Asteroko buletina
Lantxerra (lanbroa) martxoan noraino, apirilean elurra haraino.
Dani Blanco

Mutuaren kanabera

Dieffenbachia seguine

[Jakoba Errekondo]

Ameriketatik dator. Landare guztiak bere azalean duen gai bati esker miazkatu edo kosk eeginez gero ahoa erretzen du, hortik izena, izan ere denbora baterako ahotsa galtzeraino eragin dezake. Horrexegatik Brasilen "menderaezina" esaten diote. Dieffenbachia izena Vienako lorategi botaniko bateko lorezaina zen Johann Friedrich Dieffenbachen ohorez jarria du. 

Deskribapena

Kanabera itxurako enbor mamitsu batean, peziolo zorrogilea duten obatu-luzanga formako hosto mamitsuak ditu. 1,5 m-raino gara daiteke. Hostoak ertza berde bizia du eta erditik kanpoaldera orban horizta zabalak ditu. Espezie honetako barietate ugari dago, garapenaren edota hostoen orban koloreen arabera. 

Barietateak

Dieffenbachia maculata "Camille" Argazkikoa. Kolore berdea ertz-ertzean eta erdia zuri-laru kolorekoa. Itxura bizi-bizia du.

Dieffenbachia maculata "Amoena"  Kolore berdearen gainean nerbiazioak kolorea zurizta du. 

Dieffenbachia maculata "Rudolph Roehrs" Kolore berdea ertz-ertzean eta nerbiazioan besterik ez du. Bestela hostoa erabat horizta da.  

Dieffenbachia maculata "Splendens"  Hostoak ia erabat berdeak ditu, orban zuri eta txiki ugarirekin.  

Dieffenbachia maculata "Exotica" Txikienetakoa da; 45 cm-raino garatzen baita. Hosto berde ilunak eta orban txiki ugari (zuri edo berde oso argiak) ditu. 

Gaitzak eta izurriteak

Zorria: hostoetan bizi ohi da, izerdia zurrupatuz. Oihal batez kendu. Intsektizidaz tratatu. 

Armiarma gorria: landarean, nonahi aurki daiteke. Txiki eta gorri-gorria. Izerdia zurrupatzen du, hostoak horitu eta zimelduz. Garbitzen oso zaila da. Intsektizidaz tratatu. 

Kotxinila: hostoen itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi den oskolduna da. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu. Intsektizidaz tratatu. 

Trikimailuak

Azalean pozoia duenez kontuz erabili, eskularruak jantzi beti.

Bere izerdia toxikoa da. Haur eta animaliekin, kontuz!

Udaberriko lur berria, ondo ongarritua, eskertuko du.

Argitasun gutxi badu, hostoetako marrazkia ahuldu eta berde jarriko dira. 

Ureztaketa ura ongarritzea ez ahaztu.

Hotza jasan behar badu, lurrari lehor eutsi. 

Ura asko behar du, baina lurra ez ito. Bestela hostoak lizundu eta ipurdia usteldu egingo zaio. 

Aire-korronteak ditu aeriorik kaltegarrienak.

Neguan gutxixeago ureztatu eta ur hotzik ez erabili; eman aurretik tokiko tenperatura eraman. 

Sekula ez jarri eguzkiak zuzenean jotzeko moduan, hostoak erraz erretzen zaizkio.

Neguan 15ºC-tik behera ez eduki. 10ºC-raino ere biziko da, baina beheko hostoak agudo galduko ditu. 

Neguan berogailu eta erradiadoreetatik urrundu, erre ez dadin.

Hostoak ugari lainoztatu uda osoan (eta neguan berogailua dagoen tokian bizi bada).

Barrukoa
Argia

Argitasuna behar du, baina zuzeneko eguzkirik ez. Uda partean, erdi itzalean eduki dezakegu.

Tenperatura
termometroa 15-25℃ artean

Beroa behar du. 22ºC inguru da onena, eta sekula ez 15ºC-tik behera. 

Ureztaketa

Ur asko behar du (neguan gutxixeago). Lurrazala lehortzenb denean ureztatu. Hostoak ere lainoztatu behar dira. 

Ongarriketa

Hazkunde garaian bi astetik behin ureztaketa urarekin ongarritu. Lur berrira aldatzean ere, hau luarrez edo simaurrez ongarritu. 

Ugalketa

Ipurdiko altsumak kendu eta landatu. Luzatu bada, inausi eta enbor zatiak aldaxka gisa landatu lur heze eta beroan. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora