Asteroko buletina
Baratzearen opari handiena, bost zentzumenen leheneratzea da

Landarepedia

Porrua

Allium porrum

[Jakoba Errekondo]

Biblian aipatzen omen da Egipton porruarengatik madarikazioka edo biraoka aritzea, jainko-jainkosaren batengatik aritzearen parekotzat zutela. Egipton jainkosa eta hemen antzarrak ferratzera edo porruak landatzera bidaltzea berdin da. Gaur egun, ez jainko ez jainkosarik ez dela badakigunean porrua geratzen zaigu. Gora porrua! Euskal Herrian porru basatiak baditugu. Horien senideetatik abiatuta, hautatuz eta hobetuz, sortuak dira gaur egun jaten ditugun porru handiak.
Historia luzea du, beraz porruak. Tipularen tankerako landarea da porrua. Sustrai multzoa, denak toki batetik sortzen direnak eta hortxe bertan hostoak sortzen dira. Hostoak elkar bilduz hazten dira eta berriak barrutik datozenez, elkarren inguruan hazitako hosto pila besterik ez da porruari jaten dioguna. Eguzkiak jotzen duen zatian berde da eta eguzkirik ikusten ez duena zuria. Erreserbak pilatzen ditu hostoen azpiko alde horretan. Gero, baldintza egokiak etortzen direnean, erreserba horien lepotik metro bete edo metro eta erdiko gara luzatu, loratu eta haziak eman ahal izateko.
Ingalaterran porru handienaren lehiaketak egiten dituzte: bost kilo eskasekoa da, orain arteko handiena.

 

Oinarrizko premiak

Baratzean lantzeko barazki errazenetakoa da. Geure isuri atlantikoko lurretako barazki peto-petoa da porrua. Ez da, inolaz ere, bere senide baratxuria eta tipula bezain berozalea eta eguzkizalea.
Lur freskoak eta sakonak eta ur asko behar ditu. Eguzkitan edo erdi itzaletan berdintsu etorriko da. Hotzari ez dio beldurrik. Honexegatik, gure neguko barazki nagusietako bat izan da. Kanpoan elurra eta izotza, eta baratzean porruak behar ahala hartzeko moduan...
Simaurra ikaragarri gustatzen zaio, baina zaharra. Aldatu aurretik lurrari nahasi behar zaio.

 

Noiz zer lan

Porrua hazitik erraz etortzen da. Gaur egun, urte osoa porru txiki berriak, hatz baten tamainakoak, izatera ohituta gaude, beraz etengabe erein eta aldatu behar da. Hala ere, udazkena negua eta udaberrian porru handiak izateko honela egin:
Hazia martxoa edo apirila aldera erein. Ekainean sartu ordurako porru sailak jartzen hasi. Nahi duzunean jaten hasi, baina negua eta udaberria urruti daude eta ordurako ere hazten utzi... Gure amona Joxepa zenak uztailaren erdirako negurako porru saila jarrita izaten zuen.
Arkatza baten tamainakoak direnean, 15-20 cm aterako dira lurretik, hazitegitik atera eta aldatzen dira. Errenkan aldatzen dira: aitzurrarekin ildo edo aska tankerako erreten luzea egiten da, 15 cm sakona eta alde batean etzanda jartzen dira. Sustraiak ildoaren oinean bermatuta eta porruaren hosto arteko begia lurraren azalaren gainean ageri dela. Porruak jarri ditugun beste aldetik 20-25 cm-tara beste aska bat ireki honen lurrarekin aurrekoa betetzen delarik. Porruak ematen diegun lur tartearen araberakoak egingo dira estu jarrita porru luze asko izango ditugu. Zabalago jarrita porru lodi gutxiago. Nik errenka artean 25-30 cm eta porrutik porrura 10-15 cm utziko nuke.
Aldatutakoan erruz eman ura. Tentetu eta ondo itsatsi direla ikusi arte.
Txikiak diren artean belarrak kendu. Kontuz aitzurrarekin, azalean jorratu, sustraiak kaltetu gabe.
Hazitarako ale batzuk jaso nahi izanez gero, baratze bazter batean ildaska bat egin eta bertan zehar aldatu. Bada ezpada, lore garak arbatzea hobe.

 

Uzta

Porrua berdetan jaten da. Txikiak, handiak... nahi direnean hartu. Eskuarekin tiratuta porrua austeko arriskua dago, sarde tankerako lauortzarekin edo laiarekin lagunduta erraz aterako duzu.

 

Gaitzak eta izurriteak

Harra da porruaren arazo nagusia. Azenarioarekin tartekatuta jarri, honen usaina ez zaio gustatzen harraren arrautzak jartzera datorren tximeletari.
Porru landarea hazitegitik atera eta aldatu aurretik, egun pare batez eguzkitan lehortzen eduki. Baldin badu, harra hil egingo da.
Asentsio-belarra, baratxuria, asuna eta tomate urekin tratatu.

 

Nor norekin

Azenarioarekin, tipularekin, marrubiarekin, tomatearekin, espinakarekin eta apioarekin ondo moldatzen da.
Ez ditu aldamenean nahi ez zerba, ez erremolatxa, ez babarruna, ezta ilarra ere.

Goizeko patataren ondoren ederki etorriko dira. 

Azenario errenka bat eta porruarena beste bat tartekatuz, arerio dituzten eulia eta harra elkarri uxatuko dizkiote. Azenarioa lehenago egin daiteke eta hura koxkortzean tartean porruak aldatu.

Apioak ere harra ekarriko duen arrautza jartzera datorren tximeleta uxatuko du.

Trikimailuak

Porruak sustraietan onddo lagunak ditu, mikorriza sinbiotikoak. Hauek hobeto elikatzen laguntzen diote, batez ere fosforoa hartzen.

Argi ordu askoko egunetako landarea da porrua. Hau da, udaberria, uda eta udazkenean haziko da.

Zenbaitek, porru luze eta handiak egiteko lurreztatu egiten dituzte, lurra eman inguruan. Estalita argia kentzen diogu eta zuritu egingo da.

Aldatzerakoan hosto luzeak baditu, eta lurrean arrastan geratuko badira, moztu. Zenbaitek sustraiak moztea ere gomendatzen dute, itsasteko grina pizten omen du.

Behin handituta, nik ez nuke porruen tartea jorratuko eta belarrez soilduko. Porrua itzaletan zuriagoa eta dasta finagokoa etorriko da. Eta lan gutxiago!

Porrua zenbat eta handiagoa eta makalagoa.

Porrua, zenbat eta handiagoa eta makalagoa. 

atzera

Erlazionatutako jakingaiak

Baratzean hasiberrientzako ipuina
2023-05-08 | Jakoba Errekondo
Ekin iezaiozu baratzeari. Aspaldi buruan hara-hona darabilzun asmo hori mamitzeko sasoi ezin hobea da hau. Bidea jorratzeari ekiteko xedeak erein, intentzioak zehar landatu, deseinuak aldatu,... (+)
Porrua eta eulia, neguko urdinaren porrota
2022-12-06 | Jakoba Errekondo
Porruaren kolore urdina nabarmen agertzen da neguak gorritutako paisaian. Urdinezko olatuen itsasoak dira porru sailak. Behazunduta dabil, baina, azken urte hauetan porruzaintzaile jendea. Aspaldi arerio... (+)
Txikoria eta osterzuria saltsa mikatzetan
2022-09-20 | Jakoba Errekondo
Edari ederra da txikori ura, eta osasungarria. Txikoria edan bezala jan daiteke. Jakia ere oso ona omen da, osagarritsua. Txikoriatar gehiago ere bada. Zaharrak dira... (+)
Orain porru haziak
2015-03-08 | Jakoba Errekondo
Aurten sekula baino har gehiago ikusi dut porruetan (Allium porrum) barrena. Acrolepiopsis assectella izena duen har ttiki txatxu batek porruaren bihotzean zulobidea egiteko ohitura du.... (+)
Laharra nagusi
2014-05-25 | Jakoba Errekondo
Malus x domestica, sagarrondoaren loraldiak udaberria erdiz erdi harrapatzen duenean, inguruan dituen loratzeen prozesioa ez da amaitu: etxekoa duen irasagarrondoa (Cydonia oblonga), garikota (Silene vulgaris)... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora