Intxaur arbolak ez du lagunik nahi

Hidrogeno zuria: urre beltz berria, amets eta burbuila

Lur azpian pilatzen den hidrogenoari zuria edo naturala esaten zaio, eta hidrogeno hobiak aurkitzeko lasterketa itzela dago munduan barrena. Euskal Herriko lurretara ere iritsi da sukarra eta laster hasiko dira hidrogeno natural hori bilatzen Aralar, Urbasa eta Andiko mendi lerroetan. Alabaina, ekoizpen eta inbertsio erraldoietan leporaino sartuta dagoena hidrogeno berdea da, energia berriztagarritik lortzen dena. Petrolioa eta gasa faltan, hidrogenoa amets.


2026ko urriaren 21a
Mantle konpainiako langile bat hidrogeno zuriaren miaketa lanetan Pirinioetan.Mantle
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Aditu askok diote hidrogenoaren olatuak petrolio eskasiaren lurrikaren gainean sortzen direla, eta badira arrazoi sendoak hori sinisteko. Jean Baptiste Fresoz ikerlari frantziarrak iaz idatzi zuen Trantsiziorik gabe liburuan aipatzen duenez, sukar honen lehen olatu handia 1970eko hamarkadaren hasieran heldu zen Cesare Marchetti fisikari italiarraren eskutik eta hamarkada horren hasierako petrolio krisiaren gainean. “Hidrogenoaren ekonomia” kontzeptuaren aita pontekotzat hartzen da fisikaria, eta Japoniako zentral nuklearrekin sortutako hidrogenoa itsasontziz mundu osora barreiatzeko proiektu faraonikoa ere haizatu zuen; ez zen inoiz abiarazi.

Baina hidrogenoaren fededunak ez dira nola-hala etsitzekoak, eta 2002an Jeremy Rifkin ekonomialariak Hidrogenoaren ekonomia liburua idatzi zuen, gas honen etorkizuneko onura miragarriak hauspotzeko. Laster joan zen apaltzen haren indarra ere, batez ere AEBek fraking-aren petrolio ugariaren espejismoa han-hemenka barreiatu zutenean. Ugo Bardi kimikari italiarraren esanetan, XXI. mendeko hirugarren hamarkadaren hasiera izan liteke hidrogenoaren ekonomiaren hirugarren olatu hori: Mendebaldeko eragile ekonomikoek ikusten dute hidrokarburoek ezingo dituztela sostengatu gure gizarte ereduak, eta hidrogenoan bilatzen dute urre beltzaren ordezkoa. 

Europar Batasunean sentipen hori oso presente dago aspalditik, baina biziki areagotu da Ukrainako Gerraren ondorioz Errusiako gasaren iturria itxi denetik. Sasoi bateko Bardi hidrogeno zalea aspaldi jausi zen zaldi gainetik eta horrela idazten zuen 2021ean bere blogean: “Gaur egun, hidrogenoaren ekonomia kontzeptua lehenengoz aipatu zenetik 50 urtera eta Rifkinen liburutik hogeira, ez dago aplikazio bakarra munduko ekonomian hidrogenoaren zikloan oinarritutako erregaiarekin dabilena”.

Eta orain hidrogeno zuria

Hidrogeno zuria, naturala edo geologikoa, hori da hidrogenoaren azken berrikuntza edo miraria; edo ikuspegi ekonomikoetan hitz eginda, energiaren azken burbuila. Iragan irailean iragarri zen Euskal Herrian Mantle 8 enpresa frantziarrak egingo dituela haren bilaketa lanak. Konpainia horrek Frantziako hainbat lurretan egin izan ditu miaketak –arrakastaz dioenez–, eta orain ekiteko baimena lortu du Espainiako eta Hegoaldeko bi gobernuen aldetik. Aralar, Lokiz eta Urbasako mendi lerroak aztertuko dituzte. Araba, Gipuzkoa eta –batez ere– Nafarroako 30 bat udalerriri eragingo diete bilaketa lanek. Oraingoz azaleko azterketa lanak egingo dira, lur azpiko hobietan hidrogenoarekin nahastuta egoten diren metanoa eta bestelako gas arrastoen bila.

Mantle 8 konpainiak Aralar I eta Aralar II izeneko esparruak miatuko ditu, 30en bat udalerri tartean.

Lan horiek kezka sortu dute udalerri horietan. Berez, Mantle 8k zundaketa sakonak eta erauzketak egiteko baimenik ez badu ere, hidrogeno hobiak aurkitzen badira, etorkizunak eremu horietara ekar dezakeenaz arduratuta daude udal eta herritar ugari. Berez, hidrogeno naturalaren ustiaketa bakarra dago munduan, Malin, baina bilaketa saioak oso ugariak dira, eta ustiaketarako hidrokarburoen teknika berdintsuak erabiltzen dira. Aralar edo Urbasa dozenaka edo ehunka ustiaketa dorrez jantzita irudikatze soilak izerdi hotza sortzen du askoren kopetan. Oraingoz, hala ere, Eusko Jaurlaritzako Industria kontseilari Mikel Jauregik argi utzi du: “Aralar ez da ukitzen”. 

Eusko Jaurlaritzak aitortu du 2024az geroztik esku artean dituela hidrogeno zuria bilatzeko beste bost eskari, Hatxebi sozietateak bideratuak, baina ez du gaiari buruzko xehetasun gehiago eman. Hidrogenoa ikertzen hamarkadak daraman Tecnaliako ikerketa zentroko Jose Luis Elejalde Trantsizio Energetikorako zuzendariaren esanetan (Berria, urriak 13), miaketa horiek egiten ari dira egon daitezkeen “hobien mapak marrazteko”, munduko beste hainbat lekutan bezala, eta “gaur-gaurkoz ez da aukera bat hidrogeno hori ustiatzea (...) Euskadin jadanik esku artean daukagunaren aldeko apustua egiten dugu, eta hori hidrogeno berriztagarria da”.

Hidrogenoa kudeatzea oraindik ere oso konplexua da, horrek zaildu egiten du bere erabilera eta, batez ere, oso garesti ateratzen da. 

Mantle 8koek uste dute euskal Pirinioetan hidrogeno asko egon daitekeela. Iruñean bizi den Antonio Aretxabala geologoak ARGIAri azaldu dioenez, geologikoki hidrogenoa ugaria da. Pirinioetan eremu karstiko ugari dago eta horietan ur asko pilatzen da lur azpian, eta urak burdina –edo beste mineral batzuk– duten arrokekin tenperatua handian erreakzionatzen duenean sortzen da hidrogenoa: “Frantziako enpresa horrek tontotzat hartzen gaitu, hemen milioika tona hidrogeno daudela dio eta orain arte ez gara ohartu ere. Hidrogenoa baliagarria izan daiteke, eta etorkizuneko mix energetikoaren parte izango da, baina beti ere, izan zuria edo berdea, tokiko erabilera emanda. Hidrogeno hori ezin duzu Alemaniara eraman, baliabide horren izaerak hori egitea galarazten baitizu. Maliko adibidea jartzen da, baina zuk topatzen baduzu Malin moduko purutasuna duen hidrogeno hobia, loteria tokatu zaizu, ohikoan metanoarekin nahastuta ateratzen da eta”.

"Mendebaldeko eragile ekonomikoek ikusten dute hidrokarburoek ezingo dituztela sostengatu gure gizarte ereduak, eta hidrogenoan bilatzen dute urre beltzaren ordezkoa"
 

Maliko putzua 1987an aurkitu zuten lur azpian ur bila ari zirenean. Langile batek zigarroa piztu eta leherketa bat izan zuen aurpegian, ondoko arrakalatik ateratzen zen hidrogeno zuriaren ondorioz. Arrakala itxi zuten eta kito, baina handik hamarkada batzuetara Kanadako Hidroma konpainiak hobi hartan ostera arakatzeari ekin zion. 2012tik aurrera, handik ateratako hidrogeno naturalak –%97 inguruko purutasuna du– 1.500 pertsonako Bourakegougou herria elektrizitatez hornitzen du. Urtean 49 bat tona hidrogeno ekoizten da bertan, oso kopuru txikia.

Hobia etengabe hidrogenoz berrosatzen dela uste dute adituek, urteetako erabileraren ondoren haren presioa ez delako jaitsi. Horrek izaera berriztagarria emango lioke, baina beste askoren aburuz, hobiak agortzen direnean kito. Orain arte hidrogenoa bektore gisa hartzen zen bakarrik, hau da, energia primario baten beharra duena energia bilakatzeko; elektrizitatea bezala, alegia. Aurrerantzean, ordea, hobietako hidrogeno hori ustiatzea erdiesten bada, energia primarioa izango da. 

Aragoin 2017tik ari dira

Urteak dira munduan barrena bila ari direla, AEBetan, Errusian, Txinan, Frantzian, Europako erdialdeko herrialdeetan, eta beste hamaika lekutan. Pirinioetan auzo dugun Aragoin 2017an hasi ziren bilaketa lanak. Orduan sortu zen British Petroleum eta Axionen filiala den Helios Aragon konpainia, bere webgunean dioen moduan “hidrogeno naturalaren Europako lehen proiektua bideratzeko sortua”. Monzón eta Barbastro (Aragoi) udalerrien artean hainbat zundaketa egin dituzte azken urteetan eta hidrogeno naturala milioika tonaka dagoela dio Helios Aragonek, Aragoi osoan 100 milioi tona inguru egon daitezkeela kalkulatzen du. Aurreikuspenak egiaztatzen badituzte, 2029an ustiaketari ekingo diote, 3.500 metroko sakoneran dauden hobietatik urteko 55.000 eta 70.000 tona hidrogeno aterata. Hidrogeno kiloaren ekoizpena euroa baino merkexeagoa aterako litzateke, gaur egun berdeak bost eurotik hamabira balio duenean, produkzio baldintzen arabera.

Gainera, hidrogeno zuri horrez gain, helioa ere kantitate handian ei dago, eta haren ustiaketak askoz erakargarriagoa egiten du negozioa, helioa askoz garestiagoa baita –85 euro kg bat–; munduan nahiko urria da eta medikuntzan, hegazkinetan eta mikrotxipetan asko erabiltzen da. Hori guztia, gaur gaurkoz, paperak dioena da, dena sekretismo handiz baitaramate eta publikoki oraindik ez baita ezer erakutsi. Gainera, hidrogenoa ustiatzeko legezko markorik ere ez dago. Hidrogenoa da hidrokarburoa ez den gas bakarra, baina bere erauzketa arautu gabe dago eta hori oztopo handia da gaur gaurkoz.

ANTONIO ARETXABALA:
"Hidrogenoa baliagarria izan daiteke, eta etorkizuneko mix energetikoaren parte izango da, baina beti ere, izan zuria edo berdea, tokiko erabilera emanda"
 

Apur bat arakatuta, hidrogeno naturalari buruzko informazioa saldoka aurkituko du irakurleak sarean, hori bai, kontraesan askorekin, etorkizuneko energia liluragarri gisa, ikuspegi industrial arrakastatsuarekin, eta adibide ukigarri bakarrarekin: betiko Mali. Trantsizio energetikoa akuilu, dena da etorkizunerako industria eta gobernuen bulegoetan. 2030erako edo 2050erako helburuetara hurbildu eta hamalau esango dizute, baina datak ate joka direnean, hurbildu eta urrutiko intxaurrak lau. Edozein kasutan, hidrogeno zuria bolo-bolo dabil munduan eta horren erakusle azaroaren 3an eta 4an Parisen egingo den H-Nat Gailurra 2026, hau da, Hidrogeno Zuriaren Nazioarteko Lehen Gailurra, non mundu osoko ehunka aditu, ikerlari eta agintari bilduko diren, batez ere azken horiei hidrogeno zuriaren mirakulua saltzera.

Maliko Bourakebougou herriaren inguruneetan hidrogeno zuriaren erauzketa lanetan. (Argazkia: Hydroma)

Hidrogeno berdea, nahi eta ezin

Hidrogeno zuriak kuku egin badu ere, Europako agintariak egiazki etorkizuneko hidrogeno berdearen ekoizpena eta erabilera ari dira prestatzen aspalditik. Edozein kasutan, gaur egunean hidrogeno berdearen ohiko ezinak mahaiaren gainean jarraitzen du, zailtasun teknikoak zein errentagarritasunaren alorrekoak lehen lerroan. 

Ezintasun horien ispilu izan dira Josu Jon Imaz Repsoleko buruak iragan otsailean La Vanguardia-ri egindako adierazpenak: “Hidrogeno berdea errentagarria izan dadin, elektrozilatzaileak elikatzen dituen energia elektrikoa Mwh-ko 10-15 eurotan egon beharko litzateke”, eta ez gaur egungo 60 eurotan (abuztuan 118 eurotan egon da). Eta hori, hurrengo hamarkadara arte ez dela gertatuko aurreratu zuen. Funtsean, energiaren munduan oso hedatuta dagoen diskurtsoa da. Opuseko Nafarroako Unibertsitateko IESE negozio eskolak eta Deloitte aholkularitza konpainiak urtero antolatzen dute estatuko energiaren sektorea biltzen duen kongresua, eta aurtengo saioan han ere sarri entzun zen ideia nagusi hori: “Oraindik ez da hidrogenoaren unea”.

Proiektu eta helburuei begira, aldiz, ez dirudi oraingoa ez denik hidrogenoaren unea, inbertsio itzelak egiten ari baitira haren ekoizpenean eta zabalkundean. Alemania, Frantzia eta Espainia nabarmentzen ari dira hidrogenoaren bultzada desesperatu horretan. Hidrogeno berdearen lasterketan Alemania kontsumitzaile nagusia litzateke –gaur egun ere bada–; eta beren energia berriztagarrien potentziala baliatuta, Portugal eta Espainia batez ere ekoizle. Frantziak, bere zentral nuklearrak baliatuta, nagusiki hidrogeno arrosa ekoizten du –hala deitzen zaio energia nuklearreko elektrizitatearekin sortutakoari–. Europako Hidrogenoaren Bankuaren esanetan, Espainia da orain arte gehien finantzatu duen EBko estatua. Hidrogenoaren Espainiako Elkartearen arabera, 2025eko urrian ia 400 proiektu ari ziren tramitatzen estatuan, denera 33.000 milioi euroko inbertsio aurreikuspenarekin, horietatik 3.000 milioi publikoak, eta dagoeneko gastatuak. 

Gaur egun, Europako hidrogenoaren erronkarik handiena H2med da, Europan barrena hidrogenoa garraiatzeko hodi sare erraldoia. Iberiar Penintsulako kostuei dagokienez, sarea eraikitzeak 4.170 milioi euroko kostua izango du eta Europarekin egin beharreko konexioak 2.500 milioi eurokoa"

Gaur egun, Europako hidrogenoaren erronkarik handiena H2med da, Europan barrena hidrogenoa garraiatzeko hodi sare erraldoia. Iberiar Penintsulako kostuei dagokienez, Hidrogeno Verde webgunearen arabera, sarea eraikitzeak 4.170 milioi euroko kostua izango du eta Europarekin egin beharreko konexioak 2.500 milioi eurokoa. Proiektua 2022an abiarazi zuten eta 2032an eraikitzen hastea aurreikusten dute. Europar Batasunak 2030erako 20.000 milioi tona hidrogeno berde ekoiztea espero zuen, baina orain arteko datuak ikusita, guztiz ezinezkoa izango dela aurreikusi daiteke: Hidrogenoa Europan nazioarteko konpainiaren arabera, 2025eko hasieran 20.000 tona besterik ez ziren. Espainiako Estatuan 500.000 bat tona hidrogeno ekoizten dira urtean, baina horren %99a hidrogeno grisa da, hau da, hidrokarburoekin ekoitzia. Erabilera ugari ditu industrian, baina gehiena birfindegietan, industria kimikoan eta ongarri ekoizpenera bideratzen da. Beste hainbat alorretan moduan, greenwashing ariketa etengabekoa da hidrogenoaren esparruan, berdez pintatu nahi da errealitatea, baina grisa da erabat.

Hidrogeno zuriaren miaketa lanak Nebraskako (AEBak) Geneva City-tik gertu. (Argazkia: Hyterra)

Euskal Herriko ametsak

Euskal Herriari dagokionez, 2021ean abiatu zen Hidrogenoaren Euskal Korridorea, 2050era arteko bidea marraztu nahian. Urte hartan Pello Zubiriak ARGIAn idatzitako erreportajean, korridorearen 2026rako helburuak jaso zituen: “1.300 milioi euroko inbertsioa, zuzeneko 1.340 lanpostu eta zeharkako 6.700 enplegu berri, urtean 20.000 tona hidrogeno berde sortu...”. 2026ko urrian, egitasmoaren webgunean ez da helburu horiei buruzko inongo daturik eskaintzen eta esan liteke ia fikzioa direla. Eusko Jaurlaritzak 100.000 tona hidrogeno berde ekoitzi nahi ditu 2030erako, eta Muskizen eta Bilboko Portuan abian dira elektrolisi proiektuak, baina inondik inora helburu horiei eusteko modukoak. 2024ko Energiaren Euskal Erakundearen webgunean ez da hidrogeno ekoizpenari buruzko inongo daturik ematen eta energia berriztagarrien emaitzen zerrendan hidrogenoa agertu ere ez da egiten. Nafarroako 2025eko Balantze Energetikoan, hidrogeno hitza aipatu ere ez da egiten.

Azken finean, hidrogenoak, edozein koloretakoa izanda ere, oraindik gainditu ez diren zailtasun ugari ditu gaur egun. Atomorik ugariena da –unibertsoko %75a hidrogenoa da–, baina txikiena ere bai, eta horregatik, oso erraz ihes egiten du arroka arteko edo hodien arteko zirrikituetatik. Beste materialekin samur erreakzionatzen du eta, besteak beste, erraz herdoiltzen ditu altzairuzko hodiak eta biltegiak. Berotasun handia ematen du, samur hartzen du su, eta gainera haren garra ez da ikusgai pertsonaren begietara, horrek dakarren arriskuarekin. Horrez gain, gas moduan biltegiratzean espazio asko hartzen du eta presio handia du; likidotuz gero askoz espazio gutxiago behar du, baina konpresio horretarako hidrogenoa asko hoztu behar da (-200-dik beherako tenperaturetara) eta hori prozesu garestia da.

Hots, gaurko marketin instituzionalak eta industrialak diotenaren kontra, hidrogenoak, edozein koloretakoa izanda ere, ez du balioko egungo Mendebaldeko gizarte industrialen energia gosea eta beharrak asetzeko

CO2-a gutxitzeko lasterketa estu honetan, hidrogenoa garraiora eramateko saio ugari egon da; autoetara, kamioi eta autobusetara besteak beste, baina oraingoz ez dira errentagarriak, eta atzera egin dute. Distantzia labur eta ertainetan kamioi elektrikoa ari da terrenoa irabazten, eta hidrogenoa, izatekotan, distantzia luzeko kamioi eta itsasontzientzat izango da. Azken hiruzpalau hamarkadetan sarri hitz egin da hegazkinetan izango duen erabileraz, baina hor ere atzerapausoak gertatzen ari dira: hegazkin hidrogenoan gehien inbertitu duten munduko bi konpainia handienetatik, Airbusek inbertsioekin aurrera jarraitzen du, baina Boeingek atzera egin du, indarrak erregai jasangarrietan jarrita.

Hidrogenoa, erabiltzekotan, elektrifikatzeko gaitzak diren sektoreetan erabiliko dela uste da, berotasun handia behar duten industrietan, hala nola metalurgian. Hainbat garraio astunetan ere bai agian, baina oraindik ere ikusgai da emango duena. Askoz garbiago dago emango ez duena, edo izango ez dena. Hots, gaurko marketin instituzionalak eta industrialak diotenaren kontra, hidrogenoak, edozein koloretakoa izanda ere, ez du balioko egungo Mendebaldeko gizarte industrialen energia gosea eta beharrak asetzeko.

Metanoaren eta hidrogeno naturalaren nahasketaren ondorioz ateratzen diren suak antzinatik ezagutzen dira munduko hainbat lekutan. Argazkikoak Quimera mendiko Betiereko suak Yanartas-en (Turkia) dira eta haren erreferentzia zaharrenak duela 2.500 urtekoak dira. (Argazkia: Carole Raddato / Wikimedia Commons. CC BY-SA) 
Alessandro Lima, Zaragozako Unibertsitateko ikerlaria:

“Uneren batean etorri beharko da energia kontsumoa gutxitu beharra”

Galderei ekin eta hasieratik aitortu digu hidrogeno zuriaren bilaketari buruzko informazio fidagarria bilatzea zaila dela. Dioskunez, ematen zaion erabileraren arabera, hidrogenoa izan daiteke bektore bat edo energia primarioa, eta gaur egun, hidrogeno zuria ari da enfokatzen energia primario moduan erabiltzeko, petrolioa edo gas naturala bezala.

Dioten beste hidrogeno natural dago munduan?
Hidrogeno apur bat eduki dezaketen putzu kopurua oso handia da munduan. Kontua da zein hidrogeno kopuru duen putzu batek ekonomikoki errentagarria izan dadin. Zaila da esatea, agian putzu batek %50-%60 hidrogeno kopuru garbia izatea nahikoa da. Maliko putzuan ateratzen duten gasaren hidrogeno kopurua %97ra iristen da. Hori, dagoen bezala erabili daiteke ia. 

Purutasun maila hori ohikoa al da mundu zabalean egiten ari diren bilaketetan?
Ez, oso ezohikoa da, zeren eta hidrogenoa dagoen molekula txikiena da, eta materialen artean oso erraz ihes egiten du, arroken artetik espazio naturaletan edo hodietan altzairuen zirrikituen artetik. 

Orduan, horrek azaltzen du, besteak beste, zergatik ez diren abiarazi oraindik beste hidrogeno putzu batzuk munduko hamaika lekutan.
Bai. Eman nahi zaion erabileraren arabera, garbitasun maila bat edo beste beharko da. Jakina, hidrogeno putzuaren tamaina ere garrantzitsua da, hura ustiatzen hasteko edo ez. Elektrolisi bidez lor daiteke garbitasun oso handiko hidrogenoa, hidrogeno berdea esaten dena, baina ekonomikoki konplexua da elektrizitatearen kostu handiagatik. Orduan, hidrogeno zuriarekin etapa horietako denak edo asko aurrezten dira, eta hori asko da.

Munduan non ari dira hidrogeno zuriaren bila?
Australian, AEBetan, Europako erdialdean eta beste hainbat tokitan oraindik ikerketa fasean daude. Hungarian, Danimarkan, Serbian eta Polonian, adibidez, hidrogeno asko dagoela uste da, hori bai, purutasun maila desberdinak dituzte. Toki batzuetan %30eko purutasuna nahikoa izan daiteke, adibidez putzua oso handia bada, horrela luzaroan ustiagarria izan daitekeelako. Baina oso zaila da topatzea putzu handiak eta gainera oso puruak. 

Maliko kasua ikerketa tokia bihurtu da, oso berezia delako. Orain aztertzen ari dira ea beste putzu batzuekin ere berdin jokatu daitekeen, eta badirudi baietz, baina oraindik ez da proiekturik abiatu. Hartu kontuan petrolioaren ustiaketak mende bat baino gehiago duela, eta azpiegitura osoa eraikia dagoela. Hidrogenoarena ez, ordea, eta enpresak zuhurtasun handiarekin ari dira, hidrogenoaren sarea eraikitzeak inbertsio handia eskatuko duelako.

Industrian zein beste erabilera izan dezake?
Industria kimikoan duela hamarkada asko erabiltzen da, amoniakoa eta ongarriak ekoizteko adibidez, baina hidrogenoa oso oinarrizko materiala da, eta beste gauza askotarako erabiltzen da. Hidrogenoa erre daiteke, eta bero handia ematen duenez, metalurgian edo berotasun handia behar duten industrietan nola erabili aztertzen ari dira, baina zuhurtzia handiarekin, bere erabilera oso zaila delako. Oso suharbera da. Hidrogenoaren garra gas naturala edo metanoarena baino bi-hiru aldiz indartsuagoa da, eta hortaz, bere erabilera oso konplexua da.

Eta garraioetan erabiltzeko?
Autoetan erabiltzeko, esate baterako, konplexua da. Erretzen denean, hidrogenoak gar ikusezin bat sortzen du, bere argi frekuentzia guk ikusi dezakegunetik kanpo dago eta. Horrek segurtasun eza handia dakar. Garraiatzeko ere konplexua da, molekula txikiena da eta lurrunkortasun maila handia du, hortaz oso erraz ihes egiten du. Halaber, oso presio maila handian garraiatu behar da, 800 barrera ere iritsi daiteke presio hori. Beraz, hidrogeno hoditeriak oso bereziak dira eta garraiatzeko zaila da. Modu likidoan ere garraiatu daiteke, eta orduan ez da halako presiorik behar, baina hori egiteko izugarri hoztu behar da, zero absolututik gertu diren tenperaturetara, horretarako energia asko behar da eta oso garestia ateratzen da. 

Zailtasun gehiegi gaur egungo ekonomian indarrez txertatu ahal izateko.
Hainbeste zailtasun pilatzen hasten denean, oso zaila da ekonomia mugiarazteko energia baliagarria izatea, itxuraz beste alternatiba merkeagoak baldin badira. Gure taldean lan handia egiten dugu materialen eskasiaren ikerketan, eta azkenean dilema zera da: etengabe bilatu behar da energia etengabe hazten ari den ekonomiarentzat? Edo une batean erabaki behar da gure energia kontsumoa murriztu behar dela?

Edozein modutan, Repsoleko buru Josu Jon Imaz berak aitortu du oraindik oso garestia ateratzen dela.
Hidrogeno berdea ekoiztea hidrokarburoekin ekoiztea baino bost aldiz garestiagoa da. Baldintza egokienetan ere, ez dago horrekin lehiatzerik, beraz, uneren batean etorri beharko da energia kontsumoa gutxitu beharra.

Munduko beste adibide batzuetan oinarrituta, ba al dakizu zein den hidrogeno zuriaren ustiaketak eremu naturaletan duten eragina? 
Ez naiz inoiz egon halako batean, ez dakit ongi, baina pentsatzen dut beste baliabide natural askoren erauzketaren antzekoa izango dela. Ingurumen horietan azpiegiturak eraiki behar dituzu baliabideen ustiaketarako eta horrek eragina izaten du ekosistemetan. Pirinioetako kasuan... Aragoin, Barbastro eta Monzon artean bilaketa lanetan ari dira, baina horiei buruzko oso informazio gutxi dago.

 

 

Ez da parke eolikorik eraikiko Araba eta Gipuzkoa arteko Jarindo mendian
Green Capital Power konpainiak eraiki behar zuen, baina uztailean atzera bota zuen proiektua eta Jaurlaritzak ostegun honetan argitaratu den EAEko Aldizkari Ofizialean onartu dio atzera... (+)
Hidrogeno naturala bilatzeko beste bost baimen tramitatzen ari da Jaurlaritza
Hatxebi sozietateak egin zituen eskaerak 2024ko martxoan eta Eusko Jaurlaritzaren Irekian albiste gunean irakurri daitekeenez, gaur egun oraindik tramitazioan ari dira. Hatxebik ingeniaritza zerbitzuak eskaintzen... (+)
6.000 txerriko makroetxalde proiektuak kezka sortu du Eneritzen
Enerizko (Nafarroa) herritarrak udaletxean bildu ziren joan den irailaren 13an eta txerri etxaldearen sustatzaileak proiektuaren ezaugarriak azaldu zizkien. Entzundakoak ez zituen lasaitu Izarbeibarreko herritarrak. (+)
Sarbil mendiko proiektu fotovoltaikoa geldiarazi du Nafarroako Gobernuak
Ingurumen Departamentuak kaltegarritzat jo du proiektua eta atzera bota du Sarbil mendiko proiektu fotovoltaikoari buruzko ingurumen-inpaktu txostena. Hori dela eta, oraingoz, proiektua bertan behera gelditu... (+)
Lizarrako alkateak gezurra esan zuen osoko bilkuran Ceutako bilkurara joan ahal izateko
Joan den asteazkenean FEMP Espainiako Udal eta Probintzien Federazioak Ceutarekiko elkartasunez bilkura deitu zuen 20:00etarako. Lizarrako udaletxean osoko bilkura egiten ari ziren, baina UPNko taldeak... (+)
gora