Asteroko buletina
Ekaina lur busti, gure aita/ama negarti.
Dani Blanco

ZZ landarea

Zamioculcas zamiifolia

[Jakoba Errekondo]

Afrika ekialdekoa da, hasi Keniako hegoaldetik eta Hegoafrikako Iparralderainokoa, baina batez ere Tanzaniako Zanzibar uhartea aipatzen da bere jatorri gisa. Genero honetako espezie bakarra da eta etxe barruetan berri samarra. 1996an ekin zioten muntegi herbeheretarrek landare berezi hau izari handian soru eta merkaturatzeari. Zamioculcas eta zamifolia, bi izenak, Zamia generoko landareekin duen antzekotasunetik datoz. Garbi dago zergatik deitzen zaion ZZ landarea, ezta? Etxe barruko landare dotorea eta zaintzen erraza 

Deskribapena

Landare berkara da, zurtoinik gabekoa. Lurpean dituen eta zukutsuak diren errizoma antzekoetatik sortzen dira hostoak. Hosto iraunkorrak dira. Hosto pinatuak 80 cm inguru arte luzatu daitezke eta 6-8 pare hostotxo dituzte, 1,5 cm inguru artekoak, borobil antzekoak eta berde bizi distiratsuak. Loreak hostoen txortenen artean ezkutatuta ia ez dira ikusten:txorten motz baten muturrean hosto itxurako zorro edo braktea hori bizi batean bildutako infloreszentzia edo loretxo multzoa da. Fruitu biribil laranja-gorriak ditu, mordoan, txortenaren muturrean. 

Barietateak

Zamioculcas zamiifolia "Variegata" Hosto borobilagoak ditu, gorri kolorerik gabeak eta 6-8 orban ilunekin.

Zamioculcas zamiifolia "Raven" Hosto berde ilun-ilunak ditu, beltza esaten diote.

Zamioculcas zamiifolia "Black Jungle Warrion"  Aurrekoa bezalakoxea da. 

Zamioculcas zamiifolia "Emerald Palm" Distira bereziko hosto berde biziak ditu. 

 

Gaitzak eta izurriteak

Ustedura: denbora luzez, lurra hezeegi egonez gero, enbor ipurdia botritisa edo antzeko onddoen eraginez usteltzen hasiko da eta landare osoa eraitsi. Landarea loreontzitik atera eta lurra eta sustraiak ondo lehortzen utzi. Urriago ureztatu, drainatze zuloa miatu eta garbitu. 

Kotoi-kotxinila: intsektu honen larbak kotoi antzeko babes bat du. Intsektu garatuak, hostoen itsatsita izerdia zurrupatuz bizi diren oskoldunak dira. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu.

Trikimailuak

Hostoa kolorez galdu eta horitzen hasten bada ur gehiegia izango da, urriago ureztatu eta drainatze zuloa miatu.

Hostaila egunero lainoztatu, inguru hezea maite du.

Eguzki-galdatan badago, koloreak ahuldu egingo zaizkio eta landare osoa zimeldu egingo da.

Aire-korronteetatik urrutiratu.

Neguan ez ahaztu, 15ºC-tik gora egon behar du.

Loreontzian estu-estu dagoenean, handixeago batean landatu edo zatitu eta banatu.

Lurra berritzeko luar edo simaur ondua erabili.

Ureztaketarako euri ur epela erabili.

Hostoak tarteka oihal heze batez igurtziz garbitu.

Hostoak zimeldu ahala ipurdi-ipurditik ebaki.

Distiratsu jartzeko produkturik ez erabili, ezta erosterakoan saltzaileari botatzen utzi ere, erraz erre baitaiteke. 

Barrukoa
Argia

Erdi itzalean egotea komeni zaio. Zuzeneko eguzkia ordu gutxi batzuk jasan dezake.

Tenperatura
termometroa 18-26℃ artean

Epeleko landarea da. Gustukoena 18ºC eta 26ºC artean biziko da. Gutxienez 15ºC behar ditu. Beroak hostoen hazkundea sustatzen du.

Ureztaketa

Lurrari lehortu gabe eusteko moduan ureztatu, baina ito gabe. Lurra ez dadila urez ase, bestela hostoek bere oinarrian duten erraboila tankerakoak usteldu egingo dira. Aire hezea maite du. Beraz, ugari lainoztatu. 

Ongarriketa

Uda partean hilean behin edo bitan ureztaketa urarekin ongarritu. Neguan ez du behar.

Ugalketa

2 urtetikan behin loreontziko lurra aldatu, eta behar badu loreontzi handiagoa eman. Orduan landarea ebaki eta zatitu. Hosto aldaxkak ere erabili daitezke baina zailagoa da; udazkenean hosto osoa ebaki eta lurra eta hondarra nahasketa batean sartu erdiraino, ondo busti eta plastiko batekin estali negutegi bat balitz bezala. Luze joko du itsasteak eta landaretxo berria sortzeak.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora