Asteroko buletina
Negua eguzkitsu, ondoko uda euritsu.

Patata

Solanum tuberosum
  • Zer jaten diogu?
    Tuberkulua jaten diogu.
  • Oinarriak

    Landare preziatua da patata. Asko jaten da, eta milaka aldaera edo klase daude. 

    Haren tuberkuluak jaten ditugu guk, lurpean sustraietan pilatzen dituen erreserbak. Erreserba horiek pilatzeko, janari asko egin behar du, eta, horretarako, hosto asko behar. 

    Luberria maite du; hau da, baratzea estreinatzea gustatzen zaio, lehena izatea. Lur harroak eta ongarriz lepo daudenak maite ditu. eman ongarria, ahal duzun gehiena. Errautsa ere gustatzen zaio; beraz, landatu aurretik, nahasi bietatik lurrari. 

    Patata "erein" egiten dela esaten da, baina ez da hazia jartzen, landarearen puska bat baizik; beraz, ez da ereiten, landatu egiten da. 

  • Landaketa

    Neguan eta udaberrian landatzen da. Giroak laguntzen duenean, baina ahal den azkarrena erein, otsailean, martxoan edo apirilean. 

    Patatak handiak badira, ebaki, eta zatiak jartzen dira. errenkak egiten dira, batetik bestera 60 zentimetro inguru utzita. Patata batetik bestera, utzi 25-30 zentimetro. Eta estali 8-10 zentimetro lurrez. 

  • Uzta

    Bildu berria izango da patata goxoena. Landareak lore zuriak erakusten dituenean, lurpean patata txikiakdituela esaten ari da. Hartu aitzurra, eta, kontu handiarekin, atera patatatxoak; guri-guriak, goxo-goxoak egongo dira, azal eta guzti jateko moduan. Pixkanak atera, behar ahala. Maiatzaren erditik aurrera hasten dira patatak loratzen. 

    Nahi izatera, utzi ale batzuk heltzen. Eta, landarea erabat ihartu denean, azala zakartuta edukiko dute patatek lurpean. Udako beroenean, atera, eta utzi lehortzen. Gero, jaso daiteke iluna, freskoa eta haizeberritzen den toki batean uda-udazkenean jateko. 

  • Lagunak eta arerioak

    Maite ditu maite baba, ilarra, aza, leka, babarruna, azalorea, ziazerba eta artoa. 

    Ez ditu nahi aldamenean azenarioa, erremolatxa, tomatea, kuia eta tipula. 

Trikimailua

Baratze berri bat ekiteko, landare oso ona da patata. 

Lurpean egon behar dute tuberkuluek; baten bat lurrazalera azaltzen bada, azkar estali lurrez. Eguzkitan berdetu egingo da, eta hori ez da ona; kalte egin dezake.

Patata landareari buruz jakintza gehiago eskuratzeko Landarepedia atalera jo ezazu

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora