Asteroko buletina
Martxoan haize, sagardian lore
Dani Blanco

Krotona

Codiaeum variegatum "Pictum"

[Jakoba Errekondo]

Malasya eta Polinesia aldetik datorrela diote, baina benetan naturan ez da ezagutzen. 2-3 m-ko zuhaixka egin daiteke. Izerdi esnetsua du eta ukituz gero erre dezake. Kolore eta forma ugariko hostoak ematen dituzte, beti deigarriak. Landarea handitzen denean hostoen oinetan loretxoak ematen ditu. Kaledonia Berriko kanak herriarentzako landare honek beraien asaba zaharrak irudikatzen ditu. 

Deskribapena

Jatorriko basoetan metro pare bat baino gehiago garatu ohi den zurtoin baten inguruan lantza formako hosto larrukarak ditu. Kolore askotakoak dira (horiak, berdeak, gorriak, laranja kolorekoak eta hauen nahaste posible guztietakoak). Eurforbiazeo familiakoa denez, izerdi esnetsua edo latexa du. 

Barietateak

Codiaeum variegatum "Mrs Iceto": hostogorri berdeak ditu.

Codiaeum variegatum "Craigii": gorri iluna da.

Codiaeum variegatum "Eugena Drapps": berde-*horia da.

Codiaeum variegatum "Reidii": berde-arrosa da.

Codiaeum variegatum "Hofuliana": laranja-gorria da.

Codiaeum variegatum "Bravo": hori-berdea da.

Codiaeum variegatum "Golden Ring": berde kizkurra da.

Gaitzak eta izurriteak

Armiarma gorria: hostoak ugari ihinztatzea da prebentziorik onena. Erasoa gogorra bada, hostoak zimeldu eta zimurtu egingo dira. Horrelakoetan intsektizidaz tratatu. 

Kukurutxa: landare zaharretan azal daiteke. Alkoholez bustitako kotoi batez kendu. 

Botritisa: onddo honek usteldu egiten du. Erasotutako hostoak kendu eta fungizidaz tratatu. 

Trikimailuak

Loreontzi handiagoa eta lur berria jarri udaberrian.

Tenperatura oso altua behar du, eta era berean hezetasun handia. Hostoak egunero lainoztatzea da egokiena.

Hotzak, landarea zapuztu eta hostoak erortzea eragiten du, erabat soilduz. 

Uda parteko egun erreetan itzalean eduki.

Neguan lurra urriago busti; hamar bat egunetik behin, gutxi gora-behera.

Barrukoa
Argia

Eguzkitan ederki bizi da, baina galdatan erre gabe. Argitasuna eskasa bada, koloreak ahuldu eta berde jarriko da. 

Tenperatura
termometroa 15-20℃ artean

Berotasuna atsegin du. Gutxienez 15ºC-ra eduki. Tenperatura egokiena 21ºC da.

Ureztaketa

Hezetasun handia behar du lurrean. Neguan gutxixeago. Hostoak maiz ur epelez lainoztatu. 

Ongarriketa

Ugari ongarritu; bai lur berria jartzean, bai ureztaketa ura ere (hilean behin).

Ugalketa

Ez da erraza. Aldaxkak sustraitzeko lurra beroa behar du eta hormonak ere bai. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora