Asteroko buletina
Apiril euritsu, urte belartsu.
Dani Blanco

Poinsetia edo Pazko lorea

Euphorbia pulcherrima

[Jakoba Errekondo]

Mexikotik 1834an Europara ekarria, gaur egun ia mundu guztiko tropiko epeletan aurki daiteke. "Euphorbia" generoaren izena Mauritaniako Juba II erregeraren medikua izan zen Euphorbosen omenez jarritako da. "Pulcherrima" izenak politena edo ederrena esan nahi du. Poinsetia esaten zaio, lehen Poinsettia pulcherrima zuelako izen zientifikoa. Pazko lorea edo Eguberri lorea ere esaten zaio, izan ere orain urte sasoi horretako diru aparretan saltzen da batik bat landare hau. Hosto berdeen gaineko loreen braktea gorriak juxtu ordurako ireki ditzan teknika zorrotza erabiltzen da. 

Deskribapena

Neguan edo udaberrian lorealdeia amaituta hosto guztiak galtzen dituenean, zurtoin guztiak 10 cmn utziz ebaki eta lorapotoa ia erabat lehortzen utzi toki ilun batean. Maiatz-ekain inguruan landarea lurretik atera eta lorapoto berean lur berri ongarrituan landatu eta ugari ureztatzen hasi. Hilean behin ureztaketa-urari ongarri likidoa gehitu. Kimu berriak berehala sortuko dira. Hauetatik 4-5 sendoenak aukeratu eta besteak ebaki eta kendu. Azken hauek aldaxka gisa ugaltzeko erabili ditzakegu. Eguberrietan loreak inguratzen dituzten hosto antzeko brakteak izatea nahi baduzu, urrian hasieratik landarea ilunpetan jartzea nahikoa da. Plastiko beltzez edo kaxa batez egunero 14 orduz landarea erabat estali. Honek loreak garatzea eragiten du, eta braktea gorri deigarriak loreekin batera haziko dira. Landareari ilunpealdi hau eman gabe beti hosto berdeak izango ditu eta zurtoinak luzatu ahala kimatzea komeni da. 

Barietateak

Euphorbia pulcherrima "Tapestry" Hostoak bi kolorekoak ditu, berde eta laru. 

Euphorbia pulcherrima "Ice Punch" Braktea gorriek erdiko nerbioaren ingurua zurizta dute.  

Euphorbia pulcherrima "Marble Star" Brakteak arrosak dira eta ertza zuri kolorekoa dute. . 

Gaitzak eta izurriteak

Botritisa: hostoen ertzak lehortu, zimurtu eta usteldu egiten dira eta behekoak erortzen hasten dira. Landarea erosterakoan kontuz! Behe-behetik hostoak dituena hartu. 

Euli txuria: hostopean biltzen diren euli txiki txuri ugariak dira. Izerdia zurrupatzen dute. Intsektizidaz tratatu. 

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz hostoa horiztarazi egiten du. Hostoak maiz ihinztatzea da prebentziorik onena. Intsektizidaz tratatu. 

Trikimailuak

Pazko lore erosterakoan ondo miatu behar da. Behealdeko hostoak falta baditu, hosto zimelak baditu edo batez ere braktea gorrien artean dauden lore txiki hori-berdexkak zabalduta baditu, ez erosi! Braktea edo hosto gorrien arteko loretxoak itxi-itxiak dituen landarea hartu, sasoialdia hilabete luzeagoa izanen du-eta.

Aire-korronteetatik urruti ipini. Argitasun faltak eta tenperatura gora-beherek hostoak erortzea eragiten dute.

Inguru hezea behar du. Hostoak maiz lainoztatu. 

Argitasun handia behar du, batez ere braktea gorriak ireki ondoren. 

Izerdia latexaren antzekoa du eta toxikoa da. Kontuz . Begietara edo zaurietara ez hurbildu. 

Barrukoa
Argia

Sasoi aktiboan, loraldia barne, argi asko behar du. Atsedenaldian eta hurrengo sasoiko hosto berrien sorreran itzalean egon behar du. 

Tenperatura
termometroa 7-25℃ artean

Loreak inguratzen dituzten braktea gorriak dituenean 12ºC-tik behera ez eduki. Hosto berdeak besterik ez dituenean tenperatura freskoxeagotan bizi daiteke. 

Ureztaketa

Lurra ondo busti. Pixka bat lehortzen den arte ez berriro ureztatu. Hostoak zirpildu edo zimeltzen hasten badira, ura beharko du. Hostoak maiz lainoztatu. 

Ongarriketa

Lurra aldatzean, ongi ongarritutako lur berria jarri. Sasoi berriaren hasieran (uda amaieran eta udazkenean) hilean behin ureztaketa urari ongarri likidoa gehitu. 

Ugalketa

Urte guztian baina batez ere udaberrian eta uda hasieran aldaxkak lur heze eta epeletan landatu.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora