Astelehenero 8:00etan zure epostan
Biologo ezaguna da Gilles Boeuf (1950, Paimboeuf (Bretainia)), ozeanografian berezitua, eta hain justu horregatik gomitatu du EHLGk aurtengo Lurrama laborantza herrikoiaren azokara. Ama ura zaindu, ura baliabide komuna lelopean, ura izanen dute aurtengo edizioaren gaia. Pasio handiz hitz egiten du uraz, eta oro har, pasio handiz mintzo da ekologiaz, hau da, bizitzez, bizidunez eta bizidunen arteko interakzioez. Bere irudiko "bizitzaren kontzientzia galdu izana" dago krisi ekologikoaren oinarrian. Aldaketarako oztopoen artean sartzen du gizakiak "miresmenerako gaitasuna" galdu izana. Boeuf entzuterakoan ohartzen gara zer nolako harmonia eta sinbiosia dagoen bizidunen artean, eta bai, segur aski inguruarekiko miresmen handiagoa bagenu, orduan ez genuke hainbeste suntsituko ingurumena. Hitzaldia eskainiko du azaroaren 7an, Lurramaren kari Miarritzen (Lapurdi) –aldi bereko itzulpena izanen da euskarara–.
Gilles Boeuf
Has gaitezen oroitaraziz behin eta berriz oroitarazten duzuna: ura bizidun ororen oinarrian den molekula da, eta bizidun bakar batek ere ezin du urik gabe bizi.
Ume sortu berria hiru laurdenean urez osatua da. Gizakiak ahantzia du urez egina dela eta hori da gaur egungo drama. Hori gogoan bagenu, orduan dena ezberdina izanen zen, ez genizkion urari hainbeste pozoi botako.
Pasatako uda gogoan dugu: animaliak egarri, landareak berdin, eta gizakiok ere ur murrizketak bideratu beharrean.
Gizakiok ere sufritu dugu egarriaz. Haurdun ziren emakumeez interesatu naiz eta problema handiak egon dira, epea baino lehen erditu dira, batzuk hilik sortu dira amak beroagatik arterietako hipertentsioa eginik. Bada kezkatzekoa. Luzaz haurren heriotza tasa handia zen, 1911ko beroteetan, adibidez, eta hori deshidratazioagatik. Urez osatuta izanda arrisku gehiago ditu. Galderara itzultzeko, bi arazo ditugu urarekin: mugatua da eta, horrez gain, kontaminatua.
Bi arazo horiez kontziente, nola bizi izan duzu udako berote handia?
Gauza bat erranen dizut: 2000 urtean idatzi genuen artikulu bat zeinetan irudikatzen genuen 2050. urteko klima, eta aurreikusitakoa 2022an gertatu zen, 2023an, 2024an, 2025ean eta 2026an ere segitzen du. Bizkortasun horrek harritzen gaitu, biziki laster agertu dira desorekak. Tenperatura altuarena arazoa da, baina anitzez larriagoak zaizkit idorteak. Bizi naizen lekuan, Périgord (Frantzia) eskualdean, Euskal Herritik ordu batzuetara, lau hilabetez egon gara euririk gabe. Bidasoa ala beste, Pirinioetako ibaiak ezagutzen ditut ongi, arrain migratzaileak ikertzen ditudalako, eta erran dezaket ur guti-guti-guti dutela.
Arazo bat beste arazo batzuk ondorioztatzen dituena.
Landareek anitz sufritzen dute. Zuhaitzek eta arbolek ebapotranspirazioa bideratzen dute hostoetatik, eta ura eskas izanik, hostoak galtzen dituzte defenditzeko. Maiatza-ekainean hasiak ziren hostoak galtzen; eta atzo oraindik 30 gradu genituen hemen, eta Euskal Herrian ere berdin zarete. Iratiko oihana ezagutzen dut, pagokiak dira eta anitz sufritzen dute, horrela segituz gero galduko ditugu. Nola ez, laborariek ere anitz sufritzen dute. Azken urteetan garaztatzen da, hori ere dramatikoa da, justu ohikoan baino ur gutxiago dugun honetan ateratzen delako ura erreserbetatik. Arrain migratzaileena aipatu nahiko nuke, niretzat horiek direlako erakusle argienak. Aingirak, izokinak, amuarrainak... horiek guztiak pikutara doaz.
Zehaztu dezakezu?
Bi migrazio mota ditugu: itsasoan sortu eta ibaietatik gurera datorrena, batetik, eta bestetik, ur gezan sortu eta itsasoan biziko direnak, ondotik berriz ur gezara itzultzeko. Aingiraren kasuan, Mexikoko Golkoan sortzen da eta Euskal Herrira arte bidaiatzen du; Bidasoatik edota Aturritik dator eta 10-20 urte pasa ondoren bertako erreketan berriz itzultzen da Mexikoko Golkora, erruteko. Izokinak edota amuarrainak bidaia bera egiten dute, baina beste aldera. Gaur egun mehatxatuak dira, ur eskasagatik, baita uraren kalitate txarragatik ere. Pentsa, hamar urte nituenean aingirak osatzen zuen Europa mendebaldeko arrainen pisuaren erdia, gaur egun ehuneko bata bakarrik. Betidanik gudariak izan dira arrain migratzaile horiek, eta finean, galduko ditugu.
“Anitzez ur gutxiago dugu, berotzen ari da eta gainera, kontaminatua da. Dagozkion hitzak erabili ditzagun: hondamendi baten aitzinean gara”
Gudariak?
Hori da. Ohartzen zara zer nolako bidaia egiten duten? Euskal Herritik Mexikoko Golkora, eta izokinaren kasuan, Kanadara. Harrigarria da. Baina argi ukan dezagun: horiek desagertzen badira, gu ere desagertuko gara; gertatzen denaren indikatzaile batzuk dira. Horregatik diot bizi garela ahantzita dugula, hori gogoan bagenu ez genukeelako hainbeste tontakeria eginen.
Ozeanografia ikertzen hasi baino lehen endokrinologoa nintzen, eta egia da ohar horri atentzio handiena bideratzen diotenak direla, hain justu, minbizia pasatakoak. Inguruarekiko dependentzia batean gara, bizidunarekiko etengabeko kooperazioan gara; eta bizi den hori dugu jaten, ez dugu harririk jaten, barazkiak jaten ditugu, animaliak.
Zuk eta nik zelula baino bakterio gehiago dugu gure baitan eta gure gainean (azalean, biriketan, ahoan, baginan...). Bakterio horiekiko harremana desorekatua izanez gero, orduan agertzen dira eritasunak (diabeta, arteria hipertentsioa, autismoa, alzheimerra…). Noiz hasiko gara horri guztiari kasu egiten?
Hamarkadak dira ikerketa zientifikoetan oinarriturik klima aldaketari buruzko abisuak zabaltzen ari zaretela.
Erleak eta aingirak aztertzen hasi nintzen 1975ean, fenomeno arraroak nabaritzen nituelako. Dagoeneko aldaketa sentitzen zuten animaliek eta egoera okertu zen 1990eko hamarkadan, tenperatura emendioarekin. Prezipitazioak ere aldatu ziren, euririk ez zen lekuetan euria ari du eta euria egiten zuen lekuetan ez da gehiago euririk. Gaur egun egoera okertuz doa; 2022ko berotea ikaragarria zen, baina aurtengoak marka guztiak gainditu ditu –hain tenperatura altuak hainbeste denbora luzez, hori ez genuen sekula ikusita azken ehun urteetan–. 40 gradu ukan izan ditugu iraganean ere, baina hainbeste denbora luzez ez.
Egoera dramatikoan da uraren mundua. Hain maite ditugun Pirinioetako glaziarrak desagertzera doaz. Afera da glaziar horiek elikatzen dutela Garona ibaia. Tolosako (Okzitania) nire lagunei erraten diet EDF enpresaren presak ez balira hor, urik gabe egonen liratekeela urtean lau hilabetez. Laburbiltzeko, anitzez ur gutxiago dugu, berotzen ari da eta gainera produktu toxikoz kontaminatua da. Dagozkion hitzak erabili ditzagun: hondamendi baten aitzinean gara.
Bizi garenik ez dakit ahantzia dugun, haatik, bai ahantzia dugu inguratzen gaituen oro bizirik dela.
Bizi garela kontziente izanda genieke ingurukoei kasu eginen. Ezin dut irudikatu biziraunen dugunik inguruko guztia desagertuz gero. Sortzen den ninia ureko arnas-hartzetik aireko arnas-hartzera pasatzen da eta erditzerakoan bere amaren bakterioak jasotzen ditu, ezinbestekoak dituelako osasuntsu izateko. Erran nahi dudana da inguratzen gaituen bizitza ezinbestekoa dugula bizitzeko. Badakigu eri handi den pertsona batek hobeto errekuperatzen duela oihan baten erdian edota itsas bazterrean. Baina horrez guztiaz ohartzeko enpatia behar da. Gaur egun ez ditugu gehiago ezagutzen gure pentzeetako txorien izenak, ezta pinpirinenak ere, eta hori mingarria zait.
Agian horregatik ez gaitu hainbeste hunkitzen inguruko espezie batzuen gutxitzeak, finean ez diogulako sekulan kasu handirik egin.
Iratiko oihanean dituzuen intsektu batzuk bakarrik hor bizi dira, ez ditugu munduko beste xokoetan kausitzen. Horiek zuenak dira, zuen identitatearen parte dira. Inguru bakoitzak du bere bizitza, inguru bakoitza izugarri aberatsa da. Baina berdin dio, berdin-berdin zuhaitzak moztera eta produktu kimikoak hedatzera! Ezin dugu horrela segitu.
“Inguratzen gaituen bizitza ezinbestekoa dugu bizitzeko, baina horretaz ohartzeko enpatia behar da”
Nola esplikatzen duzu jarrera hori?
Horri izen bat emana diot: desastrearekiko miopia. Bizidunak 4.000 milioi urte ditu, nola egin du hainbeste denboraz irauteko? Hori ikertzen aritu naiz Pariseko Historia Naturalaren Museoan hamar urtez, baita Frantziako Kolegioan ere, ozeanoetako bizitza hasiera ikertuz eta irakatsiz. 4.000 milioi urtez iraun du bizidunak eta gu ezaxolakeria osoz gabiltza gurean. Miresmenerako gaitasuna galdu dugu eta hori dugu gaur egungo dramaren oinarrian. Haurrek duten miresteko gaitasuna helduok ere beharko genuke. Bestalde, izpiritu kritikoa ahulduz doala uste dut. Une honetan lizeokoen mobilizazioak ditugu eta interesgarriak dira. Ezin ditugu gazte horiek desesperazioan ito, berez ez delako sekula deus galduta. Dena dela, aterabidea bat eta bakarra da: aldatu behar gara. Orain arte bezala gelditzeak erran nahi du ezer ez aldatzea. Bizidunak jakin du aldatzen 4.000 milioi urtez, eta gu ez gara gai; berdin-berdin nahi ditugu bi auto, ura gainezka kontsumitzen segitzen dugu... Oilarkeria eta doilorkeria handikoak gara, beti gehiago nahi dugu. Baina kasu, bizi eredu ezberdin bat ukaiteak ez luke erran nahi koba-zulora itzultzea.
Axolagabeak garela ere uste dut. Har dezagun eltxo-tigrea. Taiwanetik etorri zitzaigun 2008an; pneumatiko zaharrez betetako kargamentu batean, gurpil-azal baten zolan ur-xorta bat zegoelako, eltxo-larbekin. Hortik hamabost urtera denetan ditugu eta ezezagunak zitzaizkigun eritasunak ditugu (chikungunya, dengea, West Nile Nilo mendebaldeko birusa...). 2009-2023 urteetan munduaren itzulia egin genuen Tara itsasontziarekin [ozeanoetako bizitzak ikertzen dabilen ontzi zientifikoa] eta ohartu ginen bizitzaren hastapeneko itsas-bizidun horien artean –bakterioak, proteinak, birusak, mikro-algak...– lehia baino sinbiosi eta kooperazio anitzez gehiago dutela.
Pentsa, giza ohe batean milioi bat eta bi milioi akaro ditugu goizetan, gauean zehar izerditu garelako eta inguru bero eta heze batean direlako. Zer egiten dute? Gure ileak jaten dituzte, galdutako azal puxkak... Nazka eman dezake, baina bikaina da, sinbiosi betean gara. Gazta baten azalean gauza bera gertatzen da. Guztia esterilizatzen bagenu ez litzateke ezer geldituko. Aitortu dezagun: arreta handia galdetzen duen eraikuntza biologiko liluragarri bat gara.
Badirudi agintariak deskonektaturik direla eta ultra-aberatsen aterabideei so direla: Adimen Artifiziala eta teknologia berriak, bata zein bestea ingurumenarentzat kaltegarri izanik.
Ez dira utzi behar egiten.
Nola egiten da hori?
Sinesten dut elkarte munduan eta jakintza kolektiboan. Oroitarazi dezagun zientzia ez dela iritzi bat, zientziak egoerak analizatzen ditu, eta zientzialariek gidaturiko mundu batek ez luke funtzionatuko. Aldi berean, harritzen nau ikusteak gure agintariek ez dutela jakintza mikorik zientzietan, ez dakite ezer fisikaz, kimikaz eta matematikez. Zientzia parte-hartzaileak interesgarriak dira, adibidez, txoriez, itsas zaldiez, igelez edota zuhaitzez pasionatuak diren herritarrak guregana datozenean ikusitakoa partekatzera. Elkarlan hori ezinbestekoa dugu. Kapitalismoaren aroan gara eta ez dugu ezagutuko enpresen bukaera; hortik enpresa batzuk beharrezkoak ditugu. Bistan da, guztiak ez ditut nahi, batzuekin ez nuke sekula lan eginen. Beraz, nola jartzen dugu harmonia horretan guztian?Zure galderara itzulita, ez ditugu utzi behar sinbiosi horren kontra doazen neurriak hartzen.
“Bizkaiko Golkoko planktonaren DNAren herena dugu zuk eta nik, eta sagar baten DNAren bi herenak”
Bozkatu dezakegu, baina gure kreditu txartela ere hor dugu eragiteko. Produktu batzuk erosten ezin dugu segitu, eta gehiegizko kontsumoa ere ttipitu behar dugu. Telefono mugikor batean Mendeleieven taula periodikoko 60 osagai ditugu. Ikaragarria da eta metal batzuk faltako dira, ez da dudarik. Ezin dugu bi urtero telefonoz aldatu. Xumeagoak izan behar gara.
Xumeagoak izan behar gara.
Badakizu? Bizkaiko Golkoko planktonaren DNAren herena dugu zuk eta nik, eta sagar baten DNAren bi herenak. Sagar batek on egiten digu mundu beraren parte garelako. Biziraun nahi badugu giza-naturaren metamorfosia behar dugu, mentalitateak eraldatu behar ditugu.
Beste zibilizazio eta kultura batzuek mundu ikuskera ezberdina dute, baina tamalez mendebaldarrona gailendu zaie.
Pigmeoak Kamerunen, Bishnoiak Indian, Guyanako amerindiarrak ala beste, herri autoktonoekin lan egiten dugu anitz. Maorieraz hitz bera dute lurra eta plazenta izendatzeko; horrek liluratzen nau. Baina hori guztia izorratu diegu, kolonizatu ditugulako eta gaur egun ere bide beretik segitzen dugulako. Zezen Eseri siuxen buruzagi handiak zioen: “Azken ur tanta kutsatzen denean, azken animalia ehizatzen denean eta azken zuhaitza mozten denean, giza zuriak ulertuko du dirua ez dela jaten".
Gogoeta horrek balio du lehen sektorearentzat. Lurramako aurtengo gomita berezia zara. Bi eredu ditugu nekazaritzan, agroindustria eta laborantza herrikoia, lehenak babes ekonomiko eta politiko handia duenean. Zein da zure gogoeta?
Biziki argi dut lurzoruko bizitza bizirik atxiki behar dela. Frantzian lurzoruaren %60 hilda dago, traktore pisuegiengatik, sobera sakon irauli delako eta produktu toxikoengatik. Gauza bera da Espainiarentzat. Biziduna ez dela arriskutsua erratea ez da egia; hartu aconitum landarea, janez gero seko hilko zara. Bizidunak pozoi arriskutsuak asmatu ditu, baina desagertzen denean bere pozoia ere desagertzen da. Gizakiok, aldiz, 5.000 molekula sintetiko asmatu ditugu eta larriena da horiek deuseztatzen ez dakigula, eta poliki-poliki pozoitzen gaituzte. Klordekono pestizida erabiliz bidea irekitzen diezu prostatako eta bularreko minbiziei, eta hor eskuinekoa edota ezkerrekoa izateak berdin dio, ondorioa bera da guztientzat. Horregatik, osoki bat egiten dut laborantza herrikoiarekin. Lurzoru suntsituarekin ezingo genituzke 8.000 milioi herritar elikatu. Kabalen hazkuntzarekin gauza bera. Eritasun bat agertzen denean kabala guztiak hiltzea harrigarria da. Behia objektu bat da? Ez, biziduna da, bizitzea merezi duena.
Laborariak oro har egoera txarrean dira, eta anitzek dute eskuin muturretik hurbil dagoen CR sindikatu berriaren irakurketa sinplistarekin bat egiten. Ingurumenaren aldeko legeak, betebehar administratiboak zein kontsumitzaileek eta ekologistek galdeturiko neurriak beraien kontra doazela diote eta puztuz doa beraien kexua.
“Ezin ditugu gazteak desezperazioan ito, berez ez delako sekula galduta. Dena dela, aterabidea bat eta bakarra da: aldatu behar gara”
104 urterekin hil berri zaigun Edgar Morin filosofo eta soziologo handia lagun mina nuen eta berak zioen arazoa ez dela frenesia zientifiko eta teknologikoa, baizik eta zer-nola erabiltzen den. Terre-patrie [Lurra aberri] liburua plazaratu zuen 1993an, ulertua zuelako konplexua dela bizitza. Bizitzaz aritzerakoan ez da deus sinple, alta, eskuin muturrak beti hobendun bat izendatuko du, beti emanen du erantzun sinple bat, erantzuna hain sinple balitz bezala! Ez da erantzun eta soluzio sinplerik, dena da biziki konplexua.
Bizkitartean espezieak desagertzen ari dira. Seigarren iraungipenean sartuak garela diote batzuek. Hala diozu zuk ere?
Erranen nuke seigarren iraungipenera sartzeko baldintzak sortzen ari garela. Bide beretik segituz gero, horretara joanen ginateke. Baina ez ditut nahi gazteak itxaropenik gabe utzi. Ez da berantegi, oraindik egin dezakegu hori saihesteko zerbait; baina egia da ere pasatzen den egun orok iraungipenerako aukerak emendatzen dituela. Badira 35 urte lan horretan nabilela eta galdetzen didatenean nolatan ez dudan esperantza galtzen, zera erantzuten diet: "Tristeegia litzatekeelako!". Ez naiz ekologista, ekologoa baizik eta ekologia eta ekologismoaren arteko ezberdintasuna argi dut. Nik ezin ditut desesperatu nire ikasleak, gazteei ezin zaie erran "dena pikutara bidali dugu, orain segi ahal bezala". Noranzkoa aldatu dezakegun esperantza badut oraindik eta mezu hori zabaldu nahian nabil.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545