Nahiz ilzahar, nahiz ilberri, emaiozu hazia eguraldi onari
Errefaua
Raphanus sativus
Zer jaten diogu?
Sustraia jaten diogu, baina hostoa ere jan daiteke.
Oinarriak
Oso landare erraza da. Azkar hazi eta etortzen da. Erein baratzean bertan, eta, beste lanik gabe, hilabeterako, jateko moduan dira. Urtekoa da.
Sustrai gizendua jaten diogu, lurraren azalean hazten duena. Zuria eta gorria da ohikoena, baina gero eta gehiago datoz, gure baratzeetara, formaz eta kolorez askotarikoak.
Aldez aurretik ongarrituta dagoen lurra gustatzen zaio. Gosez izango dela uste badugu, eman ongarri zahar pittin bat. Errautsa gustatzen zaio; beraz, erein aurretik, nahasi lurrari.
Ereintza
Baratzean bertan, haziko den tokian ereiten da. Hazia bota, eta egun pare batera azalduko dira landaretxoak. Asko eta ugari badaude, bakandu.
Kontuz bare eta barraskiloekin. Ereindako gunearen inguruan, egin errautsetako hesi bat. Hostoa asko gustatzen zaio altis esaten zaion euli txiki bati. Zuloak azaltzen hasten badira, busti maiz-maiz asun urarekin.
Uzta
Uz utzi zakartzen. Hasi biltzen erein eta lauzpabost astera. Txiki-txiki xamurrak hobeak dira handi, zakar eta makalak baino.
Lagunak eta arerioak
Lagun ditu ilarra, uraza, aza, azenarioa, ziazerba eta tomatea.
Trikimailua
Lekadunak ereiten (baba, ilarra, leka eta babarruna) eta ziklo luzeko landareak jartzean (piper, tomate...), erein errefauak tartean; beste landareak etorri artean hazi eta jango ditugu.
Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.
BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.