Asteroko buletina
Nor bere tenporako, arbia abenduko
Dani Blanco

Sagu-isatsa

Peperomia caperata

[Jakoba Errekondo]

Zalantzagarria, baina itxura guztien arabera brasildarra da. "Peperomia", grekoko "peperi" (piper) eta "homois" (antz) hitzetatik dator. Genero honetako landare batzuek, benetako piper-landarearekin antza dute. "Caperata" hitzak zimurtua esan nahi du, bere hostoaren itxuragatik. Honexeagatik gazteleraz, besteak beste, "intxaur azala" esaten diote. Sagu-isats izena, aldiz, bere lore multzoen formatik hartua du. 

Deskribapena

10-15 cm-ko landare bildua da. Hostaila trinkoa du; 2-5 cm luze, eta normalean obatua den eta nerbiazio sakona duten hosto berde distiratsuez osatua. Hosto-txortenak gorriztak dira.

Lore zuri txikiak txorten luze baten muturrean kokatutako isats tankerako galburu luzeetan bilduta garatzen dira. 

Barietateak

Peperomia caperata "Tricolor" Hostoen ertzak zuri-arrosak ditu. 

Peperomia argyreia Hosto mamitsua eta nerbio artean zilar-kolorea dituena. 

Peperomia griseoargentea Hostoaren gainaldeak zilarrantzeko distira metalikoa du. 

Pepromia griseoargentea "Nigra" Nerbioak berde ilun-ilunak ditu. 

Gaitzak eta izurriteak

Zorria: hostopean eta landarearen zati samurretan, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka kendu.

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu eta zimelarazi egiten ditu. Erasoa eragozteko hostaila lainoztatu edo inguru hezean eduki.

Kotxinila: hostoan edo honen txortenean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den lapa antzeko intsektua da. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu. 

Botritisa: gehiegizko ureztaketaren ondorio da. Onddoaren eraginez txortenaren ipurdia usteldu eta hostoak makurtu eta erori egiten dira. Gutxiago ureztatu, toki lehorragora eraman eta fungizida batez tratatu. 

Trikimailuak

Eguzkiak hostoak erre ditzake.

Sekula ez gehiegi ureztatu eta draina egokia duela ziurtatu. Ureztatu ondoren azpiko platera hustu.

Inoiz lurra aldatu gabe ere iraun dezake. Udaberrian aldatu (neguan inoiz ez) eta lur arina jarri (luarra edo simaur ondua eta hondarra).

Neguan toki hotzegian badago, hosto puntak arretu egingo dira.

Haize-korronteetatik urrundu. 

Barrukoa
Argia

Argia asko behar du, baina eguzki-galdatan ez jarri. Argi artifizial hutsarekin ere ederki bizi ohi da. 

 

Tenperatura
termometroa 15-20℃ artean

Barruko tenperatura normalak. Negu partean 10ºC inguruan biziko da, baldin eta ureztaketa ia hutsera ekartzen badugu. Udan 22ºC-tik gora ez eduki; bestela laster hilko baita. 

Ureztaketa

Uda partean 10 bat egunetik behin (neguan erdia). Beti ur biguna erabili, karerik gabekoa edo euri-ura. Ureztatzean hostoak ez busti, azpiko plateratik ematea onena; eta oso noiz-behinka ihinztatu (udako egun lehorretan besterik ez).

Ongarriketa

Maiatza eta iraila bitartean hilean behin ureztaketa urari ongarri likidoa gehitu. 

Ugalketa

Udaberrian edo uda hasieran hosto osoko aldaxkak landatu, lur epel eta hezean. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora