Asteroko buletina
A zer porru haziak!
Dani Blanco

Zilarreko murkoa

Aechmea fasciata

[Jakoba Errekondo]

Zilarrezko murkoa, Brasilgo Bahia inguruko itsasaldeko basoetatik dator. Rio de Janeirotik 1826an ekarri zen Europara. Bromeliazeoen familiakoa da eta horietako gehienak bezala, zuhaitzen adarretan itsatsirik bizi da. Uraren eta elikagaien hornikuntza inguruko hezetasunetik eta adarretan pilatutako hondakin organikoetatik dator. Euri ura erdiko zuloan biltzeko eran garatzen ditu hostoak eta inguruan aire hezea maite du; berogailuaren aldamenean ez ipini.

Deskribapena

Zuhaitzen adarren gainean bizi denez, zainak oso ahulak ditu eta zurtoinik ez. Uztai itxurako hostoak oinetik sortzen dira. Bilo zurixkaz estalita dago. Erdiko zuloan larrosa koloreko braktea multzo ikusgarri batean lore txiki urdinak sortzen ditu. Lorea emandakoan hil egingo da. Ordurako oinean landaretxi txiki berriak izango ditu. 

Barietateak

Aechmea fasciata Hostoetan bilo zurixka eta lore multzo arrosa ditu.

Aechmea fasciata "Variegata"  Hostoetan marra laruak ditu luzetaka. 

Aechmea fasciata "Discolor"  Hosto berdeak ditu. Txikiagoa da eta lore multzoa gorria du.  

Gaitzak eta izurriteak

Onddoak: hostoen oina, azpitik usteltzen hasten da. Ur gehiegi duelako sortzen da. Lorapotoko lurra lehor mantendu. 

Kotxinila: hostoetan itsatsirik bizi da. Alkoholez bustitako kotoi batez igurtziz kendu. Kontuz egin, hostoko biloari eutsi, ahal den neurrian. 

Trikimailuak

Hostoetako bilo edo iletxoak ez ditu alferrik. Sekula oihal edo esponjaz ez garbitu eta kendu. Gehienez brotxa bigun batez, arin-arin.

Zilarrezko murkoa 4-5 urte loratu gabe egon daiteke, eta loratu ondoren hil egiten da. Mantentzeko, ipurdian sortzen zaizkion landaretxo berriak landatu behar dira.

Hosto arteko zuloa ureztatu behar da, ura gelako tenperaturan eduki eta euri-ura bada hobe.

Neguan, inguru hotzean baldin badago (13ºC-tik behera), ez ureztatu.

Barrukoa
Argia

Erdi itzalean gustura bizi da. Sekula ez leku ilunetan; ezta eguzkiak zuzenean jotzen duela ere. 

Tenperatura
termometroa 12-22℃ artean

12-22ºC inguruan. Hortik kanpo, handiegiak ez diren gora-beherak jasan ditzake. 

Ureztaketa

Hosto arteko zuloa urez bete eta 2-3 astetik behin berritu. Lurra lehor antzean mantendu. 

Ongarriketa

Ez da beharrezkoa. 

Ugalketa

Landarea loratu ondoren, altsuma berriak sortu ohi dira. Hauetako bakoitza zoikatza, goroldioa eta orbela nahastuz betetako loreontzian landatu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora