Asteroko buletina
Martxo eder eta lehorrak upelak betetzen ditu
Dani Blanco

Zilar huntza

Scindapsus pictus

[Jakoba Errekondo]

Asia hego-ekialdetik, Bangladesh eta Filipina artetik zabaldua da mundura. Scindapsus, huntzaren antzeko landare igokari baten greko zaharreko izena da, "skindapsos" hitzetik dator. Indian elefante basak bezatu edo otzantzeko erabiltzen den musika tresna bat izendatzeko hitza ere bada. "Pictus" izenak margotua esan nahi du, hostoan dituen orbanak adierazi nahian. Zilar huntza izenak bere bi ezaugarri nagusi biltzen ditu: zilar koloreko hostoak dituen igokaria da. 

Deskribapena

Landare igokaria da. Naturan 12 m baino gehiago luza daiteke. Zurtoinean zehar sustraiak ditu. Hostoak 10-15 cm bitartekoak, luzangak eta bihotz formakoak, distira arraro bateko berde iluna eta tarteka orban berde argiak dituztenak dira. Loreak espadizeak dira. 

Barietateak

Scindapsus pictus "Argyraeus" Hosto txikiagoak eta orban nabarmenagoak ditu.

Scindapsus pictus "Trebie" Hosto handiagoak eta zilar-kolore biziagoa du. 

Scindapsus pictus "Exotica" Hosto handiak eta orban handiak ditu, hostoari itxura nabarra emanez. 

Scindapsus pictus "Silvery Anne" Hosto handiak eta orban nahasiak ditu. 

Gaitzak eta izurriteak

Botritisa: onddo h onek, hostoak zimurtu eta usteldu egiten ditu. Erasotutako hostoak ebaki eta kendu. Hezetasun gutxiago beharko du, bai lurrean baita inguruan ere.

Zorria: hostopean eta kimu berrietan, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka kendu. 

Kotxinila: hostopean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den lapa antzeko intsektua da. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu. 

Armiarma gorria:izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu, zimeldu eta erorrarazi egiten ditu. Hostaila maiz ihinztatzea da prebentziorik onena.

Trikimailuak

Aire-korronteetatik babestu.

Hostaila mardul eta betea nahi baduzu, kimu berriak ugari kimatu, bestela luze eta zarpail itxurakoa izango da.

Lorapoto handiegia ez zaio komeni. Udaberrian aldatu. Ontzian lurra eta luarra edo simaur ondua erdibana duen nahastea da egokiena. 

Zintzilikari bezala erabili ohi da. Euskailuak jarriz gero igokaria izango da.

Negu partean ez jaitsi tenperatura 10ºC-tik behera. 

Gehiegi ez ureztatu. Lurrazala lehortzen utzi, berriro ureztatzeko.

Igokari askok bezala zurtoinean sustraiak garatzen ditu. Beraz, sustraiak dituen adar zati bat moztu eta landatuz ugaltzen oso erraza da. 

Barrukoa
Argia

Landare hau argitasun maila guztietara egokitzen da. Eguzkitan ez eduki, ordea. 

Tenperatura
termometroa 15-22℃ artean

Etxe barruko tenperatura normalak egokiak dira. Negu partean 10-12ºC-tik behera ez eduki eta udan 15-22ºC bitartean ondo biziko da.

Ureztaketa

Neguan oso urri ureztatu; lurraren heze punttuari eusteko adina besterik ez. Udaberria-udazkena bitartean lurrazala lehortu ahala ureztatu. Hostaila ugari lainoztatu. 

Ongarriketa

Lurra berria ondo ongarritu. Hazkunde garaian, bi astetik behin ureztaketa urari ongarri likidoa gehitu.

Ugalketa

Aldaxka zuzenean lurrean sartu edo lehenengo egun batzuetan uretan edukita sustraiak hazi ondoren landatu. Garai egokiena udaberri-uda da.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora