[Jakoba Errekondo]
Lorea jaten zaion landare bakanetakoa. Landare handia da, 1,5 metrora ere iritsi daitezkeen hosto gris-urdinskak ditu. Ikusgarria da, baratzean deigarria, eta lore pipilak jaten ez badizkiogu, irekitzean are eta dotoreagoa. Mediterranearra da, aspalditik jaten den gutizia hau. Mikatza da eta beraz oso osasuntsua. Bere osagai mikatz horrekin bermutaren tankerako edariak ere egiten dira.
Landare berezia da: ez hotza ez hezetasuna ez zaizkio gustatzen. 5º tik behera edota lur buztintsu itoetan jai dauka. Lur aberatsa behar du eta ahal bada sakona eta ongi drainatzen duena. Jarri behar dugun saila aurrez ongarritu, ugari ongarritu ere. Gero, neguaren amaiera aldera, tartea izakitu edo zopizartu eta atzera berriro lodi ongarritu.
Eguzkizalea da.
Hazitik sortu badaiteke ere batez ere ipurdiko altsumetatik ugaritzen da. Kontu pixka bat eskatzen duen lana da. Hiru eratara egin daiteke:
Iraila aldera, Udako geldialdiaren ondoren landarearen ipurdian altsumak haziko dira. Horiek erabiliko ditugu. Lur pixka bat kendu beharko da. Pare bat landarean bertan utzi, hurrengo urteko uzta emateko, gainontzekoak enborraren ondotik labana zorrotz batekin moztu. 4-5 hostotxo eta sustrairen bat dutenak dira onenak. Altsumak aldatu aurretik hostoak eta sustraiak pixka bat moztu.
Lan hau bera udaberrian ere egin daiteke, loretan dagoenean. Baina, zehar aldatu eta gero abuztuan behin betiko tokian jarri.
Udako geldialdian, uztaila aldera, lehengo uztako altsumak ihartuta daudenean, zortenak sustrai eta guzti kendu eta aldatu. Laster berrituko da.
Metro beteko tartearekin aldatu, gurutzetara, zulo bakoitzean bi jarriz. Ez gehiegi lurperatu eta, batez ere, erdiko kimua ez estali. Hasieran erruz ureztatu. Uda eta udazkenean, landare tartea izakitu eta jorratu. Negura begira landareak lurreztatu. Neguan lurra ongarritu, eta hotz handiak badatoz garo, lasto, belar ondu edo antzeko edozerekin babestu.Berez, orburu landarea iraunkorra da, baina 3-4 urtetik behin, udako aldatze garaian landare osoa atera eta berritzea komeni da.
Neguan eta udaberrian izaten da uzta. Hotza pasa duenean tontortu, garatu egingo da, lore garak luzatuko ditu. Lore gara bakoitzak, jeneralean lore handi bat muturrean eta txikiagoko beste batzuk alboetara emango ditu. Lehen urtean gutxi eta ahulak izango dira. Hauek kentzeak landarea indartuko du. Lore pipilak hostotxoak estu-estu itxita eta barruan loreak sortu gabe dituenean moztu eta jan behar dira. Irekitzen hasi eta jateko alferrik galtzea bat dira.
Toki hezeetan bareek kalte handiak eragiten dituzte. Baita ustelduak sortzen dituzten onddoek ere. Batez ere, landare txikiak zaindu.
Sataginak ipurdia jatera hurbiltzen zaizkio.
Orburu landare gazteen artean uraza, eskarola, aza, babarrun motza... ia edozer jarri daiteke.
Lurra nitrogenoz aberasten duten lekadunak (baba, ilarra, babarruna...) inguruan izatea atsegin du.
Neguan euritik eta hotzetik enborra ondo babestea da kakoa. Txapela edo txano tankerako zerbait jarri gainean eta inaurkina inguruan. Azken hau harro jarri, hotzetik babestu, baina hezetasunari eusten ez diola. Bustia ez du batere gustuko.
Itsasoko gatz ttantta bat erantsi urteroko ongarriari.
Aldatu berritan, mindarekin ureztatu, bat-batean igarriko duzu. Minda egiteko urez betetako ontzi batean simaurra jarri oihal batean edo sare sarrizko zaku batean. Ur horrekin ureztatu.
Toki hotzetan ubel koloreko aldaerak hobeto etortzen dira.
Bero handiarekin eta lurra erabat lehortzen bada, kemen handiagoz berritzen dira.
Toki hotzean ubel koloreko lorea ematen dutenak hobeto etortzen dira.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545