Asteroko buletina
Ekaina bustitu, gure nausia kexu
Dani Blanco

Neorregelia hiru-kolorea

Neoregelia carolinae "Tricolor"

[Jakoba Errekondo]

Brasilgo Bahia inguruan du jatorria. "Neoregelia" grekoko "Neo" (berria) eta San Petersburgoko Lorategi Botaniko Inperialeko zuzendaria zen Albert von Regel-en (1815-1892) ohorez ipinitako "Regelia" izeneko hurbileko beste genero batetik dator. Hasieran Regelia deitu zitzaion, gero Aregelia eta azkenean Neoregelia. Bide horretan dago zenbaitek oraindik landare honi argelia deitzearen arrazoia. 

Deskribapena

Bromeliazeo guztiek bezala, oso sustrai ahulak ditu eta zurtoinik ez du. Uztai-formako hosto luzeak (40 cm artekoak) oin baten inguruan garatzen dira. Larrukarak dira eta ertz horztuna dute. Ertz ingurua berde bizia da eta erdialdea larua. Erdiko zulo inguruko hosto motzak gorrizta deigarriak dira. Zulo horretan lore txiki urdinskak garatzen ditu braktea gorri bizien gainean. 

Barietateak

Aipatutak Neoregelia carolinae "Tricolor" kultibarraz gain bada beste mordoxka bat, hona batzuk:

Neoregelia carolinae "Meyendorf" Hosto berde argitsuak ditu, arroseta nahiko lauak. Loratze garaian erdialdeko hostoek kolorea aldatzen dute gorri bizi deigarri batera. 

Neoregelia carolinae "Flandria"  Marra zuri-zurixkak eta horixka marroiak ditu hostoen ertzetan zehar. 

Neoregelia carolinae "Tricolor Perfecta" Marra hori eta gorri koloreko ugari du hostoak erdian. 

Neoregelia carolinae "Marechalii" Landare ttikiagoa da eta erdiko hostoek kolore gorri bizi-bizia hartzen dute. 

Gaitzak eta izurriteak

Onddoak: hostoen oina, azpitik usteltzen hasten da, botritisa edo antzeko onddoren baten eraginez. Loreontziko lurra lehor mantendu. 

Kotxinilla: hostopean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den lapa antzeko intsektua da. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu. 

Trikimailuak

Neoregelia, bromeliazeo gehienak bezala, lurrean bizi beharrean, beste landareen arba eta enborretan itsatsirik edo zintzilik bizi ohi da. Bere ur eta elikagaien hornikuntzan ingurua eta airea, lurra baino garrantzitsuagoak dira. Hostaila, erdiko zuloan euri ura biltzeko eran garatzen du. Beraz, horrela ureztatu. 

Hezetasuna maite du. Erradiadoreetatik urrundu.

Urtetan loratu gabe egon daiteke, baina loratuz gero hiltzen hasten da (1 edo 2 urte iraun dezake). Tarte hau da ugaltzeko aproposa ipurdiko altsumak bereizi eta udan landatuz. 

Hosto arteko erdiko zuloa ureztatzean, gelako tenperaturan dagoen ura erabili, eta euri-ura bada hobe. 

Neguan inguru hotzean badago (13ºC-tik behera), ez ureztatu.

Hostoak lehortzen badira, maizago ureztatu eta lainoztatu.

Hosto ilunek argi gutxiegi duela adierazten dute. 

Barrukoa
Argia

Argia maite du. Ez jarri sekula leku ilunetan: ezta eguzkiak zuzenean jotzen duela ere. 

Tenperatura
termometroa 12-22℃ artean

12-22ºC inguruan. Hortik kanpo, handiegiak ez diren gora-beherak jasan ditzake. Hobe bero aldera jo hotzera baino. 

Ureztaketa

Hosto arteko zuloa urez bete eta 2-3 astetik behin berritu. Lurra lehor antzean mantendu. Tarteka lainoztatu eta busti. 

Ongarriketa

Ez da behar. 

Ugalketa

Landarea loratu ondoren, ipurdi aldean altsuma berriak sortu ohi dira. Hauetako bakoitza luarra edo simaur ondua, goroldioa eta horbela nahastuz betetako loreontzian landatu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora