Otsaileko elurrak ongarri hoberena balio du.

Ozeanoen hondo sakonak: Far West berriak?

Bizi garen planeta ez da infinitua eta, gainera, estraktibismo basatiaren ondorioz, baliabide natural asko agortzen ari dira. Horren aurrean, krisi erraldoi honetara ekarri gaituztenek nahiago dute eredu ekonomikoa aldatu baino baliabide berriak bilatu –ikus aldizkari honetako erreportaje nagusia–, harri guztien azpian begiratu behar badute ere. Hala, batzuek begiz jo dituzte inork esploratu gabeko ozeanoetako hondo sakonak eta milaka metrora jaisteko gai diren urpeko droneen industria berriak panorama aldatuko duela dirudi. Guillaume Pitron kazetari eta dokumentalgileak gaia ikertu du eta Océans. Le nouveau partage du monde [Ozeanoak. Munduaren banaketa berria] liburua argitaratu du urrian.


2026ko urriaren 21a
Erresuma Batuko itsas ministro Keir Mather urrutitik operatutako urpeko ibilgailu bat kontrolatzen.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Itsasontzi batetik soka luze bat itsasora botatzen zuten muturrean pisu bat jarrita, askatu eta askatu egiten zuten hondoa ukitu zuela uste zuten arte, eta hala, sokaren luzerarekin, zuloaren sakonera kalkulatzen zuten. Horrela ibili zen, besteren artean, Challenger Espedizioa duela 150 urte mundu osoko ozeanoak eta itsas sakonetako bizitza ikertzen. Zientziari egin zion ekarpena handia izan zen, orduan ezezagunak ziren 4.000 espezie berri aurkitu baitzituzten eta 8.184 metro neurtzera iritsi ziren Ozeano Barean, Marianak uharteetatik gertu. Ozeanografia modernoaren oinarriak jarri zituzten. 

Sakonerak neurtzeko metodo hori, ordea, ez da oso zehatza, itsasoko korronteek soka mugitzen baitute. Urteekin, teknologia garatzen joan da, eta sonarrak edo urpekontzi tripulatuak asmatu dituzte azken hamarkadetan, batzuk aipatzearren, itsasoak ikertzeko, nahiz eta beti borrokatu behar sakonerarekin, presioarekin eta iluntasunarekin. Gauzak horrela, XXI. mendera heldu gara itsas sakonaren %80a aztertu gabe eta soilik itsas-hondoaren %0,001 ikusi duela gizakiak, Ocean Discovery League-k eginiko kalkuluen arabera. Urpeko Ibilgailu Autonomoak hori aldatzera datozela dirudi, ordea: AUV ingelesezko siglekin (Autonomous Underwater Vehicle).

Petrolio industria izan zen halako gailuak erabiltzen lehena, petrolioa erauzteko plataformen oinarrietan egin beharreko lanetan urpekariak ordezkatzeko. Dagoeneko milaka AUV dabiltza ozeanoetan lanean, aipatu liburuan jasotzen denez.

Irribarrea ahotik kendu ezinik mintzo zen EuroAtlas enpresako komertziala Greyshark urpeko dronearen ondoan, iaz Oslon jendaurrean aurkeztu zutenean, Youtuben ikus daitekeenez. Zortzi metroko luzera eta lau tona eta erdiko pisua duen metalezko marrazo erraldoia dirudi gailuak. Hamasei asteko autonomiarekin, eta hamazazpi sentsorez ekipatuta, lan ugari egin dezake: itsas hondoak kartografiatu, urpeko azpiegiturak babestu, rastreo geolokalizatuak... Baita, sorpresa, misio militarrak ere: helburu bat jo eta txikitu, urpeko minak detektatu eta garbitu, urpekontziei eraso egin, urpean abandonatutako munizioak berreskuratu.... Milioi bat eta hamar milioi euroren artean balio du bakoitzak. 

Lurrazalean baliabide naturalak agortzen ari dira, horregatik agintari, militar eta inbertsoreak ozeanoetara begira jarri dira, eta zehazkiago, itsas hondoetara

Ocean Infinity. Gaur egun, itsas sakonen ustiapenean lidergoa duen multinazionala aipatu du Guillaume Pitron kazetariak bere liburuan. AEBetako enpresa hau Southamptonen dago kokatua, Ingalaterra hegoaldean, eta bulegoak dauzka Australian, Portugalen, Kanadan, Suedian, AEBetan eta Erresuma Batuan beste bi. Datu publikorik ematen ez badute ere, kalkulatzen da gaur egun 6.000 metroraino jaitsi daitezkeen 15 eta 20 urpekari autonomo dituztela, ur azaleko artefaktu autonomoak, urrutiko kontrolaz gidatutako ontziak, hornikuntza eta prospekzio ozeanografikorako ontziak... “Bere armada txundigarria da, eta bere bitartekoak, erraldoiak”, adierazi zion Pitroni bere instalazioak ezagutzen dituen zientzialari batek. Enpresaren webgunean sartzen denak ondorengo albisteak irakurriko ditu: Erresuma Batuko itsas ministro Keir Mather-en bisita izan dutela bulegoetan, urrunetik kontrolatzen den 86 metroko ontzi berri bat egiten amaitu dutela, Kuwaiten itsaspea rastreatzen ibili direla edo Shell multinazionalarekin lankidetza hitzarmena sinatu dutela.

Bere zerbitzuak estatuei eta enpresa erraldoiei saltzen dizkien multinazional horretan 500 bat langile direla dio Pitron kazetariak. Drone gidarietatik hasi, robotikako ingeniarietatik edo topografoetatik pasa eta datu analistetaraino. “Segurtasunik zorrotzenarekin hornitutako eraikin bat imaginatu behar duzu, begiko erretinaren eskaner bidezko sarbide kontrolekin, eta behin barruan, egiazkoak diruditen ontzietako pilotaje kabinekin. Jendea sala batean dago, pantaila erraldoiz inguratuta, Ozeano Barean barrena doazen robotak gidatzen". 2021etik, multinazional hau bere lehiakideak erosten ari da, baita ondorengoetan espezializatutako enpresen akzioak ere: analisi geoteknikoan ari direnak, ontzien motore elektrikoak egiten dituztenak, itsasoko segurtasunean espezializatuak...

Greyshark urpeko droneak hamasei asteko autonomia dauka eta milaka metro jaitsi daiteke urpera.

Hala ere, Pitronek jaso duenez, enpresa gehiago ere ari dira eremu horretan lehiatzeko prestatzen, estatuak ahaztu gabe. “Potentzia handi guztiak itsas hondoarekin loturiko lasterketan daramaten atzerapena gainditzeko bidean dira, eta Ocean Infinity-ren antzeko baliabideak dituzte”, adierazi du aditu batek. Iraganean ozeanoen sakontasunarekiko interes gutxi erakutsi izan duten arren, bateko eta besteko armadak norabide estrategikoa aldatzen ari dira. Frantziako Itsas Armadaren kasuan, adibidez, urpeko dronez hornitzeko beharraz 2019. urtean jabetu ziren. 1968an Mediterraneo itsasoan 52 marinelekin desagertu zen Minerve urpekontzia bilatzen saiatzeko, halako enpresa bat kontratatu zuten. “Paris hiriaren pareko eremu bat hiru egun baino gutxiagoan orraztu zuten!”, kontatu zuen, oraindik txundituta, anonimotasuna gordetzeko eskatzea zuen lekuko batek. Urpekontzia aurkitu zuten. "Shock bat izan zen" eta halako teknologia beraiek ere behar zutela ondorioztatu zuten.

Urpeko droneen teknologia garapen betean dagoen industria izaki, jada hasiak dira hurrengo pausoak zein izan daitezkeen adierazten. Lehen aipatu dugun Greyshark urpeko dronearen ekoizleak dio hurrengo pausoa lurrazalera atera beharrik ez duten droneak egitea izango dela. Horretarako, baina, olatu-energiaz elikatutako amarratze-instalazioak eraiki beharko dituzte, baita urpeko zokorik galduenetan ere. Diotenez, AUVak bertara joango lirateke disko gogorretan bildu duten informazioa deskargatzera, bateriak kargatzera, matxurak konpontzera, edo hibernatzera, berriz ere eginkizunen batera bidaliak izan aurretik. Instalazio abisal horiek ez ote dira Far West berri baten kolonizazioaren hastapenak izango? 

Kartografia eta meatzaritza

Ozeanoei loturiko nazioarteko araudia motel garatzen denez, herrialde eta enpresa batzuek pausoak ematen dituzte, eskrupulu gutxirekin, hutsune legalak baliatuz. Iraganean ere hala egin zuten, 1946an AEBak hondakin nuklearrak ozeanoetako sakonera handietara botatzen hasi zirenean. Hurrengo hamarkadetan hamahiru herrialdek orotara 200.000 tona hondakin erradiaktibo bota zituzten zulo ilun hauetara, harik eta ia mende erdi geroago, 1993an, nazioarteko hitzarmenen bidez praktika hori debekatu zuten arte. Hori bai, zabor kutsakorra zulo horietan geratu zen.

Esku artean dugun gaira etorrita, kontua hartzen ari den garrantzia erakusten duten hiru adibide: Batetik, AEBetan Donald Trump presidenteak itsas hondoan meatzaritza proiektuak bizkortzeko agindua sinatu zuen iaz. Eta orain bi hilabete, AEBek Marianak eta Samoa inguruko uretan meatzaritza-lizentziak saltzeko planak iragarri zituzten, nazioarteko araudiari iskin eginez. Bigarrenik, Indiako Meatze Ministerioak 2026ko urrian Andaman itsasoko bi mineral-bloke –1.632 kilometro koadroko eremua– enkantean jarriko zituela iragarri zuen. Eta hirugarrenik, Txinako unibertsitateek gidatutako espedizioek Pazifikoan eskualde hidrotermal handi bat aurkitu zuten, urre eta zilarrarekin, eta Hego Txinako Itsasoan urpeko meatzaritza-sistema prototipoak probatu zituzten. 

Urpeko droneek ozeano hondoak aztertuko dituzte, baina kartografia beti izan da inperialismoaren zerbitzura egon den tresna politikoa. Ez dago arrazoirik pentsatzeko oraingoan ere ez dela hala izango. 

"Bizidunak jakin du 4.000 milioi urtez aldatzen, eta gu ezaxolakerian gabiltza eta ez gara gai aldatzeko"
2026-10-25
Biologo ezaguna da Gilles Boeuf (1950, Paimboeuf (Bretainia)), ozeanografian berezitua, eta hain justu horregatik gomitatu du EHLGk aurtengo Lurrama laborantza herrikoiaren azokara. Ama ura zaindu,... (+)
Iturriozko Anttoni (1980)
2026-10-25 | Urko Apaolaza Avila
Kamino zatar batetik kotxea poliki gidatuta. Halaxe iritsi ziren Zeruko Argia-ko Elixabete Garmendia eta Lurdes Auzmendi Ataungo baserriraino, norbaitek eskopetaz “hegazti arraro bat” bota omen... (+)
Hidrogeno zuria: urre beltz berria, amets eta burbuila
Lur azpian pilatzen den hidrogenoari zuria edo naturala esaten zaio, eta hidrogeno hobiak aurkitzeko lasterketa itzela dago munduan barrena. Euskal Herriko lurretara ere iritsi da... (+)
"Arrantza jasangarriak betirako iraun dezake"
Zure lagun batek esaten baldin badizu bere arreba (itsas) oilarraren enbaxadorea dela, eta zu letrei buruz asko baina gainerako jakintza-eremuen inguruan gutxitxo dakien norbait bazara,... (+)
"Autismoak eraman nau kirolari izatera"
2026-10-25
Kirolaren munduan bizi izan da beti Vanessa Almeida Querejazu (Gasteiz, 1978). Txiki-txikitatik hasi zen eskian, eta bederatzi urterekin belak txunditu zuen. Kirol horretan munduko txapelduna... (+)
gora