Asteroko buletina
Haltzari ez eska fruituak.
Dani Blanco

Nerbio landarea edo mosaikoa

Fittonia albivenis

[Jakoba Errekondo]

Amazonas ibaiaren goiko aldeko lurraldeetakoa da, baso heze tropikaletakoa, alegia. "Fittonia" izena, 1817an "Conversations on Botany" idatzi zuen Elizabeth eta Sarah Mary Fitton-i zor zaie. "Albivenis" hitzak nerbio zuriak dituela dio. Lehen beste izen batekin sailkatzen zen: "Verschaffeltii" izena berriz, Ambrose Colleto Alexandre Verschaffelt (1825-1886) kameliei buruzko liburu bat idatzi zuen belgikarrari zor zaio. "Angyroneura" hitzak "zilar koloreko nerbiazioa" adierazten du. Acanthaceae familiakoa da eta 1867an ekarri zuten Europara. 

Deskribapena

Landare herrestaria da eta 15 cm-ko altuerara hel daiteke. Hostoiraunkorra da. Hostoak bere nerbioen kolore berizgarriengatik nabarmentzen dira, 7-10 cm artekoak eta arrautz antzekoak dira. Lore txikiek osatzen dituzten galburuek ez dute landarea asko dotoretzen. 

Barietateak

Fittonia albivenis kultibar edo forma ezagun batzuk: "Minima" edo "White Dwarf" txikiagoa da eta hostaila trinkoagoa du; "Superba" hosto berde ilunak eta nervio laruak; "Pearcei" hosto berdeak eta nerbio arrosak; "Josan" hosto arrosak orban berdeekin eta ertza uhindu berdea; "White Star" hosto zuriak eta ertza uhindu berdea. Beste batzuk: "Pink Star", "Red Angel", "Red Star", "Snow Star", "King's Cross", "Pink Diamond" eta "Fortissi-mo".

Fittonia albivenis grupo Verschaffeltii Hostoetako nerbioak arrosak dituzte. 

Fittonia albivenis "Pearcei" Hostoak berde biziagoak eta nerbio arrosak ditu. 

Fittonia albivenis grupo "Argyroneura" Nerbioak zuriak dituzte. 

Gaitzak eta izurriteak

Zorria: hostopean eta kimu berrietan izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektu txikia da. Banaka-banaka kendu edo intsektizidaz tratatu. 

Euli zuria: hostopean biltzen diren euli txiki zuriak dira, izerdia zurrupatzen dute. Urarkin maiz lainoztatuz gero alde egingo dute, hezetasuna ez dute atsegin. Gainontzean intsektizidaz tratatu. 

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz hostoak horiztatu eta zimelarazten dituen armiarma txiki-txikia eta gorri-gorria da. Erasoa eragozteko hostaila maiz lainoztatu edo inguru hezean eduki. 

Trikimailuak

Udaberriko luberritu. Loreontziko drainatze-zulotik urak erraz irten behar du.

Ureztaketa bezain garrantzitsua da hostaila lainoztatzea. Lurra ez dadila erabat lehortu.

Hostaila trinko eta dotorea mantentzeko udaberrian kimatu, adarren puntak soilik moztu.

Hostoak zimurtzen badira, aire-korronteak daudelako, ingurua lehorregi dagoelako edota argitasun gehiegi duelako izango da.

Negua toki fresko samarrean igaro behar badu, oso urri eta gutxi ureztatu.

Gasaren kea ez du batere atsegin. 

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Ez da argizalea, beraz, gutxiago eguzkizalea: erdi itzalean eduki. Neguan txoki argixeagoan egon daiteke. 

Tenperatura
termometroa 18-25℃ artean

Berozalea da, sekula ez eduki 15ºC-tik behera eta ahal bada beti 18-25ºC bitartean. 

Ureztaketa

Lurralde hezeetatik dator eta inguru hezea atsegin du. Udan astean 2 edo 3 alditan ureztatu. Neguan astero edo hamabostero. Lurra ez dadila inoiz lehortu. Euri-ur epela erabili. Hostaila maiz lainoztatu. 

Ongarriketa

Hazkunde sasoian, 2-3 astetik behin ongarri likidoa dosi txikian gehitu. 

Ugalketa

Udaberrian landarea zatitu edo belaunkatu, hau da: adartxo bat lurpera eraman landaretik ebaki gabe, sustratu ondoren ebaki eta landatu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora