Asteroko buletina
Abenduko laino lanbrotsuak, sagar asko ekarri.
Dani Blanco

Palmondo horia

Dypsis lutescens

[Jakoba Errekondo]

Madagaskarreko ekialdeko kostaldeko sail hondartsuak ditu jatorrizko lurraldeak. Dysis izenaren jatorria ezezaguna da; zenbaitek uretara murgiltzearekin edo urpean ibiltzearekin lotzen du, agian itsasaldekoa delako... Lutescens izenak hori antzeko kolorea esan nahi du; lore zortenaren zorroa, hosto txortena eta errakia edo hostoaren erdiko nerbioa urre kolore antzekoak ditu. Hortik datorkio, baita ere, palmondo horia izena. Palmondo dotorea da oso. Kanpoan ere landatu daiteke, baina oso toki babesean. 

Deskribapena

Naturan 10 m-raino garatzen den palmondo hau, 2-3 m-raino hazten da loreontzian. Zurtoin multzoa izan ohi du. Hostoak makurtuak, pinatuak, 90-180 cm luze eta estipea horixka eta hostoska linealak dituztenak dira. 

Barietateak

Dypsis generoan 60tik gora palmondo espezie biltzen dira. Bere ezaugarri berezienetakoa da, beste palmondo ia denek ez bezala, enborrak adarkatu egiten direla. 

Gaitzak eta izurriteak

Zorria: hostopean eta zurtoin marduletan izerdia zurrupatuz bizi ohi da. Banaka-banaka kendu. 

Kotxinila: hostopean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den eta lapa antzeko oskola duen intsektua da. Alkoholez bustitako kotoi batez kendu.

Zaineko kotxinila: lurpean, zainetara itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi da. Lurra dena kendu eta sustraietako kotxinilak kendu.

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu eta zimelarazi egiten ditu. Erasoa eragozteko hostaila maiz lainoztatu eta inguru hezean eduki.  

Trikimailuak

Drainatzea garrantzitsua da. Ura zurtoinetan geratzen bada laster hilko da.

Hostaila lainoztatzeaz ez ahaztu eta inguru bero eta lehorrean (berogailuak, aire egokitua, eta abar daudenean) maizago.

Hostoak garbitzeko belaki heze bat erabili. Sekula ez produktu kimikorik. 

Hostoak zimeldu ahala ebakita kendu, ez tiraka.

Kontuz aire-korronteekin.

Zuzeneko eguzkiarekin kontuz. Erraz jasan dezake, baina ez ordurik beroenetan.

Uda partean kalera ateratzen badugu, pixkanaka ohitu eta ez bat-batean.

Landarea asko haztea nahi badugu, ontzi oso handitan landatzea nahitaezkoa da. 

Barrukoa
Argia

Argitasun  handia behar du. Zuzeneko eguzkitan ere egon daiteke egunean 2-3 orduz.

Tenperatura
termometroa 10-25℃ artean

Hazkunde sasoian tenperatura egokiena 15-25ºC  bitartekoa da. Neguan 10-15ºC bitartean eduki. Horrela atsedenaldi egokia izango du. 

Ureztaketa

Neguan zenbat eta hotzago, hainbat eta urriago ureztatu. Udan lurrazala lehortu ahala ureztatu. Hostaila miaz lainoztatu. 

Ongarriketa

Hazteko sasoian, udaberri-udan, hilean behin urari ongarri likidoa gehitu. 

Ugalketa

Udaberri hasieran hazia erein, 26ºC inguru behar ditu eta ugaltzea zaila da. Landarea zatituz ere ugaldu daiteke. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora