Astelehenero 8:00etan zure epostan
Landa guneetako eta eremu urbanoetako urubien arteko ezberdintasunak ikertzeko helburuarekin, harrapari gautar honen jarraipena egin genuen lau urtez Aranzadi Zientzia Elkartean. Hirietan ere bizitzera moldatzeko gai dela erakutsi digu, hiriek ingurune berde eta basotu nahikoa baldin badute behintzat. Hemen harrapari horiek ikertzeko orduan izandako gora-beherak.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
Hamar urte inguru izango nituen, urtarrileko egun bat, zen, gaueko bederatzi eta erdiak aldera. Gauero bezala, haginak garbitu eta ohera sartu nintzen, goxo-goxo izara garbi usainarekin, gaueko mahaitxoko lanpara itzalita lo egiteko prest. Baina, halako batean, kaletik oihu antzeko bat entzuten hasi nintzen… Zer da? Izarak sudur gaineraino igo eta loak ezin hartu egon nintzen: beldurrezko pelikula batetik ateratakoa zirudien “oihuak”. Zer gertatzen ari ote da etxe ondoko parkean? Eta horrelaxe hasi zitzaidan burua bueltaka, hamaika aukera pentsatzen, beldurrezko istorioetako beste hamaika pasarterekin jira eta biraka.
Urte batzuk geroago, Biologia graduan nengoela, hegaztiekiko zaletasuna sortu zitzaidan. Animalia horiekin liluraturik, gehiago jakin nahi nuen: zein espezie ditugu inguruan? Zein bizimodu dute? Zein habitatetan bizi dira? Hala, gradu amaierako lana aukeratzeko garaia heldu zenerako, oso garbi nuen hegaztiei buruzkoa izango zela. Hainbat ate jo ostean, Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologia sailean egitea erabakia nuen, lezkari arruntaren fenologiaren inguruan. Eta halaxe, Aranzadik antolaturiko ekintza gehiagoren berri ere izaten hasi nintzen, tartean hegaztiak identifikatzen ikasteko ikastaro bat. Hiru lagun apuntatu ginen, kotxea hartu eta hor abiatu ginen Donostiara. Espezie ugariren izenak, hegan egiteko modua, eta beste hainbat ezaugarri azaltzeaz gain, kantuak ere jarri zizkiguten, espezieak kantuen bidez identifikatzen ikasten joateko. Txori txikienak lehenik, harraparien txanda gero, eta nola ez gaueko harrapariena ere bai, eta horien artean, arruntena denarena, urubiarena. Baina kanta jarri zutenean, horra hor, beldurrak jota lorik egiten uzten ez zidan soinu beldurgarri hura… urubia zen!
Dena aldatu zen ordutik aurrera. “Oihu” hura entzutean miresmena sentitzen hasi nintzen. Eta mila galdera: non egongo ote da zehazki? Etxe ondoko parkean umatuko du? Arra ala emea izango ote da? Ordutik hona, gauetan urubia entzuten dudan bakoitzean, goxo-goxo eta izugarri pozik egiten dut lo. A zer gorabeherak izan ditzakeen bizitzak!
Urubiak Donostian
Hegaztien atzetik jarraitu nuen hurrengo urteetan ere. Sai arreei buruz egin nuen master amaierako lana Doñanako Estazio Biologikoan (Sevilla, Espainiako Estatua). Masterra amaitu ondoren Aranzadi Zientzia Elkartera jo nuen berriz ere doktoretza egitera, eta bi aukera eman zizkidaten: kaio hankahoriari edo urubiari buruzko tesia egitea. Alde batetik, argi nuen: barruak esaten zidan urubiari buruzko tesia egiteko. Baina, bestetik, urubiarekin lana egiteak mendiko lana eta laginketak gauez egitea dakartza, eta esan bezala, niri beti eman izan dit beldurra iluntasunak...
Han, hesiaren hesolan geratu zen geldi, berriz niri begira: "Badakit zertan zabiltzaten, ez naiz eroriko"
Beraz, zalantza asko: gai izango al naiz? Gainera, mendiko lana Donostiako hiri barruan eta aldirietan izango zen eta, hirian gauez eta emakumea izanda, tamalez oraindik ere beldurrak nonahi. Baina aurrera egitea erabaki nuen, eta halaxe hasi zen nire hurrengo urteetako abentura: Urubi arruntaren (Strix aluco) moldapen ekologikoak gradiente urbano-ruralean zehar izeneko doktoretza-tesia. Aurretik bazeuden datu batzuk, landa ingurukoak (Burgos, Espainiako Estatua) eta herri kanpoaldeko auzo inguruetakoak (Durangon, Bizkaian) diren urubienak. Nire erronka Donostiako urubien datuak hartzea izango zen, alegia, urbanoenak, beste horiekin konparatu ahal izateko.
Lehenik eta behin, harrapari gautarren zentsuetako datuak aztertu genituen, eta espero bezala, ingurune urbano hutsetan urubi gutxiago hauteman ziren. Hau da, gure hirietan urubiak izatea nahi baldin badugu, hirian barrena gune berde basotuak behar ditugu. Gune basotu horiek, sasi edo zuhaixkak ere izatea komeni da, Donostian, izan ere, sasi eta zuhaixka gehiago zegoen guneetan urubi gehiago hauteman ziren. Gaueko zaratak ere eragina izan zuen, zarata gehiagoko eremuetan urubi gutxiago hauteman baitziren; izan zitekeen zarataren ondorioz urubia ez detektatzea, baina beste ikerlari batzuen behaketetatik badakigu hontzek orokorrean eremu zaratatsuak saihesten dituztela. Azken finean, hontzek gauez ehizatzen dutenez, gehienbat entzumena erabiltzen dute ehizatzeko, eta seguruenik, zarata askoko eremuetan ezin dituzte harrapakinak behar bezala entzun.
Txitak daude!
2014an Donostiako parkeetan urubien habia-kutxak jarri ziren, eta geroztik egiten da horien jarraipena. Horrela, kutxak okupatzen diren ala ez eta zeintzuk okupatzen diren aztertzeaz gain, okupatzen diren habia-kutxetan hazten diren txita kopurua ere zenbatzen da, beste hainbat datu hartzeaz gain. Gauez habia-kutxara gerturatzen ginen, eta askotan kutxa hutsik zegoen, baina batzuetan kutxa azpira heltzean klak-klak-klak entzuten zen: txitak daude! Lurrera jaitsi eta lagintzen geunden guztiok ooooooohh batekin erreakzionatzen genuen. Ze politak diren! Pelutxeak dirudite. Baina ez da ahaztu behar animalia basatiak direla, beraz, ukitzeko eta besoetan hartzeko gogoei eutsi, beharrezko neurriak hartu, pisatu eta berriz kaxara bueltatzen genituen.
Urubi txitak jaiotzen direnetik, hilabete pasatzen dute habia-kutxan. Hilabetera habiatik irteten dira, nahiz eta oraindik ezin duten hegan egin. Inguruko zuhaitzen adar eta enborretan zehar gora eta behera ibiltzen dira. Eta bai, gurasoek jana ematen jarraitzen dute. Urubi helduak oso guraso onak dira. Ikusi izan da beraiena ez den txita bat beraienak diren beste bi txitekin batera habian jarri eta helduek hiru txitak aurrera ateratzen dituztela. Beraz, noizbait urubi txitaren bat ikusiz gero, ez hartu, eta are gutxiago etxera eraman: nahiz eta guk ez ikusi, gurasoak inguruan dabiltza. Aldiz, leku arriskutsuren batean egonez gero, utzi txita inguruko adarren batean eta lasai egon, haiek zainduko dute eta.
Urte hauetan guztietan egindako lanaren ondoren, ikusi dugu urubiek bertako zuhaitz hostozabaletan kokaturiko habia-kutxak nahiago dituztela, eta zuhaitzaren diametroa zenbat eta handiagoa izan, hobe. Hala ere, basoko espeziea den arren, habiaren inguruan 200 metroko gune irekiak (zelaiak, lorategiak…) dituzten kutxetan txita gehiago hazi direla jabetu gara. Jakina da urubiak habitat heterogeneoak gustuko dituela.
Hiriko urubien atzetik
Helduen mugimenduak aztertu ahal izateko, radiotracking gailuak jarri behar genizkien, eta horretarako, helduak harrapatu behar genituen, jakina. Hori bai abentura! Hontzek oso ondo ikusten dute, eta harrapatzeko, sarea beraiek ez ikusteko moduan jarri behar da. Baina gure kasuan, hiri barruko urubiak ziren, eta hiria farolaz beteta dago. Gainera, sarea bi zuhaitz artean jarri ohi da, eta hirietan holakoetan zorua normalean hormigoizkoa eta asfaltozkoa izaten da. Beraz, horrelako lekuek ez ziguten balio. Besteetan, leku ona bai, baina farolaz betea... Behin eta berriz saiatu arren, urubiak sarea nola saihesten zuen ikusten genuen. Desesperaturik, farolak tela batekin tapatzera ere iritsi ginen, baina alferrik.
Gau batez, leku ez oso txar bat topatu genuen, argi gutxiago zegoen eta gainera kotxetik sarea ikusiko genuen. “Zergatik ez? Goazen saiatzera!”. Sarea jarri eta kotxean ezkutatu ginen. Urubia gerturatu zen, inguruan bueltaka zebilen, gertu, oso gertu, eta gu sarean noiz eroriko zain korrika irteteko prest… Eta hara! Ez zaigu ba sarea eusteko makilaren puntan jartzen. Gure mozolo aurpegiak deskribaezinak ziren momentu hartan, guri burlaka zebilela zirudien.
Argi dago, hiri batean urubiak harrapatzeko leku aproposak topatzea ez da batere erraza. Hala ere, noizbehinka txoko egokiren batean jartzen ginen edo, zorte pixka batekin, lekua txarra izanda ere, urubi despistaturen bat harrapatzea lortzen genuen. Harrapatu eta radiotracking-arekin markatzen genituen urubiei izena jartzen genien, eta badago urubi eme bat beti gogoratuko dudana: Ainhoa deitu genion.
Ainhoa
Bazegoen habia-kutxa bat beti okupatzen zena. Udaberri batez hango txitei laginak hartzera nindoan bakoitzean, emea begira-begira geratzen zitzaidan. Hurrengo urtean, jakinda txitak izango zituztela, bikote horretako ar zein emea markatzeko asmo osoz gerturatu ginen haien lurraldera.
Albo bietara hesituta zegoen baserri bide batean jarri genuen sarea, fruta arbolak alde batean eta lizarrak bestean. Saretik pixka bat urrundu eta egonean geratu ginen, bikote hartako urubiren bat noiz gerturatuko zain. Fruta arbola artetik zerbait mugitzen ikusi genuen, eta han zegoen, sagarrondo baten adarrean geldirik, begira. Ez genekien arra edo emea zen, begi-bistaz ezin da urubien sexua bereizi, kantua, aldiz, ezberdina dute; baina isilik zegoen. Itxarotea erabaki genuen, sarean trabatuko zen esperantzarekin. Halako batean, adarretik hegoak zabaldu eta hurbiltzen hasi zen, baina nire bizkarretik zetorren –sarea aurrealdean geratzen zitzaidan–, eta han, hesiaren hesolan geratu zen geldi, berriz niri begira. Ni ere, burua pixkanaka biratu eta begira geratu nintzaion. Begiradarekin “badakit zertan zabiltzaten eta ez naiz zuen trikimailuan eroriko”, esaten zidala ematen zuen. Minutu batzuen ondoren, fruta arboletarantz itzuli eta atzeko basoan ezkutatu zen. Justu orduan kiwiii kantatu zuen, emea zen. Dena jaso eta etxera joan ginen.
Beste saiakera bat egin genuen. Oraingoan, harrapatzeko beste modu bat erabilita. Txitak lagintzera joan ginenean begira jarri zitzaidanez, eta sarearekin harrapatzen saiatzean ezagutzen ninduen sentsazioa izan nuenez, oraingoan nor nintzen ez jakitea nahi nuen. Beraz, kotxea aparkatu eta kalerako erabiltzen dudan txamarra bat jantzi nuen, txanoaren inguruan iletxo mordoa dituen horietakoa, aurpegia estaltzeko. Harrapatzeko objektua hartu eta modu arraroan ibiltzen hasi nintzen kotxetik urruntzen, herrenka, ibiltzeko moduagatik ezagutzeko aukera ere desagertzeko. Objektua lurrean leku seguruan kokatu eta herrenka bueltatu nintzen. Kotxeko atea ixterakoan han zegoen emea, pareko zuhaitz baten adarrean, kotxeari haserre oihuka, “alde hemendik!” esanez bezala. Nire pentsamendua: “Akabo, ni bakarrik ez, kotxea ere ezagutzen du honek!”. Dena jaso eta etxera egin genuen berriz.
Urubi emea markatzeko asmotan joan ginen eta ez genuen lortu, baina hala ere izena jarri genion: 'Ainhoa'
Beste saiakera bat ere egin genuen, baina honetan ere kale, emea ez zen gerturatu gu joan ginen arte. Ordurako, urubia eta nire arteko erronka zirudien hark, ea nork berea egin. Norgehiagoka izugarri luzatu zitekeen, baina ez da komeni larregi tematzea, basa animaliak ez baitira molestatu behar eta nahiz eta helburu zientifikoa izan, horrek ez du esan nahi edozer gauza egin daitekeenik, mugak daude, eta animaliak errespetatu egin behar dira. Beraz, oraingo honetan urubiak partida irabazi zidan. Urubi emea markatzeko asmotan joan ginen eta ezin izan genuen, baina, hala ere, izena merezi zuela erabaki genuen: Ainhoa. Eta halaxe geratu zen markagailua: Ainhoa-1 eta Nerea-0. Inoiz ahaztuko ez dudan desafioa, eta urubien inteligentziaren erakusle. Ni eta nire kotxea ezagutzen zuenaren datu zientifikorik ez dut, baina zalantzarik ere ez.
Ainhoa bakean utzi genuen, baina bere txitei laginak hartzen jarraitu genuen. Habia-kutxara hurbiltzen ginen bakoitzean inguruan ibiltzen zen bera. Azken egunean, zalantzak genituen ea txitak oraindik habian egongo ote ziren. Txitak habia ingurutik beraien kabuz dabiltzanean helduak batzuetan oso oldarkor egon ohi dira, haiek defendatzeko asmoz. Gau hartan txita bat inguruko sasi edo zuhaixkaren batean entzun genuen, gertu. Bestea aldiz, kutxa barnean. Kutxara igotzen ari nintzela, Ainhoa bereziki haserre entzuten nuen, baina gorantz jarraitu nuen, eta zast! Buruan sekulakoa eman zidan, frontala lurrera erortzeraino. Emandako matraka guztiaren ordaina izan zelakoan nago. Egun hura izan zen habia-kutxara gerturatu ginen azkena. Plazera izan da Ainhoa-rengandik hainbeste ikasteko aukera izatea.
Urubiak harrapatzeko Gipuzkoako Aldundiaren baimena genuen, baita harrapatzeko erabilitako moduena ere. Ezin da baimenik gabe horrelakorik egin, basa fauna molestatzea debekatua baitago. Helburu zientifikoa genuen, eta, nahiz eta hemen gauzak oso agian polit azaldu, hartutako erabaki guztiak urubiei ahalik eta kalte gutxien eragiten zitzaiola bermatzeko izan ziren, Ainhoa ez markatzeko eta lasai uzteko erabakia barne.
Urubi urbanoen irakasgaiak
Markatutako urubiak jarraitu behar nituen ondoren. Baina dena ezin da ondo joan… eta orkatila bihurritu nuen. Ezin kotxea gidatu, eta gainera, jarraipena egiteko antena eta hartzaile bat eraman behar nituen, bi gailu horiek eta muleta batera ezinezkoa zitzaidan. Horregatik, bihotzez eskerrak eman behar dizkiet laguntzen izan nituen pertsona guztiei, bai harrapaketetan eta batez ere markatutako urubien jarraipenean egon zirenei. Han joaten ginen, Ainhoa –oraingoan pertsona, ez urubia– antenarekin, eta ni hargailuarekin esku batean, muleta bestean, oraingoan benetan herrenka urubien atzetik.
Eta zer jakitea lortu dugu jarraipen horrekin guztiarekin? Donostiako, Durangoko eta Burgoseko urubien lokalizazio datuekin, urubi bakoitzaren lurraldearen tamaina kalkulatu genuen. Landa inguruneetako urubiek lurralde handiagoak dituzte, ingurune urbano edo erdi-urbanoetakoekin alderatuta. Zergatik dago ezberdintasun hori? Ikertzen jarraitu beharko dugu horretarako. Hipotesi bat harrapakin kantitatea da, hots, ingurune urbanoetan eta horien inguruetan harrapakin gehiago izatea, eta ondorioz, urubiek beraien beharrak asetzeko hainbeste mugitu behar ez izatea. Baina frogatu gabeko hipotesia da, beste asko egon daitezkeen bezala, eta ikerketak emango digu erantzuna urteen poderioz.
Seinale ona ote da urubia hirietan egotea? Noski, baina ez urubia soilik. Harrapari basatien presentziak, orokorrean, ingurunean bere harrapakinak ere badaudela esan nahi du. Eta harrapari espezie batzuen kasuan, urubia barne, ikusi da horien presentziak lotura duela biodibertsitate mailarekin. Gainera, harrapariak babestean edo laguntzean “aterki efektua” deritzona aplikatzen da, hau da, harrapariek lurralde zabalagoak hartzen dituzte harrapakinak izan daitezkeen beste espezieek baino. Beraz, ingurune bat harraparientzat egoki bilakatzean, askotan, lurralde txikiagoak dituzten beste espezieak ere babesten dira. Beraz, beti da egokia hirietan lorategiak ez diren ingurune berdeak mantentzea, baso baten kasuan, adibidez, zuhaitzez gain egur hila, sasiak, zuhaixkak eta abar izatea, egitura konplexua izatea.
Urte batzuen ostean, defendatu nuen doktoretza-tesia. Eta orain zer? Norabidea guztiz aldatu eta basogintza munduan sartu naiz. Niretzat erabat berria den mundua da baso kudeaketarena, eta jabetu naiz gure basoak modu osasuntsu eta iraunkorrean ustiatzeak izugarrizko garrantzia duela, horrela, basabizitza ere babestuko baitugu. Urubiak beti izango ditut lagun, baina zein abentura etorriko ote dira basogintzaren munduan?
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545