Asteroko buletina
Uzta, eraintzaren saria.
Dani Blanco

Txalupa orkidea

Cymbidium spp.

[Jakoba Errekondo]

"Cymbidum" generoak berroegeita lau espezie eta hibrido ugari ditu, azken horiek Txinako eta Indiako espezieen hibridaziotik sortutakoak. Berez, Himalaia, Txina, Japonia et Asiako eskualde tropikaleko orkideak biltzen ditu. Cymbidum izena grekoko kumbé (ontzia, kopa) hitzetatik datorrela eta -idium atzizki txikigarriarekin "txalupa txikia" da, itxuraz, espezie batzuetan lorearen azpiko labeloan edo ezpainean ontzi tankerako forma bat baitu. Hortik txalupa orkidea. 

Deskribapena

Txalupa orkideak epifitoak dira, hau da, beste landareen adarren gainean bizi dira. Sasi-erraboiletan sortzen ditu hostoak multzoka. Hosto luzeak bi errenkadetan daude erraboila bakoitzean eta urte batzuk irauten dute. Hosto ihartuen oinarria bertan geratzen da. Loreak zurtoin batean daude. Sepaloak eta petaloak antzekoak, meheak eta mamitsuak dira; hirugarren labeloa, izena ematen dion ontzia duena, oso ezberdina da. Polinizazioaren ondoren kolore biziko hazi ugari dituen kapsula glabroa sortzen da. 

Gaitzak eta izurriteak

Zorria: Landare honen arerio nagusia, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka-banaka kendu.

Kotoi-kotxinila: intsektu honen larbak kotoi antzeko babes bat du. Intsektu garatuak, hostoan itsatsita izerdia zurrupatuz bizi diren oskoldunak dira. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu. 

Armiarma gorria: hostopean aurki daiteke. Txiki eta gorri-gorria da. Izerdia zurrupatzen du, hostoak horitu eta zimelduz. Garbitzen oso zaila da. Intsektizidaz tratatu.

Trikimailuak

Aire-korronteetatik urrundu.

Urteko hilabete gehienetan kanpoan ederki biziko da, itzaletan beti. Negu-neguan babestu edo gela fresko batera eraman.

Berogailuetatik eta zuzeneko eguzkitik urrundu. Baina toki ahalik eta argitsuenean jarri.

2-3 urtetik behin luberritu. Loraldiaren ondoren. Orkidea behar duen oinarria ez ba benetako lurra. Onena pinu azal koskorrak, bustin koxkorrak, hostoak, goroldioa eta egur ikatza nahastea da. Landareari eustea da bere lan garrantzitsuena. 

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Argi asko behar du, baina sekula ez jarri eguzki-galdatan. 

Tenperatura
termometroa 10-30℃ artean

Gutxienez 10ºC, egokiena 18-25ºC baina nahikoa hezetasun baldin badu 30ºC inguruan ere ederki biziko da. Loratzeko tenperatura hotzak sentitu behar ditu, gero epeltzean loratuko da. 

Ureztaketa

Lurrari heze eutsi, baina ito gabe; bestela usteldura onddoek laster erasotuko baitiote. Tarteka hostaila lainoztatu. Ontzia oso osorik uretan sartu daiteke busti on bat emateko. Ontziaren azpian ura duen beste bat jarri, landarearen ingurua heze egon dadin. Kanilako ura baino hobea da euritakoa. 

Ongarriketa

Urari nahaste zaion ongarri likidoa erabili daiteke hostoak lainoztatzean ongarritzeko. Ur berarekin busti ondo loreontziko lurra. 

Ugalketa

Hostoen azpiko aldean sasi-erraboilak ditu eta luberriztatzerakoan edo loraldiaren ondoren lurretik atera eta gutxienez hiru sasi-erraboil dituen zatitan banatu eta landatu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora