizti badu. Neguan, aldiz, askotariko hezegune, larre, zelai edo hondartzetan ere ikus daiteke. Elikatzeko ere ur gezarekiko lotura handia du, nahiz eta denetarik jaten duen: anfibio, narrasti edo beste hegazti batzuen txitez gain, krustazeoak, zizareak eta intsektuak ere jaten ditu, eta dietaren parte handiena arrainek osatzen dute.
Ugaltze garaian koloniatan biltzen dira, non batzuetan beste koartza espezie batzuk ere batzen diren. Habia ur ingurunetik gertu dagoen ibai edo ur ertzeko landaredian egiten dute. Otsail erdi aldera gerturatzen dira bai ar zein eme kolonia ingurura eta aurreko urteko habia txukuntzen eta konpontzen hasten dira, hosto eta belarrekin azken ukitua eman arte. Emeak 3-5 arrautza erruten ditu, berde-urdinxka kolorekoak eta 25-28 egunez inkubatzen dituzte arrautzak bi gurasoek. Txitak jaiotzean, segituan irteten dira habiatik eta inguruan ibiltzen dira, baina gurasoen zaintzapean jarraituko dute oraindik.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545