San Gregorio, martxoaren hamabian, kazkabarra hotzetan.
Erremolatxa
Beta vulgaris subsp. conditiva
Zer jaten diogu?
Sustraia eta hostoa jaten diogu.
Oinarriak
Zerbaren familiakoa da. Bi urteko landarea da. Lehenengoan hostaila emango du, eta sustraiko erreserbak pilatuko ditu; bigarrengoan, berriz, erreserba horien bizkar, gara tente bat luzatu eta loratuko da hosto tartetik. Lurrazalean loditzen duen sustrai-erreserba hori baliatzen dugu guk.
Hotzak ez du beldurtzen eta freskozalea da. Lehortearekin sustraia mikaztu eta zakartu egingo da.
Lehendik ongarria duen lurrean ereiten da. Ongarri berria ez zaio batere gustatzen.
Ereintza
Ereiten dugun tokian bertan haziko da; hau da, erein baratzean bertan, otsailetik ekainera. Errenkan edo sailean erein daiteke. Errenkak 25-30 zentimetroko tartearekin. Lurperatu haziak 2-3 cm. Jaiotzen direnean, bakandu 10--15 zentimetroko tartea utzita.
Jaio berritan, goxo-goxoa da, eta asko gustatzen zaie txoriei; prest eduki sareren bat edo beste zerbait.
Landaketa
Landatu bakantzeko kentzen diren landaretxoak.
Uzta
Erein eta hilabete pare batera, jaten hasteko moduan dira. Ez utzi handitzen, zakartu egiten dira eta.
Lagunak eta arerioak
Lagun ditu uraza, baba, babarruna, patata eta azenarioa. Baita tipula ere; horrek bareak uxatzen ditu.
Ez du gogoko bere familiako bat, ziazerba.
Trikimailua
Gatza gustatzen zaio, erein aurretik lurra prestatzean, zabaldu itsasoko gatza metro kuadroko 15 gramo.
Sustrai lodikotea baliatzen dugu, baina hostoak ere jan daitezke, zerbarenak bezala.
Lurrari heze eusteko eta belarrik ez sortzeko, jarri tartean landare-hondakinak: orbela, garoa, belarra, lastoa...
Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.
BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.