Asteroko buletina
Amabirjina martxokoan kuku, Sanpedrotan mutu.
Dani Blanco

Oihaneko kaktusa edo Eguberri kaktusa

Schlumbergera x buckleyi

[Jakoba Errekondo]

Brasildik zabaldu da mundura kaktus ezagun hau. Landare hibridoa da, hortik izenean "x" hori. Londresko lorezale Wibraham Buckleyk sortu zuen 1849an Schlumbergera truncata eta Schlumbergera ruselliana hibridatuta. "Schlumbergera" izena XIX. mende amaierako frantziak kaktuszale zen Frédèrc Schlumbergeren ohorez du. "Buckleyi" aldiz, landarearen sortzaile izan zenaren ohorez. Genero honetako kaktusei oihaneko kaktusa deitzen zaie zuhaitzen gainean bizi direla eta Eguberri kaktusa, sasoi horretan loratzen direlako.

Deskribapena

30 cm  luzeko adar markurtuak, eta 5 cm x 2,5 cm-ko lakaina punta-kamuts eta oxkardunetan zatituak ditu. Loreak, neguan irekitzen dira banaka adarren amaieran. 57 cm luze dira, petaloak oinean soldatuak ditu, gero kanpoaldera okertuak, lantza formakoak, magenta eta arrosa-purpura bitartekoak. Lorezil hori kanporatu eta nabarmenak ditu. 

Barietateak

Loreen koloreen arabera sailkatzen dira.

Schlumbergera x buckleyi "Bicolor" Ñabardura arrosa eta gorriak ditu. 

Schlumbergera x buckleyi "Joanne" Lore gorriak eta eztarri purpurua ditu.  

Schlumbergera x buckleyi "Noris" Gorri eta purpura da. 

Schlumbergera x buckleyi "Weinachtesfreude" Gorri desberdinak ditu: ahula, iluna eta bizia. 

Schlumbergera x buckleyi "Westland" Arrosa eta gorri arteko ñabardurak ditu. 

Gaitzak eta izurriteak

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, lakainak horiztatu eta zimelarazi egiten ditu. Erasoa eragozteko era onena, maiz ihinztatzea da. 

Kotxinila: adar lakainean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den lapa antzeko intsektua da. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu. 

Zainetako usteldura: itxuraz adarrak zimeltzen hasten dira, lurra hezeegi egonda onddoak sustraiei eraso dietelako. Erasoa eragotzeko lurra "ez ito".

Botritisa: onddo honek adar lakainak usteltzen ditu, eta hezetasun handiegiaren adierazle da. Toki lehorragoan jarri, gutxiago ureztatu eta lainoztatu, erasotutako zatiak ebaki eta fungizidaz tratatuta babestu. Zati sanoak aldaxka gisa erabili eta landarea berritu. 

 

Trikimailuak

Udan bero handiekin sufritu egiten du.

Atsedenaldia (udazkena) gauzatzea garrantzitsua da, hau da, hotza eta lehorra izatea. 

Loratzeko argia murriztea beharrezkoa du. Argi kopuru naturalarekin ondo loratuko da, baina gauez argia pizten den tokian bizi bada ez. 

Udan kanpoan eduki. Sendotzeko komeni da, baina beti itzalean.

Loraldiaren ondoren loreontzi handiago batera aldatu, baina zainak kanpora irteten direnean. 

Zintzilikari gisa erabiltzeko dotorea da. 

Loretan dagoenean ugari ureztatu, lurra lehortzen hasi ahala. 

Lore-begiak agertzen direnetik tokiz ez mugitu; ireki baino lehen loraldia zapuztu egingo bailitzateke. 

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Erdi itzala du gustuko. Sekula ez jarri erabateko ilunpean edo eguzki-galdatan.

Tenperatura
termometroa 0-25℃ artean

Atsedenaldian (udan eta udazken hasieran) kanpoko tenperatura, kotuz bero handiegiekin eta sasoi aktiboan 20ºC inguru. 

Ureztaketa

Atsedenaldian oso gutxi (ia batere ez) ureztatu. Negu hasiera aldera, lore-begiak azaltzen direnean, ugari ureztatzen hasi; lurra lehortu ahala, alegia. Iraila aldera berriro ureztaketa urritu. Sasoi aktiboan, astean behin lainoztatu. Ur gogorrik ez erabili. Euri ura hobe. 

Ongarriketa

Loraldian zehar eta uda amaiera arte, bi astetik behin ongarri pixka bat ureztaketa urari gehitzeak ez dio kalterik egingo. 

Ugalketa

Udan adar lakaina edo zatiak, banaka, binaka edo hirunaka aldaxka gisa landatu. Landare amatik moztu eta egun bat edo bi lehortzen edukita errazago itsasten da. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora