Astelehenero 8:00etan zure epostan
Euskaldun askorentzat txoririk politena eta argiena omen da; kantua ere badu, horixe bera esaten duena. Batzuentzat sakratua ere bada txori hau: Jesukristo gurutzetik salbatzera joan eta honen odol tantek gorritu omen zioten bularra. Bizkaian leku batzuetan txindorra deitzen diote, baina Euskal Herriko leku gehienetako izenek bular gorri bereizgarriari egiten diote erreferentzia: anttonpapargorria, antxogorria, bulargorria, lepogorria, papargorria, papogorria, txotxolongorria … txantxangorria da (Erithacus rubecula).
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna / Hegaztia.
NEURRIA: Mokotik-isatsera: 14-16,5 cm.
Hego-luzera: 20-22 cm.
NON BIZI DA? Baso, parke eta lorategietan.
ZER JATEN DU? Zizareak, zomorroak, haziak eta fruituak.
BABES MAILA: Europa mailan babestuta.
Gehienok ezagutzen dugun hegaztia da, mendian zein hirietan bizi dena. Gorputz borobil xamarra du, moko fin eta begi beltz handiekin. Arre kolorekoa da, gainaldea ilunagoa eta azpialdea argiagoa ditu, eta bularra, nola ez, aurpegiarekin batera hain esanguratsua den laranja kolore deigarriduna. Arrak eta emeak itxuraz berdinak dira, beraz, ez dago begi bistaz hauek bereizterik. Txitak helduengandik bereiztea, aldiz, posible da, ez baitute bular laranjarik, motadunak dira: marroi ilunean mota arre argiak dituzte. Baina habiatik irten eta aste gutxi batzuetara lumak aldatzen hasten dira eta espeziea bereizten duen kolore laranja hartzen dute. Denetik jaten du: zizareak, xomorroak, haziak zein fruituak. Hori izango da, akaso, hirietara ere hain ongi moldatu izanaren arrazoia.
Txantxangorria urte osoa gurean igarotzen duen txoria da. Posible da, neguan txantxangorri gehiago daudenaren irudipena izatea. Eta egia da, Europan zeharreko txantxangorri populazioak gurera etortzen baitira negua igarotzera. Nahiz eta begi bistaz ezberdintasunik nabaritu ez, Europa iparraldeko txantxangorriak gureak baino handiagoak dira: Bergmann efektua deritzo honi. Efektu hau odol beroko animalietan ematen da, eta honen arabera, geroz eta iparralderago bizi eta klima hotzagoa izan, animaliek tamaina handiagoa dute, eta horrela bero gutxiago galtzen dute.
Oso lurraldekoia da txantxangorria eta bik topo eginez gero, ez dute zalantzarik egingo eta lurraldea defendatzeko borrokan arituko dira. Hegazti kuxkuxeroa ere bada eta bere lurraldetik pasatuz gero, oso ohikoa da ea zertan ari garen kuxkuxeatzera hurbiltzea. Sinpatiko fama ere badu, ez baitu gizakiarengana hurbiltzeko arazo handiegirik, izan ere, gugandik nahiko gertu ikustea ohikoa da: baratzean lanean ari garenean esaterako, inguruan ea jatekorik erortzen zaion zain. Adar batean geldirik mantenduko da eta ziztu bizian mugituko da beste leku batera, berriz ere pixka batean geldirik eta guri begira-begira jarraitzeko. Lurrean, aldiz, saltoka mugitzen da.
Gure artean jada ez dagoen pertsona maitea, txantxangorri itxuran, nola gauden ikustera etortzen zaigula ere esaten da. Lehen bezala izan ez arren, gugandik gertu jarraitzen duela adierazten digu. Maitasunaren erakusle ezin hobea da txantxangorria, maitasun mugagabearen sinboloa.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545