Asteroko buletina
Nahiz ilzahar, nahiz ilberri, emaiozu hazia eguraldi onari

Potosa

Epipremnum aureum

[Jakoba Errekondo]

Asia tropikaletik dator. Landare igokaria da eta zurtoinean nonahi sustraiak luzatzen ditu, ea zeri heldu eta ea non itsatsi, gehiago luzatzeko aukera izateko. Gaztetan eta heldutasunean ematen dituen hostoak desberdinak dira. Loreontzietan bizi diren potosak ez dira loratzen. Epipremnum grekoko "epi" (gainean) eta "prenanom" (enborra) hitzetatik dator eta landarearen ohitura igokaria aipatzen du. 

Deskribapena

Potosa landare igokaria da. Zurtoinean zehar aireko sustraiak ditu. Ingurune egokian oso luze gara daiteke. Naturan 12 m eta gehiago hazten da. 15 cm inguruko hosto luzanga eta bihotz-formakoak ditu. Berde ilun distiratsuak dira noizbehinka orban hori-laru luzexkak dituztelarik. 

Barietateak

Epipremnum aureum "Marble Queen" Espezie normala baino ahulxeagoa da. Hostoen orban laru nabarmenak ditu.

Epipremnum aureum "Golden Queen" Hostoak ia erabat horiak dira, orban berde batzuk dituztelarik. 

Epipremnum aureum "Tricolor" Hostoak berde argi eta ilun, hori eta laruak dira, koloreak nahastuta daudelarik.  

Gaitzak eta izurriteak

Botritisa: onddo honek, hostoak zimurtu eta usteldu egiten ditu. Erasotutako hostoak ebaki eta kendu. Hezetasun gutxiago beharko du, bain lurrean bai hostailan.

Zorria: hostopean eta kimu berrietan, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka kendu. 

Kotxinila: hostopean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den lapa antzeko intsektua da. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu. 

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu, zimeldu eta erorrarazi egiten ditu. Hostaila maiz lainoztatzea da prebentziorik onena. 

Trikimailuak

Aire-korronteetatik babestu.

Hostaila mardul eta betea nahi baduzu, kimu berriak ugari kimatu, bestela luze eta zarpail-itxurakoa izango da. 

Loreontzi handiegia ez zaio komeni. Udaberrian aldatu. Ontzian lurra eta luarra edo simaur ondua nahastea da egokiena. 

Zintzilikari bezala erabili ohi da. Euskailuak jarriz gero igokaria izango da. 

Negu partean ez jaitsi tenperatura 10ºC-tik behera.

Gehiegi ez ureztatu. Lurrazala lehortzen utzi, berriro ureztatzeko. 

Igokari askok bezala zurtoinean sustraiak garatzen ditu. Beraz, ugaltzen oso erraza da. 

Barrukoa
Argia

Landare hau argitasun maila guztietara ohitzen  da. Eguzkitan ez eduki, ordea. 

Tenperatura
termometroa 15-20℃ artean

Etxe barruko tenperatura normalak egokiak dira. Negu partean 10-12ºC-tik behera ez eduki eta udan 15-22ºC bitartean ondo garatuko da. 

Ureztaketa

Neguan oso urri ureztatu; lurrari heze eusteko adina besterik ez. Udaberria-udazkenera bitartean lurrazala lehortu ahala ureztatu. Hostaila ugari lainoztatu. 

Ongarriketa

Lur berri ondo ongarritu. Hazkunde garaian, bi astetik behin ureztaketa urari ongarri likidoa gehitu. 

Ugalketa

Aldaxka zuzenean lurrean sartu edo lehenengo egun batzuetan uretan edukita sustraiak hazi ondoren landatu. Garai egokiena udaberria-uda da. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora