Asteroko buletina
Orirtete, arto ereitte; orerorte, gariereitte; Sanlorentzôta, arbiereitte.
Dani Blanco

Piku igokaria

Ficus pumila

[Jakoba Errekondo]

Asiako ekialdea (Txina, Japonia, Vietnam...) eta Australia ditu jatorri. Ficus, pikondoaren latinezko izena da. "Pumila" izena latineko pumilus hitzetik dator eta nanoa esan nahi du. 

Deskribapena

Piku igokaria, landare igokaria eta itsaskorra da. Gehiago igo ezin duenean eta heldutasunera iristen denean loreak dituzten kimu edo puja bereziak garatzen ditu. Loreontzietan bizi direnek heldutasunera iritsi ez direnen hostoak dituzte: 1-2,5 cm bitarteko luzera, bihotz-formakoak edo obatuak eta nerbio nabarmenekin. Heldutasuneko hostoak 5-10 cm luzekoak eta eliptikoak dira. Fruituak, horizta-berdexkak eta udare itxurakoak dira (5 cm). 

Barietateak

Ficus pumila "Arina" Hosto berde ilunak ditu. 

Ficus pumila "Sunny" Hosto berdearen ertza larua da.

Ficus pumila "White Sunny" Hosto berdearen ertza zurizta da.

Ficus pumila "Variegata" Hosto berdearen ertza argia du. 

Gaitzak eta izurriteak

Kotxinila: hostopean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi da. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu. 

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu, zimeldu eta erorrarazi egiten ditu. Hostoak maiz lainoztatzea da prebentziorik onena. Erasoa gogorra bada, intsektizidaz tratatu. 

Trikimailuak

Inguru hezea behar-beharrezkoa du. Egunero hostaila ihinztatu. 

Maiz ureztatu baina ur gutxi erabiliz; hau da, lurra ito gabe, baina ez lehortzeko moduan.

Argitasun asko behar du. 

Loreontziz aldatzerakoan, nahiz berean mantentzen bada ere, udaberri-partean lur berria jarri. 

Aire-korronteak saihestu.

Nahi adina kimatu eta ebakitako zatiak aldaxka gisa landatu, ugaltzeko. 

Barrukoa
Argia

Argia asko behar du baina zuzeneko eguzkirik ez. Toki ilunegian soildu egingo da. 

Tenperatura
termometroa 10-16℃ artean

Beroa behar du, baina ito gabe; tenperatura epeletan bizi da gustuen, 10-16ºC inguruan. Toki beroegietan (22ºC-tik gora) hostaila zimeldu egingo zaio.

Ureztaketa

Landare honen ureztaketa "gutxi baina maiz" esaerarekin adierazi daiteke. Lurrari heze eutsi behar zaio eta hostaila egunero lainoztatu.

Ongarriketa

Uda partean, hilean behin, ureztaketa urari ongarri likidoa gehitu. Lurra berritzean (urtero edo gehienez biz behin) erruz ongarritu. 

Ugalketa

Udaberrian, luar eta epelean, aldaxkak landatu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora