Asteroko buletina
Maiatzak euria laket.
Dani Blanco

Otoitz landarea edo hiru koloreko maranta

Maranta leuconeura var. erythroneura

[Jakoba Errekondo]

Brasil eta Venezuela aldeko baso tropikaletik dator. Maranta izena Veneziako Bartolomeo Maranti botanikariaren ohorezko izena da. Leuconeura izenak adierazte du arrasto zuriak dituela, hostoen ezaugarria dena. Erythroneura izenak barietate honen hostoen ezaugarri bat jasotzen du, arrasto gorriak dituela, alegia. Eguneko erritmoa duen landare bitxia da. Egunez hostoak zabal-zabal eginda egoten dira; gauen argirik ez denean, aldiz, altxa eta zutik jartzen dira. Jokabide horregatik, otoitzean ariko balira bezala ikusten zuten, eta hortik otoiz landarea izena. Hiru koloreko maranta, aldiz, hostoetan biltzen dituen hiruengatik da: zuria, gorria eta berdea. 

Deskribapena

Marantaceae familiako landare honek oin ugari du, bertatik hosto zabal obaloak garatzen ditu, hiru kolorekoak: berdeak, zuriak eta gorriak eta nahiko distiratsuak dira, zabalera haziak edota makurtuak. Hostoak nerbio nagusi zuritik ertzeranzko orban gorriak ditu. Azpialdetik zurbilxeagoak. Loreak zuriak dira eta galburutan elkartuak. Hosto txortenetan hosto-kuxinak edo pulbinuluak ditu, horiekin gauzatzen du egun argitik gauerako mugimendua. 

Barietateak

Maranta leuconeura var. kerchoneura Hosto borobilagoak ditu, gorri kolorerik gabeak eta 6-8 orban ilunekin. 

Gaitzak eta izurriteak

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz hostoak horiztatu eta zimelarazten dituen armiarma txiki, gorri-gorria da. Hostoak ugari lainoztatzea da prebentziorik onena. Eraso gogorra bada, intsektizidaz tratatu. 

Kolenboloak: zainak jaten dituzte. Loreontzia hustu, sustraiak denak ongi garbitu eta luberrian landatu. 

Esziaridoen larbak: lurra urez aseta dagoenean azaltzen dira. Ureztaketa urritu eta loreontzia drainatzeko zuloa libratu. Lur azala miatu eta harrak kendu. 

Trikimailuak

Hostoa ertzetik kiribildu eta zimeltzen hasten bada, lurra lehorregi dauka. 

Hostaila egunero lainoztatu. Horrek armiarma gorrien erasoa eragozten laguntzen du.

Eguzki-galdatan badago, koloreak ahuldu eginggo zaizkio eta landare osoa zimeldu egingo da. 

Aire-korronteetatik urrutiratu.

Neguan ez ahaztu, 15ºC-tik gora egon behar du. 

Lurra berritzeko luar edo simaur ondua erabili.

Ureztaketarako euri ur epela erabili.

Hostoak tarteka oihal heze batez igurtziz garbitu. 

Hostoak zimeldu ahala ipurdi-ipurditik ebaki. 

Distiratsu jartzeko produkturik ez erabili, ezta erosterakoan saltzaileari botatzen utzi ere, erraz erre baitaiteke. 

Barrukoa
Argia

Erdi itzalean egotea komeni zaio. Eguzkitan koloreak ahuldu egiten zaizkio. Neguan eguzkiak zuzenean joko ez duen gela argitsu batean eduki. 

Tenperatura
termometroa 15-20℃ artean

Epeleko landarea da. Gora-behera nabarmenek landarea zapuztu eta hondatu egiten dute. Gutxienez 15ºC behar ditu. 

Ureztaketa

Lurrari beti heze eusteko moduan ugari ureztatu, baina ito gabe. Lurra ez dadila urez ase. Aire hezea maite du. Beraz, ugari lainoztatu. 

Ongarriketa

Uda partean hilean behin edo bitan ureztaketa urarekin ongarritu. Neguan ez. 

Ugalketa

2 urtetik behin loreontzia aldatu. Orduan landarea ebaki eta zatitu. Hosto pare bateko aldaxkak, inguru heze eta beroan erraz sustraitzen dira. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora