Asteroko buletina
Bizitza baratze bat da, lurpetik azaleratu ezazu
Dani Blanco

Madagaskarko dragoi-zuhaitza

Dracaena reflexa "Angustifolia"

[Jakoba Errekondo]

Izenak dion eran, Madagaskar uhartetik dator. Dragoi-zuhaitza izena grekoko "drakaina" (dragoi emea) hitzetik datorkio, izan ere Kanariar Uharteetako bere senide Dracaena draco landarea dragoi bat zela uste zen. Reflexa izenak hosto eroriak dituela dio eta angustifoliak hostoak estuak direla. Landare dotorea da, baita gogorra ere, etxe barruetarako oso egokia. 

Deskribapena

Enbor mehe, luze eta gogorra du. Muturrean hosto estu luzeek erroseta osatzen dute. Barietate honen izenak dionez, hiru kolore ditu luzetaraka bereiziak hostoetan; berde argia, larua eta arrosa-gorrizta. Oso astiro, baina 2 m-raino gara daiteke. 

Barietateak

Dracaena reflexa "Angustifolia" Izenaren sinonimoa da Dracaena marginata eta oraindik ere asko erabiltzen da. 

Dracaena marginata"Bicolor"  Hosto berdeek ertza gorria dute. 

Dracaena marginata "Colorama" Ertz gorriak nabarmenak dira, hostajeari itxura gorria emanez.  

Dracaena marginata"Tricolor" Hosto berdeko marra gorriak eta horiak ditu.  

Gaitzak eta izurriteak

Kotoi-kotxinila: Intsektu honen larbak kotoi antzeko babes bat du. Intsektu garatuak, hostoan itsatsita izerdia zurrupatuz bizi diren oskoldunak dira. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu. 

Armiarma gorria: hostopean aurki daiteke, Txiki eta gorri-gorria da. Izerdia zurrupatzen du, hostoak horitu eta zimelduz. Garbitzen oso zaila da. Intsektizidaz tratatu. 

Trikimailuak

Kontuz, eguzkia zuzenean jo ez dezan.

Lurra ez dadila erabat lehortu. Baina ezta ere itota eduki.

15ºC-tik behera sekula ez jarri, hostoak agudo galduko ditu-eta.

Gehiegi luzatzen denean, gupidarik gabe ebaki eta kendutako zatia ugaltzeko erabili. Moztutako tokian erraz berrituko da.

Izurriteak atzeratzeko hostajea urez lainoztatu, hezetasuna ez dute maite.

Bi urtez behin udaberrian loreontzi handixeagoan landatu. Sekula ez handiegian. Tarteko urtean lurrazala berritu. Beti lur beltz eta luar edo simaur nahasketa erabili. 

Normalean hostoak bigarren urtean horitu eta erori egiten dira. Horrela beti palmondo itxura hartzen dute. Janaria nahikoa badu hosto gehiagori eutsi ahalko dio. 

Barrukoa
Argia

Argia ugari behar dute, baina eguzkitan erre egiten da. 

Tenperatura
termometroa 15-20℃ artean

15-20ºC bitartean gustura bizi da. 10ºC-rainoko tenperaturan ere biziko da, baina hostoak galdu egingo ditu. 

Ureztaketa

Udaberri-udan ura dezente behar du, baina lurra lehortu arte ez ureztatu eta ondoren beheko ontzia hustu. Negu partean lurra lehor samar utzi. 

Ongarriketa

Ongarri-hauts edo pinportak lur berriari nahastu. Hazkunde garaian ureztaketa urari 2-3 astetik behin ongarria gehitu. 

Ugalketa

Beldurra gabe enborra ebaki eta 6-8 cm-ko zatiak landatu lur epe hezean. Puja berriak erraz garatzen dira ebakitako enborrean eta landatutakoetan. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora